Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua lagun duela, egin da gaur goizean emakumeak Ertzaintzan sartu zireneko 40. urteurreneko ekitaldia (1983-2023). Ekitaldian Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua ere izan dira, bai eta Eusko Legebiltzarraren, EAEJANren, Fiskaltzaren, Emakunderen, Udaltzaingoaren, Nafarroako Foruzainen, Esquadra Mossoen eta beste hainbat erakunderen ordezkariak ere.
Omenaldia familia-argazkiekin hasi eta bukatu da. Lehenengoa, une hauetan Ertzaintzan maila altueneko lanpostuak betetzen dituzten emakumezko agenteekin atera dute: intendenteak, komisarioak, komisariordeak eta ofizialak; azkenekoa, 1983ko lehenengo promozio hartako emakumeekin. Guztiak jada erretiroa hartuta daude Ertzaintzatik. Horien izenean, Ana Caldero Frandejas agenteak esku hartu du, eta berriz jantzi du galako uniformea lehenengo promozio hartan 94 emakume Arkauten sartu ziren egun seinalatutik, 1983ko martxoaren 8tik, hasita 40 urte hauetako historia gogora ekartzeko.
Ekitaldian aktibo dauden 5 agenteri egindako elkarrizketatik abiatuta egin den erreportajearen aurrerapena proiektatu da. Agente horietako bakoitzak Ertzaintzaren historiako 40 urte horietako hamarkada ezberdin bateko promozio bat eta unitate bat ordezkatzen dute:
- Ana, emakumeen lehenengo promozioa, urtea. Agente jubilatua.
- Ruth, 11. promozioa, urtea. Polizia Zientifikoaren Unitateko agentea.
- Mari Cruz, promozioa, 2005. urtea. Trafiko Unitateko agentea.
- María, promozioa, 2011. urtea. Zaintza eta Erreskate Unitateko agentea.
- Naike, promozioa (azkena), 2022. urtea. Herritarren Segurtasuneko praktiketako agentea.
Emakumeak 40 urte Ertzaintzan: 1983-2023
Ertzaintzaren dokumentu-artxiboetan dauden datuen arabera, 1983ko martxoaren 8an sartu zen garai hartan Arkauteko Poliziaren Euskal Akademia deitzen zenean, Ertzaintzako agente gaien bigarren promozioa. Emakumeak sartu ahal izan ziren lehenengo promozioa izan zen; izan ere, aurrekoan, 1982koan, emakumeek ez zuten izena emateko eskubiderik izan, ezinbesteko baldintza baitzen soldadutza eginda izatea.
Emakume aitzindarien promozio hartan 94 emakume baino ez ziren sartu (% 14,7), gizonak 543 izanik (% 85,2) Arkauten formakuntza jasotzera, eta alde horrek % 70etik gorako arrakala suposatzen zuen. Laurogeiko hamarkadako Jaurlaritzak ez zuen aurreikusi emakumea Ertzaintzan sartzeko aukera, eta, berez, lehengo promozio hark Arkauteko egoitzetan eraberritze-obra batzuk egitera behartu zuen Akademia, bi sexuetako ikasleak hartu ahal izateko.
Formakuntza gainditu zutenean, lehenengo emakume horiek 1983ko urriaren 19an sartu ziren Ertzaintzan, eta belaunetik beherako gora edo praka-gona, galtzeta finak edo leotardo gorriak eta takoi baxuko zapatak janzten zituzten. Uniformearen barruan poltsa ere eman zitzaien. Une historiko horretako emakume horien lehenengo lanetako bat, euren destinoetara iritsi aurretik, 1983ko abuztuan Bilbon gertatu ziren uholde larrietan herritarrei laguntzeko eta garbiketako lanetan parte hartzea izan zen.
Ertzaintzaren bigarren promozio horretatik aurrera, emakumeak ondorengo promozio bakoitzean eta guztietan egon dira. Guztira 31 promozio izan dira, eta azkena datorren azaroaren 10ean aterako da gaur egun Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia denetik. Promozio berri honetan, oraindik behin-behinekoak diren zifren arabera, 126 emakume (% 31,7) eta 271 gizon (% 68,3) sartuko dira Ertzaintzan, eta emakumeen eta gizonen arteko arrakala, beraz, % 36,6ra murriztuko da, orain dela 40 urte zegoen aldearen erdira.
2026ko helburua: Ertzaintzan sartzen diren emakumeak % 40 izatea
Eusko Jaurlaritzaren ustez, finkatuta dago Ertzaintzaren promozio berrietan emakumeen presentziaren oinarria % 30ekoa izatea, baina oraindik ere ez da nahikoa. Horregatik jarri du abian “Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026”, emakumeek polizia-kidego batean duten presentzia hauek kidegoan sartu aurretik igotzea helburu duen dokumentua.
Plan horrek zeharkako eta diziplina anitzeko 45 neurri zehatz proposatzen ditu emakumeek gaur egun Ertzaintzan duten azpiordezkaritza jatorritik zuzentzeko, 2026an Ertzaintzan sartzen diren emakumeak % 40 izatea lortu arte. Neurri horietako batzuk dira:
- Hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek bete behar dituzten lanpostuen ehuneko progresiboa erreserbatzea legeak baimendutako % 40ko gehienekora iritsi arte: 2022. urtea, % 33; 2023. urtea, % 35; 2024. urtea, % 37; 2025. urtea, % 39; eta 2026. urtea, % 40.
- Proba fisikoak hautaketa-prozesuaren hurrengo deialdira atzeratzea baldin eta emakumeak erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran badaude.
- Sarbide-probak lau urtez behin berrikustea genero-ikuspegitik, datu zientifikoetan eta neutraletan oinarrituta.
- Lanaren ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin lotuta emakumeek dituzten premia espezifikoak aztertzea.
- Ertzaintzako irakasleen artean emakume gehiago izan daitezen bultzatzea.
- Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izandako sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezar dadin sustatzea. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.
- Herritarrei zuzendutako neurriak, esate baterako, Ertzaintzari buruz diseinatzen diren komunikazioak, ikus-entzunezko materialak eta publizitate- eta sentsibilizazio-kanpainek genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala barne hartzea. Emakumeen presentzia bermatuko dute, unitate ezberdinetan lanean ari diren emakumezko ertzainen erreferente normalizatuak izateko. Edota ertzain-lanbideari buruzko zabalkundea bultzatzea emakumeekin, Batxilergoko, LHko eta Unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekintzen bidez.
ARGAZKI HISTORIKOAK “Emakumeak Ertzaintzan”
Emakumearen egungo ordezkaritza Ertzaintzan
(Jabetzan betetako lanpostuak, 2023ko urria)
Sexua | Emakumeak | % | Gizonak | % | Guztira |
Agentea | 1.019 | % 17,92 | 4.668 | % 82,08 | 5.687 |
Agente lehena | 78 | % 11,03 | 629 | % 88,97 | 707 |
Ofizialordea | 10 | % 7,87 | 117 | % 92,13 | 127 |
Ofiziala | 25 | % 14,29 | 150 | % 85,71 | 175 |
Komisariordea | 3 | % 5,17 | 55 | % 94,83 | 58 |
Komisarioa | 3 | % 7,32 | 38 | % 92,68 | 41 |
Intendentea | % 0,00 | 9 | % 100,00 | 9 | |
Praktiketako agentea | 201 | % 30,83 | 451 | % 69,17 | 652 |
Musika Banda | 2 | % 15,38 | 11 | % 84,62 | 13 |
Guztira | 1.341 | % 17,95 | 6.128 | % 82,05 | 7.469 |
Gaur egun, emakumeak % 17,95 dira Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan, eta emakumeen batez besteko adina 40 urte da. Zehazki, 1.341 emakume ertzain daude aktibo: 1.019 oinarrizko eskalako agenteak dira, 78 agente lehenak, 35 ofizialak edo ofizialordeak, 3 komisariordeak, 3 komisarioak, 2 fakultatiboen eta teknikarien eskalakoak eta 201 gaur egun praktiketan ari diren agenteak. Nahiz eta une hauetan 2 emakume dauden intendentetarako gaituta, ez dago plaza hori jabetzan duen emakumerik, Ertzaintzako eskalarik altuena izanik.
Destinoari dagokionez, gero eta handiagoa da emakumeen presentzia ertzain-etxeetan. Oriako eta Hernaniko ertzain-etxeetan une hauetan % 28,03 eta % 27,71 dira, hurrenez hurren. Bestalde, emakumeen ehuneko handiena duten unitateak dira Aginte eta Kontrol Zentroak, % 35,8rekin, eta Polizia Zientifikoaren Unitatea (% 37,65), eta gaur egun 32 emakumek eta 53 gizonek lan egiten dute bertan. Beste destino espezializatu batzuetan, esate baterako Txakur Unitatean, emakumeen presentzia duela gutxi 8 emakumera iritsi da, eta unitate horretan % 21,05 dira, beraz.