Lehendakariak esan du Japoniara egindako bidaia positiboa eta emankorra izan dela

0
PRUEBA
  • Euskadiko ordezkaritzak hainbat bilera eta ekimenetan parte hartu du. Horiei guztiei esker, Euskadi Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globalaren parte izango da; giza eskubideen eta bakearen aldeko lankidetza-bideak ireki dira Gogora Institutuaren eta Hiroshimako Bake eta Kultura Zentroaren artean eta Euskadi Japoniako industria- eta energia-enpresen agendan sartzea lortu da
  • «Helburu nagusia Euskadi Japoniako gizarteari ezagutaraztea izan da, gastronomiarekin, turismoarekin, kulturarekin eta kirol tradizionalekin lotutako jarduera ludikoen bidez; ziur nago bidaia honek eta aurten egin diren eta garatuko diren gainerako jarduerek Japoniarekiko harremana behin betiko bultzatzeko balioko dutela» -adierazi du Lehendakariak

Iñigo Urkullu Lehendakariak oso modu positiboan baloratu du Japoniara egindako bidaia. Lehendakariarekin batera bidaia ofizialean izan dira, Javier Hurtado, Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Euskadiko industria, gastronomia eta turismo arloetako enpresa ordezkaritza zabala.

Lehendakariak, hasteko, eskerrak eman nahi izan dizkio euskal ordezkaritzari bidaia honetan egindako lan eta ahaleginagatik. Bidaia ofiziala Euskadi-Japonia 2023 ekimenaren baitan kokatzen da eta 50 jarduera baino gehiago hartu ditu bi herrialdeetan. «Euskadik ahalegin handia egin du Japonia herrialdearekin dituen harremanei modu globalean heltzeko» – adierazi du lehendakariak. «Ziur nago bidaia honek eta aurten egin diren eta oraindik garatuko diren gainerako jarduerek gure herrialdeen arteko hartu-emana behin betiko bultzatzeko balioko dutela» -gaineratu du.

Euskal ordezkaritzak, lehendakaria buru, hainbat bisita eta bilera egin ditu astean zehar. Esparru instituzionalean, lan-bilerak egin dira Eraldaketa Digitaleko Estatu ministroekin eta Kanpo Eraldaketarako Estatu ministroekin, bai eta Japoniako Gobernuko Ekonomia ministroordearekin ere; Lehendakariak lan-bilerak egin ditu, baita ere,  Tokio Metropolitanoko gobernadorearekin eta Mie eta Fukushimako gobernadoreekin; udal mailan, bilerak egin dira Toshimako alkatearekin eta Hiroshimako alkatearekin, eta kultura-arloan, berriz, Tokioko eta Hiroshimako unibertsitateko errektoreekin egindako bilerak nabarmendu behar dira. Espainiak Tokion duen enbaxadak antolatutako Kids of Gernika erakusketa ere bisitatu da, eta gaur goizean, erronka demografikoari eta biztanleriaren zahartzeari buruz Japan Research Institute ospetsuak antolatutako lan-topaketa batean parte hartu du Urkulluk.

Euskadi, Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globalaren parte

Tokioko gobernadorearen laguntzari esker, Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globalaren parte izango da Euskadi. Munduko hiri nagusietako batzuk biltzen dituen sarea da, hala nola Tokio, New York, Helsinki, Erroma, Singapur edo Paris. Euskadi sare horretan sartzeak bidea zabaldu die gainerako estatu-azpiko erakundeei. «Sareak urtero egiten dituen topaketetako bat Euskadin egitea eskatu diegu» -azaldu du Urkulluk.

Era berean, oso positibotzat jo du euskara eta euskal kulturari buruzko ikastaroetan ikasle kopuruak izan duen gorakada, baita Gogora Institutuaren eta Hiroshimako Bake eta Kultura Zentroaren artean giza eskubideen eta bakearen arloan irekitako lankidetza-bideak ere. «Ziur asko, Hiroshima eta Gernika (Japon eta Euskadi) dira munduan Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko borroka irudikatzen duten ikur nagusiak» – nabarmendu du Lehendakariak.

Euskadi Japoniako industria enpresen agendan eta japoniarren helmuga turistiko gisa

Japoniako enpresa eta erakundeekin egindako bilerez gain, Euskadiko ordezkaritzak Fukushimako Industria Azokan eta Business Leaders Summiten parte hartu du, Euskadi lurralde berritzaile eta industrial gisa ezagutarazteko. Halaber, txakolinaren eta kontserben ekoizpenarekin lotutako enpresek lan-topaketak egin dituzte banatzaile japoniarrekin, Caprice programaren barruan. Beraz, Lehendakariaren hitzetan, «arlo ekonomikoan, bidaia emankorra izan da Euskadi Japoniako enpresa industrial eta energetikoen agendan sartzeko eta txakolinaren merkatua pixka bat gehiago zabaltzeko».

Turismoaren arloan, beste ekimen batzuen artean, 60 turoperadore baino gehiagorekin lan-jardunaldi bat antolatu da, pandemia ondotik, Euskadi japoniarren helmuga turistiko gisa berreskuratzeko helburuarekin. «Oso bide onean gaude hori lortzeko»- azpimarratu du Lehendakariak.

Azkenik, Basqueweek ekimenari dagokionez, Urkulluk adierazi du helburu nagusia Euskadi Japoniako gizarteari ezagutaraztea izan dela, gastronomiarekin, turismoarekin, kulturarekin eta kirol tradizionalekin lotutako jarduera ludikoen bidez. Lehendakariak eskerrak eman dizkio Toshimako barrutiko alkateari azoka-esparrua jartzeko erraztasunengatik eta emandako laguntzagatik. «Euskadiren erakusleiho txiki bat izan da eta 12.000 pertsona baino gehiago igaro dira azoka-eremutik egun batean» – azaldu du.