4.800 hautagaitik gora batu dira gaur BECen, Hezkuntza Sailaren Lan Eskaintza Publikoko lehen probarako

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Blanca Guerrero Langileen Kudeaketako zuzendariarekin batera, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren izan da gaur goizean, Hezkuntza Sailaren Lan Eskaintza Publikoko proben hasieran. Irakasleen hainbat kidegotan 2.004 plaza betetzeko deitu du Hezkuntza Sailak LEP hau, hala nola Maisu-maistren Kidegoan, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoan eta Musika eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoan.

Urriaren 21ean, 746 plaza Maisu-maistren Kidegorako

Gaur, goiz eta arratsaldeko saioetan, 4.862 hautagai (%79 emakumeak eta %21 gizonak) BECeko 5. pabilioitik igaroko dira, Maisu-maistren Kidegoan sartzeko azterketak egiteko (Haur eta Lehen Hezkuntzarako). Proba hauek bi hautaketa-prozedura desberdinen bidez ari dira egiten: ohiko lehiaketa-oposizio eta aldi baterako enplegua egonkortzeko lehiaketa-oposizioa ( edo lehiaketa-oposizio ez-baztertzailea).

Hezkuntza Sailak 746 plaza eskaintzen ditu (2.004 horietatik) irakasleen kidego honetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetarako: 688 plaza lehiaketa-oposizio arrunteko modalitatean eta 58 plaza  enplegua egonkortzeko oposizio-lehiaketan.

Goiz partean, 9:00etan hasi eta 12:00etara, lehen proba egin dute ohiko lehiaketa-oposizioko modalitatera aurkezten diren maisu-maistrek. Idatziz garatu behar izan dute gai bat, euren gai-zerrendatik ausaz aukeratua. Arratsaldean berriz, beren espezialitatearekin lotutako kasu praktiko bat aurkeztuko zaie, hori ere idatziz garatu beharrekoa. 12:30etan, egonkortzeko oposizio-lehiaketa modalitatean aurkezten direnen txanda izango da, hauek ere Maisu-maistren Kidegorako. Bigarren kasu horretan, proba ez da baztertzailea izango hurrengo fasera igaro ahal izateko. Hurrengo fasea, datorren azaroan hasi ahal izatea aurreikusten da eta bertan, programazio didaktikoaren edo unitate didaktikoaren aurkezpena eta defentsa egin beharko dute hautagaiek, kasuan kasu.

Urriaren 28an, 1.258 plaza

Datorren larunbatean, urriaren 28an, leku berean egingo dira Lan Eskaintza Publiko honetako gainerako irakasle-kidegoetarako deitutako 1.258 lanpostuetarako probak:

– Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa: 1.245 plaza

– Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoa: 9 plaza

– Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa: 4 plaza

Horretarako, 2.737 hautagai hurbilduko dira datorren larunbatean BECera, %60 emakumeak eta %40 gizonak. 1.258 plaza horiek, Maisu-maistren Kidegorako deitzen direnak bezala, arestian aipatutako bi prozeduren bidez beteko dira.

Hautaketa-prozesu hau aurrera eramateko eta ebaluatzeko 83 epaimahai eratu dira, 400 espezialista inguruk osatuak (aipatutako irakasle-kidego guztietarako, eta urriaren 21 eta 28ko probetarako).

Egonkortze-prozesua; behin-behinekotasuna %5etik behera

Urriaren 21ean eta 28an BECen egingo diren probak, pauso berri bat dira Hezkuntza Saila hainbat deialdiren bidez egiten ari den egonkortze-prozesu zabalaren baitan. Langileen artean bitartekotasuna murrizteko eta sare publikoko ikastetxeei egonkortasuna emateko helburua dute deialdi hauek. Deialdi horietako gehienak merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez ari dira egiten (merezimendu lehiaketa).

Zehazki, eta merezimenduak aitortzeko sistema horren bidez, irakasleen 3.300 plaza baino gehiago egonkortu dira dagoeneko; eta abian da Hezkuntza Berezirako 520 plaza egonkortzeko prozesua, merezimendu-lehiaketa bidez azken hau ere. Era berean, laster hasiko da sukaldeko eta garbiketako langileak egonkortzeko prozedura, 480 plazarekin.

Horrela, egonkortze-prozesu hauek amaitzen direnean, irakasleen behin-behinekotasun tasa %5etik beherakoa izango da egiturazko plazetan, Europar Batasunak ezarritako helburuaren azpitik ( % 8).

Gogoratzekoa da, gainera, 2023-2024 ikasturte honen hasierarekin, joan den irailaren 1ean karrerako funtzionario gisa mila irakasle inguru (901) sartu direla Hezkuntza Sailean –dagokien probaldia gainditu ondoren–, 2021eko ekainean egindako LEParen bidez plaza lortu ostean.