Puntako esnekigileak elkartuko ditu ESNEKI azokaren II. edizioak

0

» Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien lehiaketaren bigarren edizioa, XIV. Frisoi Txapelketa, sektoreko profesionalentzat kongresua edota ikastaro herrikoiak izango dira, besteak beste.

» Salgai daude dagoeneko ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ dastaketa gidaturako tiketak eta irekita daude kongresurako eta tailerretarako izenemateak.

ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia azaroaren 3an eta 4an egingo da Tolosan, Tolosako Udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZI-k, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker Esneki Zentroak sustatuta. Bertan erabakiko da Euskal Herriko gazta eta esnekirik onenak zeintzuk diren, eta sektoreko profesionalen bilgune izateaz gain, familia guztiarentzako hainbat jarduera gastronomiko eta hezigarri eskainiko dira.

Tolosako Zerkausian aurkeztu dira gaur prentsaurrean bigarren edizio honen nondik norakoak. Aurkezpenean parte hartu dute Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak; Imanol Zubelzu Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroko koordinatzaileak; Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradun eta ikerlariak; Joseba Otegi I. ESNEKI Txapelketan Euskal Herriko Gaztarik Onenaren Saria irabazitako ekoizleak; Arantza Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak; eta Raul Perez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.

Euskal Herriko gazta eta esneki aniztasunaren erakusle izango da Tolosa beste behin. Hori baita hain zuzen azokaren helburua; esnetik sortutako produktu mota guztiei toki egin eta horiez gozatzea, askotariko hitzorduen bidez. Era berean, esnekigileen lana balioan jartzea bilatuko da.

Eusko Jaurlaritzak esnekigileen sektorearekiko duen atxikimendua berretsi du, hain zuzen, Raul Pérez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak aurkezpenean: “ESNEKI euskal gazta eta esnekiak ezagutu eta dastatzeko erreferentziazko plaza bilakatzera doa, bai bertako herritar zein bisitarientzat, eta baita ekoizleentzat eta industriarentzat ere, horrelako ekintzak garrantzitsuak baitira nekazaritzako elikagaien industria sustatu eta sektorearen lehiakortasuna handitzeko tresna gisa”.

Egonkortzea helburu

Erronka horiekin bat datoz, hain justu, Eliker Zentroaren helburu nagusiak. Bere arduradun Imanol Zubelzuren hitzetan, garrantzitsua iruditu zaie “iaz ESNEKI azokak ireki zuen bidea irekita mantentzea eta proposamena errepikatzea, ekimena egonkortzeko xedearekin. Lehen sektorearekin egiten den elkarlana da topaketa honen funtsa”.

Egitaraua aurkeztu du Zubelzuk, izen-ematea behar duten jardueretan arreta berezia jarriz. Izan ere, esnekigile eta sektoreko profesionalentzat ekimenak antolatzeaz gain, familiei eta interesa duten norbanakoei bideratutako ekintzak ere izango dira.

Bi lehiaketa garrantzitsu

Nekazaritza elikagaien industriarentzat erabakigarriak diren bi txapelketa dira Esneki azokaren epizentroa, azaroaren 4an goizez ebatziko direnak: II. ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Txapelketa eta XIV. Frisoi Txapelketa.

Euskal Herriko zazpi probintzietan ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien txapelketa da lehenengoa, eta Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak eman du zehaztapen guztien berri: zortzi kategoriatan banatuko da lehiaketa; gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak,

ardi-gazta onduak eta jogurtak. Hauetako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik.

Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen duten lehen hirurek jasoko dute saria. Behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango duen ebatziko da. Gazta hori izango da txapeldunen artean txapeldun.

Epaimahaia 30 pertsonak osatuko dute eta produktu bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak baloratuko dituzte: itxura, ehundura, zaporea, usaina eta balorazio orokorra. Beotibar Pilotalekua irekita egongo da lehiaketak irauten duen bitartean, eta sari banaketa eguerdiko 13:00etan izango da.

Euskal Herriko Gaztarik Onenaren I. Saria irabazi zuen iazko ESNEKI-n, hain justu, Joseba Otegi ‘Otzara Goine’ gaztaren ekoizleak, eta lehen sektorean horrelako lehiaketak egiteak nolako garrantzia duen azpimarratu nahi izan du gaurko aurkezpenean.

Oraindik ekoizleren batek lehiaketa honetan izena eman nahiko balu, urriaren 20a baino lehen egin beharko du esneki.eus webgunearen bitartez.

Bestetik, Euskal Herriko XIV. Frisoi Txapelketa egingo da larunbat goizean ere Tolosako Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako abeltzainek hartuko dute parte, eta aurten ere esnetarako behien sektorea, sektoretik kanpoko jendeari hurbiltzea izango da helburuetako bat.

Goizean goiz behiak ileapaindegian nola prestatzen dituzten erakutsiko da, eta txapelketa bera hasiko da ondoren. Sari banaketa 14:00etan egingo da Ferialekuan.

Esperientzia gastronomiko nahiz hezigarriak

Sektoreko profesionalei nahiz publiko orokorrari bideratutako beste hainbat ekimen ere antolatu dira. Esate baterako, azaroaren 3an, ostirala, iaz lehenengoz egindako topaketa sektoriala errepikatuko da Beotibar Pilotalekuan: bertan gaztaren industrian emandako erreferentziazko kasu errealak aurkeztuko dira, baita Euskal Herriko gaztandegi ezberdinak mahai inguru batean elkartu ere. Bertaratzeko izen-ematea ezinbestekoa da.

Dibulgazio eta formazio helburuak dituzten esperientziak ere hartuko ditu egitarau herrikoiak: azaroaren 3an, ostiralean, bi hitzordu izango dira.

Batetik, ‘Errapetik ahorainoko bidea’ esperientzia hezigarria, Tolosako Ferialekuan, 18:00etan. Familia guztiarentzako jarduera izango da, eta behiak jeztetik esnea eraldatu eta produktuak sortu arteko prozesuaren berri emango da. Urrats bakoitza nola egiten den ikusi ahal izango da saioan.

Bestetik, ‘Queso, cultura y gastronomía’ hitzaldi eta dastaketa gidatua eskainiko da arratsaldeko 19:00etan Beotibar Pilotalekuan, esnekien eraldaketaren inguruan hausnartzeko, publiko helduago bati bideratuta. Henri Bile, Alain Torres eta Roberto Ruiz adituek gidatuko dute saioa.
Ferialekuko ikastarorako izen-ematea doakoa da eta esneki.eus-en egin beharko da; Beotibar Pilotalekuko hitzaldirako berriz sarrerak erosi beharko dira 5 euroren truke, webgune berean.

Larunbatean berriz, lehiaketek irauten duten bitartean Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia egingo da Trianguloan eta San Frantzisko Pasealekuan. Euskal Herriko barietate guztietako gaztarik onenak eta esnekiak biltzen dituen azoka berezia izango da, bertaratutakoei horiek dastatzeko eta erosteko aukera emango diena. Guztira 60 postu jarriko dira.

Gainera, iaz arrakasta handia izan zuen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ errepikatuko da: azokako gazta aukera zabal hori ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da Beotibar Pilotalekuan bertan. Ordu erdiko lau txanda eskainiko dira (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez ere 20 pertsonako taldetan banatuta. Leartikerreko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak esneki.eus-en eskuratu daitezke, 5 euroren truke.

Azkenik, Frisoi Elkarteak sustatuta ‘Esnetan’ familia osoarentzako jarduerak eskainiko dira Trianguloan 11:00etan. Bertan txekorren zainketa gunea eta esnekiak eraldatzen ikasteko erakustaldia izango dira. Jarduera honetarako ez da izen ematerik behar.