Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen V. Gazte Planak gazteen emantzipazioa bultzatzea du helburu nagusi

0
  • Sailen arteko mahaia sortu du Jaurlaritzak Ekialde Hurbileko eta Etaineko gatazkaren ondorio eta humanitario eta sozioekonomikoen aurrean neurriak hartzeko
  • Tokiko erakundeetan euskararen erabilera mugatzen duen Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean errekurtsoa aurkeztearen alde agertu da Eusko Jaurlaritza

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Jonan Fernández, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiarekin batera.

Jonan Fernandezek gaurko Gobernu Kontseiluan onartua izan den V. Gazte Planaren  berri eman du. Gazte Plana Eusko Jaurlaritzaren zeharkako gazte-politika bultzatzeko dokumentua da eta 1999tik hona oso tresna baliogarria izaten ari da. Oraingo honetan, V. Gazte Plana berrikuntzekin dator, 2022an onartutako Gazteriaren Legea dela-eta.

Plan berri honek Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko, gazteen garapena errazteko eta gizarte-eraldaketan inplikatzeko hartzen dituen neurriak biltzen ditu, eta gazteen emantzipazioarekiko kezka sakoneko testuinguruan kokatzen da; honen guztiaren ondorioz, gazteen beharrak Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko bihurtu dira. Gazte Planean biltzen den politika integral honen bidez lortu nahi da, 2030erako gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbiltzea (maila horretan kokatzen da Europar batasunaren batez bestekoa, % 50,6, eta emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, erronka 28 urtetik behera izatea.

Era berean, Fernandezek Jaurlaritzak Ekialdeko Hurbileko eta Ertaineko gertakarien jarraipena, aurrea hartzea eta balorazioa egiteko Mahaia sortu du, krisi humanitarioaren aurrean erantzunak bideratzeko eta gerta daitezkeen ondorio sozioekonomikoen aurrean neurriak baloratzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egiten du biztanleria zibilaren aurkako indarkeriako, terrorismoko edo gerrako ekintza oro, Nazio Batuen deialdiekin bat eginez, eta nazioarteko bitartekaritza eta konponbide negoziatuen alde egiten du. Lehendakariak gaurko Gobernu Kontseiluan adierazi duenez, sailen arteko mahaiaren lehen bilera urriaren 24an, asteartea, egingo da, 17:00etan, Lehendakaritzan eta bertan, UNRWA Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak egindako “larrialdi-deialdirako” 500.000 euroko ekarpena egiteko erabakia hartuko da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gazte Plana onartzearekin batera, Gobernu Kontseiluak beste hainbat gai horratu ditu eta horien berri eman du Bingen Zupiria bozeramaileak. Besteak beste, honakoak nabarmendu ditu:

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Euskadin desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna bermatzen duten programak eta zerbitzuak arautuko dituen dekretuari. Dekretu honek zenbatekoak handitzen ditu merkatu arruntean kontratatzeko, lanpostuak egokitzeko, eta babestu beharreko kolektiboak handitzen ditu ere. Dokumentuak lan babestuaren formulari eragiten dio, funtsezkoa bait da desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko. Formula hori legegintzaldi osoan bultzatu da: laneratzeko asmotan dauden pertsonei gizarte- eta lan-ohiturak hartzea errazten dielako, haien enplegagarritasuna hobetzen duelako eta ohiko produkzio-sisteman sartzea errazten duelako.

Era berean gaurko Kontseiluan onartu da Espainiako Gobernuaren Minerva aplikazio informatikoaren erabilerari buruzko eskumen-gatazkan atzera egitea. Aplikazio hori Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozedurak kudeatzeko aktibatuta dago.”Bere garaian, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarri zen, Eusko Jaurlaritzak defendatu zuelako bere tresna propioak zituela dirulaguntzak izapidetzen ari direnen ustezko interes-gatazkak arakatzeko, kontuan hartuta Minerva (Espainiako Zerga Agentziakoa dena) tresna bat dela, hain zuzen ere, interes-gatazkaren arriskua sistematikoki aztertzeko” azaldu du Zupiriak. “Desadostasunaren aurrean, -jarraitu du- 2023ko martxoan, Estatuaren eta Erkidegoaren arteko Bitariko Batzordea ireki zen, 2023rako Estatuko Aurrekontuen Legeari buruzko akordio bat negoziatzeko. Akordio hori Agindu batean garatu zen  eta joan den irailean, bi aldeak ados jarri ziren Bitariko Batzordean: erabaki zen Minerva sistema soilik erabiliko zela Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Planetik eratorritako kontratazio-prozeduretan eta dirulaguntzetan, hau da, kasu horietan bakarrik egingo zutela miaketa”.“Legeari buruzko ezberdintasunak ebaztean, eskumen-gatazka positiboari ere uko egiten zaio, horixe baita Gobernuak gaur hartu duen erabakia” gaineratu du.

Gobernu Kontseiluak gazteriaren artean emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko Beldur Barik erakunde arteko programaren garapenerako eta finantziaziorako Emakunde eta hiru foru aldundien arteko hiru hitzarmen baimentzea onartu du. Beldur Barik ekimenaren barruan ekimen nagusietariko bat lehiaketa da:  12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar duten adierazpen artistikoak saritzen ditu.

Amaitzeko, kultura sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Sota familiaren eta “Sota y Aznar” ontzi-enpresaren artxiboa berreraiki, katalogatu, digitalizatu eta zabaltzea helburu duen Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatuko den hitzarmenari.“Urte hasieran Sota familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi zituen beren funtsen zati handi bat eta Lehendakariak berak funts hauen balio “historikoa” nabarmendu zuen eta azpimarratu zuen gerra zibilaren eta frankismoaren ondorioz sakabanatuta geratu ziren artxiboak berreskuratzea ondare historikoaren kontua dela, memoria demokratikoaren eta justizia demokratikoaren bidean egin beharreko zeregina, hain zuzen ere” adierazi du bozeramaileak. Gaur onartutzat eman den hitzarmenaren bidez, Sota familiaren eta “Sota y Aznar” ontzi-enpresaren artxibo-funtsak formatu irekian katalogatu eta digitalizatuko dira artxibo-sistemarako indarrean dauden arauen arabera.

Prentsaurrekoaren amaieran, hedabideek egindako galderei erantzunez, bozeramaileak adierazi du, udal legearen harira, tokiko erakundeetan euskararen erabilera mugatzen duen Auzitegi Gorenaren gaurko ebazpenaren aurrean Jaurlaritza errekurtsoa aurkeztearen aldekoa dela. Bozeramaileak azaldu duenez, “udal legea 2016. urtean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak akordio zabal batekin, Legebiltzarraren gehiengoaz gainera, legearen alde agertu ziren bai Foru Aldundiak bai eta udal erakundeak ere. Beraz, lege honek izan zezakeen babesik handiena lortu zuen. Eta gero akordioa ere izan zen Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren artean.  Gero etorri da lege horren judizializazioa, alderdi politiko batek helegitea jarri zuenean Euskadiko Auzitegi Nagusian, horregatik diot politikaren judizializazioaren kasu argi baten aurrean gaudela” adierazi du. Gaur onartu den sententzia horrek bidea zabalik uzten du errekurtsoa aurkezteko, beraz, azken hitza zerbitzu juridikoek badute ere,  Jaurlaritza errekurtsoa aurkeztearen aldekoa dela esan du Zupiriak.

Amaitzeko, ofizialak diren beste hizkuntzen harira, bozeramaileak gehitu du “hastera doan legealdi berri honek hizkuntzen legealdia ere izan behar duela, uste dut iritsi dela ordua Espainiako Gobernuak onartu dezan bere baitan gaztelaniarekin batera ofizialak diren beste hizkuntzen izaera, horien normalizazioaren eta erabileraren aldeko apustu sendoa egiteko” esanaz amaitu du.