Lehendakariak eskualdeko PERTEak premiaz  aktibatzea proposatu du Europako funtsak produkzio-sarera iris daitezen

0
  • «Europako funtsen eskutik trantsizio ekologikoan, digitalean eta sozialean aurrera egiteko aukera historikoa dugu, eta etorkizuneko aukera honen aurrean gazteen ekarpena enpresetan zein erakundeetan ezinbestekoa da”- ziurtatu du Lehendakariak
  • Urkulluk nabarmendu du familia-enpresa gure Herriaren bereizgarria dela, eta Euskadik pertsona ekintzaileak behar dituela, ekiten, inbertitzen eta arriskatzen dutena pertsonak, herrialde batek aurrera egiteko ezinbestekoak direlako, gizartearentzat aberastasuna eta enplegu-aukerak sortzen baitituzte

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Familia Enpresaren XXVI. Kongresu Nazionalaren inaugurazioan izan da.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, familia-enpresa gure herriaren bereizgarria da, eta balioan jarri du familia-enpresaren arima; izan ere, «ekitea ez da batere erraza, hastapenak zailak dira eta jarduera urteetan mantentzea are zailagoa da», adierazi du. Hori dela eta, eskerrak eman dizkie familia-enpresei euren ahaleginagatik eta arima eta nortasun hori eguneroko ekintzetan agertzeagatik, inbertituz, aberastasuna sortuz eta gure gizartearentzat enplegu-aukerak sortuz. «Euskadik aurrerapauso hori emango duten pertsonak behar ditu, pertsona ekintzaileak behar ditu, ekiten, inbertitzen eta arriskatzen dutenak. Herri bakar batek ere ezin baitu aurrera egin ekarpen hori gabe, bultzada eta erabakitasun hori gabe «adierazi du Lehendakariak. Hori dela eta, familia enpresek euskal erakundeen babesa dutela ziurtatu du Urkulluk, «lankidetza publiko-pribatuaren eredua partekatzen dugu».

Trantsizio ekologikoan, digitalean eta sozialean aurrera egiteko Europako Funtsak

Hitzaldiaren azken zatian, Europak ekologia, digitalazioa eta gizarte trantsizioan aurrera egiteko tresna gisa abian jarritako Europako Funtsak izan ditu hizpide Lehendakariak.

Urkulluk ziurtatu duenez, Europak zehaztutako hiru trantsizioetan aurrera egiteko aukera historikoa dugu aurrean: trantsizio ekologikoa, digitala eta soziala, eta gazteen protagonismoa funtsezkoa da arlo horretan. «Euskal gazteriak gure herrian eraiki nahi du bere etorkizuna, eta ezinbestekoa da gazteen ekarpena enpresetan eta erakundeetan. Lan-baldintza onak, etengabeko prestakuntza eta kontziliazio-aukerak eskaini behar dizkiegu » azpimarratu du Urkulluk.

Funtsei dagokienez, Lehendakariak adierazi du europar funtsak pixkanaka ari direla ekoizpen-sarera iristen. Azaldu duenez, 24,500 milioi eurotik, Espainiako Gobernuak 6.350 milioi euro banatu ditu hiru urte hauetan, % 26 baino ez, eta baliabide horiek erabiltzeko epea 2026an amaituko da.

Horregatik, Lehendakariak proposatu du eskualdeko PERTEak premiaz aktibatzea, Europako funtsak enpresetara, hirugarren sektorera, zentro teknologikoetara eta unibertsitateetara bideratzeko. “Eskualdeko PERTEak aktibatzeko premia dago laguntzak ekoizpen-sarera iris daitezen eraldaketarako proiektuen bitartez, bestela, eskuartean dugun aukera hori galtzeko arriskua dugu», amaitu du lehendakariak.