Lehendakariaren iritziz beharrezkoa da «paradigma aldatzea» berdintasuna gizartean sistemikoki txertatzeko

0
  • Zientziak eta teknologiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapenari egiten dioten ekarpenari buruz Emakundek antolatutako nazioarteko biltzar bat inauguratu du Iñigo Urkulluk
  • Berdinaldia ekimenaren aldeko Herri Itunarekin bat egiteko gonbita egin die herritarrei

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bidez antolatutako «Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu» Nazioarteko Biltzarra gaur eta bihar egingo da Donostiako Miramar Jauregian. Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio nazioarteko, Estatuko eta tokiko adituak biltzen dituen biltzarrari; horretan, dauden genero-desparekotasunak eta -arrakalak jorratu eta zientziaren eta teknologiaren esparruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sistematikoki txertatzeko beharrezkoak diren eraldaketak aztertu nahi dira.

Jarduera 2022ko ekainean aurkeztutako Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunarenesparruan egingo da eta, aurten, haren konpromisoetako bitan jarriko du arreta: emakume eta neskatoen ahalduntzea eta eraldaketa digitala.

Iñigo Urkullu lehendakariak bere aurkezpenean nabarmendu duenez, Biltzar honekin «gogora ekarri nahi da zientzian eta teknologian dagoen genero-arrakala emakumeek eremu horretan duten presentzia eta ikusgarritasun txikiagoaz harago doala; hain zuzen, eremu horren ikuskera androzentrikoa da oraindik ere. Horregatik, paradigma aldatu behar da, berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko». Gainera, lehendakariak adierazi du Euskadi berdintasuna azkarrago lortzeko nazioarteko ekimenekin lerrokatuta dagoela eta ezinbestekoa dela talde-lana; horregatik, euskal gizarteari Herri Itunarekin bat egiteko eskatu dio. Gainera, azaldu du bere gobernuaren helburu nagusia datorren belaunaldia berdintasunaren belaunaldia izatea dela.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak nabarmendu duenez, zientziaren eta teknologiaren arloko eragileen eguneroko jardunean genero-ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak nola ezarri aztertuko da Biltzarrean. Era berean, adierazi duenez, «emakumeek zientzian eta teknologian duten rola eta haien bokazio zientifikoa aitortzea sustatuko da, eta nagusi den maskulinitate-ereduak gaur egungo sistema zientifiko-teknologikoan duen eraginari helduko zaio. Baina, batez ere, zientziaren eta teknologiaren arloko eragile guztien konpromisoa bilatuko duten etorkizunerako proposamenak egingo dira».

Biltzarraren hasierako hitzaldia M. Ángeles Sallék egin du. Sallé Gizarte Zientzietan doktorea eta garapen sozioekonomikoko, berdintasuneko eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua da. Haren hitzaldiaren izenburua Zientzia, teknologia eta berrikuntza berdintasunean, berdintasunez eta berdintasunerako: txipa aldatu behar daizan da, eta adierazi du ezinbestekoa dela txipa aldatzea, «humanitateetatik urrunduta eta osasunaren, hezkuntzaren, zainketen, ingurumenaren eta, azken batean, bizitzaren inguruan gehien dakitenen –emakumeen– protagonismorik gabe garatzen den teknologia bat zibilizazioarentzat arriskutsua delako. Humanismo teknologikoa feminismo dosi handiekin soilik eraiki daiteke». Horrez gain, M. Angeles Sallék adierazi du aldaketak norabide bikoa izan behar duela: «aldaketaren subjektuak ezin dira soilik emakumeak izan (haien jarrerak, gaitasunak, sinesmenak eta autokonfiantza); aldiz, sistema osoa aldatu behar da (egiturak, denborak, hizkuntzak, erabakiak, ageriko eta ezkutuko isuriak), hibridoagoa eta inklusiboagoa bihurtzeko».

Bestalde, Londa Schiebingerrek, Stanford Unibertsitateko katedratikoak eta Gendered Innovation in Science, Health & Medicine, Engineering and Environment ikerketa-arloaren sortzaileak, Genero-ikuspegia duten berrikuntzak: bikaintasuna hobetzea zientzian eta teknologianizeneko hitzaldia eman du. Londa Schiebingerrek adierazi duenez, «diru publikoa erabiltzen bada, ikerketak gizarte osoari egin behar dio mesede. Genero-ikuspegia duten berrikuntzek genero-erantzukizuneko zientzia eta teknologia bultzatzen dituzte eta, hala, munduko pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzen da».

Biltzarraren lehen egunean, halaber, bi mahai-inguru interesgarri egin dira zenbait aditurekin. Pilar Kaltzada kazetaria izan da Emakumeen eta gizonen berdintasuna zientzia eta teknologiari buruzko arau eta politiketan, Europan, Estatuan eta autonomia-erkidegoanmahai-inguruaren moderatzailea. Lehen mahai-inguru horretan, Europako Batzordeko ordezkari Anne Pépin, Zientziaren eta Berrikuntzaren Ministerioko Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendari Silvia Rueda eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkari Cristina Uriarte izan dira.

Ondoren, 12:30ean, bigarren mahai-ingurua egin da, Ekosistema zientifiko eta teknologikoko eragileen berdintasunarekiko konpromisoaizenekoa. Horretan, hauek hartu dute parte: Inmaculada Arostegui, EHUko Ikerketako errektoreordea; Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa; Silvia Rueda, Zientziaren eta Berrikuntzaren Ministerioko Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendaria; Rikardo Bueno, Euskal Partzuergo Zientifiko Teknologikoko (BRTA) zuzendari nagusia; eta Susana Belaustegi, Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren (BIEOF) ordezkaria. Eusko Jaurlaritzaren Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariaga arituko da mahai-ingurua moderatzen.

Arratsaldean lau tailer egingo dira

Gaur arratsaldean Berdintasuna, zientzia eta teknologia. paradigma aldatzea helburu I. Biltzarrak lau tailer egingo ditu 15:00ak eta 18:00ak artean, eta harrera oso ona izan dute. Hauek dira:

  • Bokal berekoia. Hizkuntza-diskriminazioaren oinarri gramatikalak (eta halakoak nola saihestu), generoan eta berdintasunean espezialista den idazle eta dibulgatzaile María Martínekin.
  • Testuinguru zientifikoetako giro toxikoa garbitzeko tresnak: sexu-jazarpenaren eta genero-indarkerien normalizazioaren aurka, Barbara Bigliarekin eta Alejandra Araizarekin (Universitat Rovira i Virgili).
  • Berdintasun Planak ezartzeko erresistentzia nagusiak eta horiei nola aurre egin. GEARING-Roles kasua, María Silvestrerekin eta María Lópezekin (Deustuko Unibertsitatea).
  • Itzaletik agertokira: zientzian ekitatea lortu nahian, Eva Cuestarekin (Bigvanciencia).