0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzen ordainketaren atzeraegina hilaren 31n bukatuko da

0
  • Azarotik aurrera, familiek hiru hilabeteko epea izango dute, umea jaiotzen denetik zenbatzen hasita, dokumentazioa aurkezteko
  • Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jada 57.256 eskabide jaso ditu, eta urtea amaitzen denerako 66.000 espedientetara iritsiko dela aurreikusten du
  • Jada eman du 46.364 espediente ordaintzeko agindua

Datorren asteartean, urriaren 31n, amaituko da 3 urtetik beherako umeak hazteko eta mantentzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eskatzeko aurkeztutako eskabideen atzeraeraginezko izaera urtarrilaren 1etik –edo umea jaio zen urtarrilaren ondorengo hilabetetik– ezartzeko epea. Laguntza horiek umeen hezkuntzari, osasunari, elikadurari eta zaintzei lotutako gastuen zati bat ordaintzeko dira.

Azarotik aurrera, beste fase bat hasiko da, eta familiek hiru hilabete izango dituzte, umea jaiotzen denetik, eskabidea egiteko. Eskabidea tarte horretan aurkezten ez bada, laguntzak eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuko dira.

Laguntzak 2023ko urtarrilean abian jarri zirenetik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 57.256 eskabide jaso ditu; horietatik 46.364k jada emanda dute ordaintzeko agindua, eta horrek esan nahi du aktibatuta daudela 34.709 familiari zuzendutako laguntzak –horietako batzuek adingabe bat baino gehiago dute euren kargura–. Gainerako eskabideak adostutako epearen barruan ari dira kudeatzen, hau da, eskabidea jaso denetik sei hilabeteko epean.

Hilean 200 euroko laguntzak umea jaio denetik hiru urte bete artekoak dira.  Hirugarren umearen kasuan (familia ugariak), laguntza hori ehun euro gehiagokoa da hilean, harik eta zazpi urte bete arte. Desgaitasun-egoeran dauden adingabeen kasuan, laguntza bikoiztu egiten da, hau da, 200 euro gehiago hilean.

Alde horretatik, ordaindu diren laguntza guztien % 86 0 urtetik 3 urtera bitarteko seme-alabak dituzten familiei dagozkie, eta % 14 3 urtetik 7 urtera bitarteko hirugarren eta ondorengo seme-alabei.

Bestalde, 4.222 eskabide ukatu egin dira, gehienak adinaren aldetiko eskakizuna betetzen ez zutelako edo bikoiztuta egon direlako.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du aurten 66.000 eskabide bideratzea guztira; 3.250 urritik abendura bitartean jaio edo jaioko diren umeei dagozkie.

Adin-eskakizunak betetzen dituzten Euskadiko familia guztiek kobratu ahalko dute jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko bizikidetzarako zaintza-eskuordetzaren edo tutoretzaren ondorioz euren kargura duten seme-alaba bakoitzeko hileko laguntza.

ESKABIDEAK
JASOTAKOAK ORDAINDUTAKOAK UKATUTAKOAK
ARABA 9.847 8.354 (6.184 familia) 745
GIPUZKOA 19.811 17.054 (12.799 familia) 1.671
BIZKAIA 27.598 20.956 (15.726 familia) 1.806
GUZTIRA 57.256 46.364 (34.709 familia) 4.222

Kontuan izateko:

Umeak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-egoera bat aitortuta badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira (bider bi).

Hileko laguntza jasotzeaz gainera, erditze anizkoitzengatik eta adopzio anizkoitzengatik aparteko laguntza bat jaso daiteke, ordainketa bakarreko laguntza.  Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio anizkoitzaren seme-alaba kopuruaren arabera ezartzen da, bai eta estandarizatutako familia-errentaren arabera ere. Gainera, bateragarria da beste administrazio batzuek xede berarekin ematen dituzten edo ezar ditzaketen beste batzuekin, hala nola kenkari fiskalekin.

Laguntza telematikoki eska daiteke –horretarako, identifikazio-baliabide bat izan behar da, laguntza kanal horren bidez eskatu ahal izateko– edo aurrez aurre. Zuzenean zerbitzuaren ordezkaritzen –EAEko hiru hiriburuetan–, Correos bulegoen edo udalen bidez.

Argibide gehiago nahi duten familiek 945 062 040 zenbakiaren bidez edo umeak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez eskatu ahalko dituzte. Nahi dutenek, laguntza berri honekin zerikusia duen edozein kontu kontsulta dezakete.

Era berean, galde-eskeen atal bat dago www.euskadi.eus/hilekolaguntzak web-orrian.

Informazio gehigarria