Iragan asteartean Gobernu Kontseiluaren bileran iragarri zen bezala, Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaia sortu da arratsalde honetan, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da mahai honen burua.
Mahai hau sailburuordetzen arabera osatu da. Lehendakaritzaren bilera honetara honako hauek bertaratu dira: Rodrigo Gartzia, Segurtasun sailburuordea, Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea; Jorge Arévalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; José Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Alfonso Gurpegui, Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea; Mikel Amundarain, Industria sailburuordea; Pedro Jauregui, Etxebizitza sailburuordea; Itziar Agirre, Ogasuneko sailburuordea; Paul Ortega, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria; Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia; Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; eta Manu Castilla, Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusia.
Hasierako mintzaldian Lehendakariak azaldu duenez, “Ekialde Hurbileko eta Ertaineko egoeraren larritasuna eta Euskadin bereziki dagoen sentsibilizazioa mahai hau sortzeko bezainbesteko pisua duten arrazoi bi dira”. Lehendakariaren ahotan, “kontuan hartuta liskarraren garapenarekiko ziurgabetasuna, gatazka herrialdean eta are nazio artean ere hedatzeko dagoen arriskua eta dagoeneko liskar hau behin-behinean izaten ari den eragin sozioekonomiko globala eta lokala, behar-beharrezkoa da gisa honetako foro bat sortzea, horrela, gertakariei jarraipena egiteko, aurre hartzeko eta baloratzeko.”
Mahai honen helburuak hiru puntutan laburbiltzen dira:
-lehenengo eta behin, eskura dagoen informazioa partekatzea eta baloratzea, Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren egoerari, garapenari eta ondorioei jarraipen estua egin ahal izateko;
-bigarrenik, krisi humanitarioaren aurrean, Euskaditik mahaigaineratu ahal diren ekarpenak proposatzea, baloratzea eta hala dagokionean antolatzea, bai Ekialde Hurbil eta Ertainean aurrera eramateko, bai beharrezkoa den kasuetan errefuxiatuei harrera egiteko programetan parte hartzeko;
-eta hirugarrenik, euskal gizarteari behin-behinean modu negatiboan eragin diezaioketen barruko eragin sozio-ekonomikoak aztertzea, eta, hala dagokionean, berauei aurre egiteko neurriak eta ekintzak baloratzea.
Iñigo Urkulluk berriz azaldu duenez, hiru zutabe nagusi daude mahai honen sorreran: “Bortizkeria, terrorismo eta biztanle zibilen aurkako ekintza ororen gaitzespena; Nazioarteko Eskubideekin eta Nazio Batuekin bat egitea; eta Nazioarteko bitartekaritzaren eta konponbide adostuen deialdia”.
Une honetan, “lehentasunik presazkoena —nabarmendu duenez— oxigeno humanitarioko eta liskarrik gabeko guneak sortzea da; Gaza barnealderaino korridore humanitarioak finkatzea; bahituak askatzea; eta biztanle zibilen aurkako eraso guztiak amaitzea”.
Eta arlo humanitarioko presazko eskakizunekin batera, beharrezkoa eta presazkoa da diplomaziak esku hartzea eta nazioarteko bitartekaritza, su-etena eta krisiaren irteera adostua lortzeko.
Iñigo Urkullu Lehendakariak eratu berri den mahaiari jakinarazi dionez, Espainiako Gobernuarekin, Europako erakundeekin, Nazio Batuen agentziarekin, UNRWArekin eta lurraldean finkatuta dauden Euskadiko GKE-ekin etenik gabe harremanetan dago Eusko Jaurlaritza.
Era berean, Lehendakariak gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak jadanik abian jarri ditu 500.000 euroko ekarpena helarazteko egin beharreko izapideak, horrela, 100 milioi euroko funtsak lortzeko UNRWAk egin duen “hasierako larrialdi deialdiari” erantzuna emate aldera.