Mundu osoko adituak Bilbon bilduko dira Kultura eta Sormen Industrietan berrikuntza sustatzen jarraitzeko

0

2021eko azaroan lehenengo CONTRAST konferentziak izandako arrakastaren ondoren, 2023ko urriaren 25ean eta 26an, Bilbon, CCIs and Innovation Contrast bigarren konferentzia irekia egingo da. Nazioarteko ekitaldi horretan kultura- eta sormen-industrietako (KSI) eta berrikuntzako mundu osoko 30 aditu izango dira. Nazioarteko elkarraldi honetan hainbat gai jorratuko dira: kultura- eta sormen-industriak berrikuntzaren ikuspegitik, teknologia berriak, beharrezko trebetasun berriak, eta jasangarritasuna eta gizarteratzea, besteak beste.

Era berean, bertan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gidatutako hausnarketa- eta eztabaida-prozesu baten emaitzak aurkeztuko dira, jardunbide egokiak trukatzeko eta ezagutzak garatzeko guneak sortzeko. “CCIs and Innovation Contrast” izeneko proiektua 2021ean hasi zen, eta hiru aditu-taldek elkarrekin lan egin zuten KSIetako berrikuntzarekin lotutako hainbat gaitan, tartean Berrikuntza, I+G eta I+G+Bren neurketa bera. Lehen fase horretan ikerketa pilotu bat egin zen, berrikuntzaren neurketan eta adierazleetan oinarritua, Euskadin eta Flandes (Herbehereak), Piamonte (Italia) eta Ipar Renania-Westfalia (Alemania) Europako eskualdeetan konparatuta.

Bigarren fase honetan, mundu osoko 21 eskualde hautatu dira. Eskualde horien berrikuntza-ekosistemak aztertu dira eta Bilbon egingo den konferentzia irekian aurkeztuko dira.

Eskualde bakoitzerako berrikuntza-erakunde eta -proiektu batzuk aztertu dira, erakunde horiek kulturaren eta sormenaren sektorean berritzaileak eta aitzindariak izatea eragiten duten joerak, ezaugarriak eta tipologiak identifikatzeko, ezagutza eta jardunbide egokiak partekatzea helburu. Azterlanak kultura- eta sormen-industrietako berrikuntzaren neurketaren ebaluazioan eta diseinuan ere sakontzen du.

Proiektu hau  Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ahaleginetako bat da jardunbide egokiak trukatzeko eta ezagutzak garatzeko guneak sortzeko. Era berean, Euskadiko RIS3 estrategiaren barruan sartzen da, Euskadi Sortzailea gidaritza-taldetik.

Nazioarteko parte-hartzea

Konferentzian kultura- eta sormen-industrien eta berrikuntzaren arloko nazioarteko hainbat adituk parte hartuko dute, besteak beste: Nico Degenkolb (EIT Culture & Creativity), Cinzia Lagioia (Puglia Creativa), Valentina Montalto (UNESCOko aditua), Luca dal Pozzolo (Fondazione Fitzcarraldo), Pier Luigi Sacco (EIT Culture & Creativity), Jenny Tingvall Kornmacher (Region Ska) eta EIT Culture & Creativity.

Bestetik, CONTRAST IIko hizlarien artean daude eskualdeen eta jardunbide egokien ordezkariak, KSIetako berrikuntza-ekosistemei buruzko ikerketan maila globalean parte hartu dutenak. Besteak beste, hauek dira konferentzian ordezkatutako eskualdeak: Washington, Cardiff, Finlandia, Valentzia, Estonia, Danimarka, Kalifornia, Hegoafrika, Antioquia, Karnataka, Baden-Württemberg, Kenya, Uganda, Porto eta Adelaida.

Adierazitako eskualdeen ordezkaritzaz gain, azterketarako hautatutako KSIen berrikuntzari buruzko jardunbide egokien kasuak bi workshop paraleloren parte izango dira, alde batetik teknologia eta skillak eta, bestetik, jasangarritasuna eta gizarteratzea lantzeko. Hauek dira konferentzian parte hartuko duten jardunbide egokien kasuetako batzuk: Craft Design Institute (Hegoafrika), Aus Design and Upmade (Estonia), Light ADL (Adelaida), Antioquiako Museoa (Kolonbia), 4Humanz (Oporto), Cultural Space Agency (Washington), Hijinx (Cardiff), Toy Clusters (Karnataka), TwispWorks (Washington) eta Design Union (Finlandia).

Open Conference, beraz, munduko hainbat lekutako berrikuntza-ekosistemak ulertzeko eta trukatzeko gune paregabea izango da.