Nerea Melgosa: «Aurrerapen teknologikoarekin, eskola-jazarpenak eskolako esparrua gainditu du eta, ziberbullyngaren edo zibererasoaren bitartez, etengabea da nerabe askorentzat»

0
  • AGIFES´en jardunaldia Donostiako udaletxean: “Gazteak eta buru osasuna, premiazko erronka”

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, “aurrerapen teknologikoaren ondorioz, eskola-jazarpenak eskolako esparrua gainditu du eta orain ziberbullyngaren, zibererasoaren bidez dago presente etengabeko mehatxu gisa nerabe askorentzat”.

AGIFESek antolatuta Donostiako udaletxean egin den “Gazteak eta buru osasuna, premiazko erronka” jardunaldian, Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, “nerabezaroan bullyngak autoestimuari kalte egiten dio, eta nerabea pentsatzen hasten da ez duela nahikoa balio, eta horrek bizitzari buruzko ikuspegi negatiboa ekartzen dio”.

Ziberbullyngak ezaugarri bereziak ditu, eskola-ingurunetik kanpora gertatzen baita eta helmen masiboa baitu, baita anonimoa ere. Horrek osasun mentalean izan dezakeen eragina suntsitzailea izan daiteke, komentario iraingarri bat edo pertsona bat estuasunean jar dezakeen argazki bat igotzen denean oso azkar zabaldu baitaiteke pertsona-sare batean eta biktimak pentsa baitezake ez duela ihesbiderik. Hortik sortzen dira larritasuna, depresioa, antsietatea eta ideia suizida”, adierazi du.

Cristina Tapiak aurkeztu duen jardunaldian, Nerea Melgosa sailburuarekin batera parte hartu dute Eider Zuhaitz Iztuetak, Andoaingo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrak, eta Nekane Azuabarrenak, AGIFESeko psikologoak eta Zeuk Aukeratu nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko prebentzio eta esku-hartze programaren koordinatzaileak, euren iritziak eta esperientziak azaldu dituzte.

Era berean, Jaione Mujikak, osasun mentaleko arazoak dituen gazte baten amak, eta Mikel Sarmientok ere esku hartu dute. Eztabaidan osasunaren, gizartearen eta hezkuntzaren esparruetan dauden zailtasunak eta beharrak identifikatu dituzte.

Euskadin 2021ean bildutako datuen arabera, 15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar pertsonatatik batek dio “antsietate- edo depresio-sintomak” dituela. “Ideia edo jokabide suiziden” ondorio diren ospitaleratze psikiatrikoek gora egin dutela ere nabaritu da.  2015etik 2020ra bitartean, 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda edo bere buruari lesioak eraginda. Zifra hori aldi horretan gertatutako suizidio guztien % 7,5 da. Gainera, suizidio-kopuruak guztira % 10,2 egin du gora: 2015ean 167 izan ziren eta 2020an 184.

Londreseko King’s Collegeren azterlan baten arabera, nerabezaroan edo haurtzaroan jasaten den ziberbullyngak izan ditzakeen ondorioak hurrengo 40 urteetan ere mantentzen dira depresio edo suizidio moduan. “Egia da bullyngak jokabide suizidak agertzen lagundu dezakeela, baina suizidioa berez faktore askoren ondorioa da eta ezin zaio jazarpenari bakarrik leporatu”, aipatu du Melgosak.

Prebentzioa

Adituak bat datoz adieraztean azken hamarkada hauetan ziberesasoak ez duela nabarmen egin gora, baina nerabeen osasun mentaleko arazoen igoera esponentziala hauteman dela azken 15 urte hauetan. “Igoera hori ezin zaio, beraz, zibererasoari bakarrik leporatu, horren prebalentzia ez baita oso altua. Garrantzizkoa da beste aldagai batzuk aztertzea, horien artean, sare sozialen eragina eta COVID-19aren testuingurua, nerabeen osasun mentalaren panorama osoa modu globalean ulertzeko”, adierazi du sailburuak.

Melgosak gomendatu du “bullyngaren eta ziberbullyngaren aurrean prebentzio eta diziplina anitzeko ikuspegi batetik jardun behar dela, eta gurasoek eta hezkuntzako, osasuneko eta gizarte-laguntzako profesionalek, beste batzuen artean, aktiboki parte hartu behar dutela. Gizarte osoa sentsibilizatuta izatea oinarrizkoa da erronka horri aurre egiteko eta nerabeentzat giro seguru eta osasungarria sustatzeko”.

Sailburuak azpimarratu duen beste alderdi bat izan da beharrezkoa dela gizarteak “substantzien kontsumoaren eta adikzioen prebentzioa” lantzea, nahasmendu mentalak eragin baititzakete eta gizarte-bazterkerian jausteko arriskua areagotu baitezakete”.

Adikzioak

Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean droga-kontsumoak oso maila altuetan jarraitzen du, behera egin duen arren, hipnosedatzaileen kasuan izan ezik. Gainera, Euskadiko 12 urtetik 22 urtera bitarteko ikasleen erdiak baino gehiagok (% 54,6) adierazi du alkohola kontsumitu duela azken urtean, eta ia % 30ek tabakoa. Gainera, % 17,4k kalamua kontsumitzen du.

Droga-mendekotasunen Deustuko Institutuak 11 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei egindako inkesta batek aditzera eman duenez, ikasleek gehiegi erabiltzen dituzte sare sozialak, eta Euskadiko lau nerabetatik batek telefono mugikorrarekiko adikzioa izateko arrisku handia du.

Joko-prebalentzia orokorrek behera egin duten arren, ikasleen % 4,3 arrisku-egoeran dago, eta % 5,7 jokalari problematikoak izan daitezke, eta horietako gehienak mutilak dira. Melgosak azpimarratu du beharrezkoa dela “gizarteak osasun mentaleko arazoak dituzten gazteekiko kontzientzia hartzea, gure begirunea, laguntza eta enpatia adieraziz gizartearen parte sentitu daitezen”.

Nerea Melgosak gomendatu du “estres positiboa, “eustrés” izenekoa, erabiltzea”.  Koronabirusak enpatia baliatzera eta gure egoera desdramatizatzera eta gure barne-indarra finkatzera bultzatu gaitu. Pandemiaren ondorioz, gora egin du gure osasun mentalarekiko interesak, eta horrek kontsulta gehiago izatea ekarri du, gure kulturan hain barneratuta dagoen tabu hori saihestuz, gizaki gisa gure egoera fisikoaz kezkatzeaz gainera gure egoera mentalaz kezkatzea ere normala dela agerian jarriz.  Ez dira psikiatrizatu behar giza erreakzio normalak eta ez dira kendu behar nahasmendu mental larriak dituzten pertsonei zuzendutako baliabideak, gizartean egoera ahulean dagoen eta zerbitzuak eta laguntza jasotzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa baita”.