‘Kazetaritza euskaraz’ unibertsitate diplomaren sortzeari buruzko lankidetza hitzarmena izenpetu da Baionan

0

Euskararen Erakunde Publikoak, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak (IJBA – Université Bordeaux Montaigne) elkarrekin lan egin dute ‘Kazetaritza euskaraz’ Unibertsitate Diploma sortzeko. Lankidetza hitzarmena ofizialki izenpetu da Baionan.

Alternantzian eginen den bi urteko formakuntza profesionalak, diploma bat eskuratzeko aukera emanen die ikasle-aprendizei. Formakuntza zikloak hiru eremutan gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasle-aprendizei: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza.

Hitzarmena sinatu dutenen esanetan “gaur egun, hedabideetan euskararen presentzia garatzen ari da, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako, baita gehienbat frantsesez jarduten duten hedabideetan euskarari ematen zaion lekuari esker ere. Hala ere, hedabideetan euskararen presentzia eta erabilpena garatzeko politikek eta gogoek, euskaldun profesionalak kontratatzeko zailtasunekin egiten dute topo.”

‘Kazetaritza euskaraz’ Unibertsitate Diploma prozesu luze baten emaitza da, 2019an Euskararen Erakunde Publikoak lurraldeko komunikabideak biltzen dituen lantalde bat abian jarriz hasi zena. Lantalde horrek datozen urteetarako kazetari euskaldunen behar handia identifikatu zuen.

Joan den hilean abiatu zen formakuntza. Lehen promozioak etorkizuneko 11 kazetari formatzen ditu.