Martxan da indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketa

0
PRUEBA

Proiektu artistikoak azaroaren 10a arte aurkeztu daitezke

Udaleko Donostia Gazteriak eta Berdintasunak «Beldur Barik» jarrera sustatzeko tokiko lehiaketa zabaldu dute. Hala, indarkeria sexista eta matxistaren manifestazio anitzak ikusarazten dituzten taldekako proiektu artistikoak aurkezteko aukera izango dute 12 eta 20 urte bitarteko gazteek azaroaren10a arte www.beldurbarik.eus webgunean.

Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen
arte adierazpen motak bultzatzea. Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira. Horrenbestez, “Beldur Barik” proiektuek hau erakutsi behar dute: emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa.

Lehiaketan edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta euskarri digitalean aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, etab.

Zer balioetsiko da
Lanen balorazioan honako hauek hartuko dira kontuan: mezuaren kalitatea (nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka); originaltasuna; begiraden irekiera gazteek beraien egunerokoan bizi dituzten indarkeriaren adierazpenak identifikatzerako orduan; aurkeztutako irtenbidearen ikuspegia eta tonua; eta, euskararen erabilera.

Kategoriak eta sariak
Lehiaketaren hiru kategoriak adinean oinarritzen dira:
1. kategoria: 2010an eta 2011an jaiotakoak (2023an 12 edo 13 urte beteko dituztenak).
2. kategoria: 2005 eta 2009 bitartean jaiotakoak (2023an 14-18 urte beteko dituztenak).
3. kategoria: 2003 eta 2004 bitartean jaiotakoak (2023an 19-20 urte beteko dituztenak).

Sariei dagokienez, lehenengo eta bigarren kategorietan honako hau irabaziko dute: tokiko lehiaketan hirian ospatuko den kirol ekitaldi edo ekitaldi kultural batera joateko sarrerak. Azkenik, hirugarrenean, 300€.

Epaimahaikideen emaitza azaroaren 24an emango da ezagutzera sari banaketa ekitaldian.