Euskadik 15.025 M€-ko aurrekontu proiektua izango du 2024an eta 4 zutabe oinarritzen da:  pertsonak, planeta, oparotasuna eta autogobernua

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Azpiazu sailburuaren hitzetan: “apustu sendoa da Euskadiko bizi-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko eta haren garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzeko”.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin eta Jokin Bildarratz, Hezkuntzako sailburuarekin batera.

2024 urterako Aurrekontu Proiektua

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2024ko Aurrekontu Orokorren Proiektua. Azpiazu sailburuak azaldu duenez, 4 herri-zutabetan oinarritzen da proiektua: pertsonak, planeta, oparotasuna eta autogobernua. Aurrekontua 15.025,4 M €-koa da, iaz baino %5,4 gehiago, 774,7 milioi euro gehiagorekin.

Sailburuaren hitzetan, “apustu sendoa da Euskadiko bizi-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko eta haren garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzeko”. Azpiazuk azaldu duenez, aurrekontu-proiektuaren  % 76 (10.934,4 M €) gizarte-politiketara bideratuko da; 653M € inguruko igoerarekin. Osasuna da aurrekontu handieneko saila —4.896,6 M €—, eta zenbateko horren %79 Osakidetzari dagokio. Jarraian, Hezkuntza eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak dira hazkunderik handiena izango duten sailak, hezkuntzako langileen eta etxebizitzako igoera handiagatik, hurrenez hurren. Apustu irmoa egiten da inbertsio publikoaren alde: 2.000M €-tik gorakoa baita  aurrekontua eta I+G+B-ren alde, baita ere, % 6,5eko hazkundearekin. I+G+B-ra bideratutako aurrekontua %31 hazi da 2021etik.

“Ziurgabetasun globalaren testuinguru honetan, aurrekontua gure zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko euskarri eta bermatzaile bihurtzen da, pertsonekin, garapen ekonomikoarekin, enpleguarekin eta gure planetaren zaintzarekin konprometitutako etorkizuna eraikitzea helburu hartuta” adierazi du sailburuak.

Ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuen Proiektua erregistratuko du Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuek agerraldia egingo dute azaroaren 6tik 8ra bitartean Legebiltzarrean. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, abenduaren 22an onartuko dira aurrekontuak. Azpiazuk berretsi du, aliantza posibleak aztertzeko lan egingo duela, “badakit ez dela erraza urte honetan babesak lortzea, baina konfiantza dut guztiok jakingo dugula egoerak eskatzen duen mailan egoten, eta Euskadi politikak izan beharko lukeen horren isla bihur daitekeela” amaitu du.

Sare publikoko greba egunaren balorazioa

Hezkuntzako sailburuak gaurko deituta dagoen sare publikoko greba egunaren lehen balorazioa egin du eta parte-hartze datuen berri eman du: “orain arte, sare publikoko ikastetxeen %80 –aren gaineko informazioa dugu jasorik eta ikastetxe horietan, irakasleen %22,2 ari da greba egunean parte hartzen”.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai. Lehenik eta behin, gaurko eguna dela-eta, onartutako Klima Aldaketaren Aurkako Egunaren adierazpen instituzionala irakurri du bozeramaileak.

Amaitzeko, bozeramaileak, Kultura sailari lotutako izendapen baten berri eman du, Gobernu Kontseiluak onartu baitu Vasco-Navarro trenbidearen Euskadiko tartea Babes Bereziko Kultura-Ondare izendatzea, monumentu-multzoaren kategoriarekin. Vasco-Navarro trenbideak 140 km-ko luzera dauka eta horietatik, 110 kilometro Erkidegoan daude eta gainerakoa berriz, Nafarroan. Gaur onartutako dekretuak azpimarratzen duenez, Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu multzoa ondare aparta da Euskadiko industria-ondarean eta balio kulturalak azpimarratzen ditu: balio historikoa, soziala, teknologikoa eta beste bereizitasun bat ere azpimarratzen du Dekretuak Vasco-Navarro trenbidea XIX. mendean eta XX.aren lehen erdian espainiar estatuan eraikitako bide metrikoko trenbiderik luzeena izan zelako.