Eusko Jaurlaritzak Vasco-Navarro trenbidearen Euskadiko tartea Babes Bereziko Kultura-Ondare izendatu du, Monumentu-multzoaren kategoriarekin

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Vasco-Navarro trenbidearen Euskadiko tartea Babes Bereziko Kultura-Ondare izendapena, Monumentu-multzoaren kategoriarekin. Vasco-Navarro trenbideak 140 km-ko luzera dauka; horietatik, 110,5 kilometro EAEn daude (47 km Gipuzkoan eta 63,5 km Araban), eta gainerakoa, berriz, Nafarroan. EAEko tartean, 16 udalerri zeharkatzen ditu: Gipuzkoan 6 (Bergara, Oñati, Arrasate/Mondragón, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga) eta Araban 10 (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Vitoria-Gasteiz, Elburgo/Burgelu).

Erabili izan zen bitartean, trenbideak izen asko izan zituen: hasieran, Anglo deitzen zioten, eta, ondoren, Vasco; Arabako Mendialdean eta Nafarroan, “El Trenico” deitzen zitzaion, eta “karramarro-trena” edo “mendizaleen trena” ere esaten zitzaion.

Trenbide hau iberiar penintsulako bide metrikoko trenbide garrantzitsuenetako bat izan zen, bai trazaduraren luzerarengatik (XIX. mendean eta XX.aren lehen erdian espainiar Estatuan eraiki zen trenbiderik luzeena izan zen, alde handiz), bai eta aurreneko trenbide elektrifikatuetako bat izan zelako ere. Ondorioz, Europako trenbiderik onenen mailan zegoen.

Balio kulturala

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dekretuak azpimarratzen duenez, Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu multzoa ondare aparta da Euskadiko industria-ondarean eta honako balio kulturalak azpimarratzen ditu:

  • Balio historikoa: ia 80 urteko bizitza erabilgarria izan zuen, eta trenbideak eragin handia izan zuen lotzen zituen udalerri eta eskualdeen garapenean; zehazki, gizarteari, industriari eta hirigintzaren arloko garapenean. Gainera, oraindik kontserbatzen diren obra zibileko elementu askok eta eraikin askok ehun urte ere badituzte.
  • Balio soziala: eragin handia izan zuen erabiltzaileen eguneroko bizimoduetan; izan ere, garraiobide eta komunikaziorako bide izan zen jende askorentzat: landaguneetako biztanleentzat, Debagoieneko fabriketako langileentzat, Arabako industriako langileentzat eta Arabako Lautadako nekazarientzat, besteak beste.
  • Balio teknologikoa: Estatuko aurreneko trenbide elektrifikatuetako bat izan zen, eta, lurraldearen orografia gorabeheratsuaren ondorioz, konplexutasun tekniko handiko azpiegitura izan zen.
  • Berezitasuna: XIX. mendean eta XX.aren lehen erdian espainiar estatuan eraikitako bide metrikoko trenbiderik luzeena izan zen.
  • Paisaiaren balioa: oso luzea zenez, Vasco-Navarro trenbidea hainbat motatako paisaiak (hirikoak, industrialak, nekazaritzakoak, meatzaritzakoak eta abar) lotzen zituen ardatza izan zen.
  • Lurralde arloko interesa: gizarte, orografia, ingurumen eta hirigintza-aniztasun handiko hiru eskualde lotzen zituelako. Mekolalden Ferrocarriles Vascongados konpainiako trenbidearekin elkartzen zenez, EAEko hiru hiriburuak lehen aldiz geratu ziren trenez lotuta, eta, beraz, abiadura handiko trenen gaur egungo plangintzaren sorburua ere izan zen.

Besteak beste, gaur onartutako dekretuak trenbidearen trazadura, obra zibila (zubiak, gaineko eta azpiko pasabideak, tunelak…), arkitektura (geltokiak, biltegiak…), elementu osagarriak (geralekuak, lubakiak, erreken gaineko zubi txikiak eta ondare higigarriek (tren-makinek eta bagoiak) babesten ditu.

Gaur onartutako dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da eta aurrerantzean babestutako ondasun hauetan egin beharreko esku-hartzeak foru aldundiek baimendu beharko dituzte.

Gaur egun Arabako Foru Aldundiak Vasco-Navarro trenbidearen zati handi bat bide berde gisa berrerabiltzen du eta lurraldeko ibilbide berdeen sarearen barruan sartuta dago. Horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak prestatu izan dira (pasabideak, zubiak, tunelak eta abar), lur-berdinketak egin eta bazterrak garbitu dira; hesiak, barandak, euste-elementuak eta abiadura murrizteko gailuak jarri dira; ibilbidea seinaleztatu da; jatorrizko drainatzeak garbitu eta berriak jarri dira, eta abar. Seinaleztapenean, trenbidearen historia eta jatorrizko azpiegituraren elementuak interpretatzeko panelak jarri dira.

Gipuzkoako aldean Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko hiri- eta industria-aldaketek hartu dute trenbidearen trazaduraren zati bat, eta, trazadurari eusten zaion lekuetan, oinezkoentzako edo txirrindularientzako ibilbide-tarte batzuk egokituta daude. Bestalde, higiezinetako batzuk berrerabili egin dira. Landa-eremuetan, hala nola Leintz-Gatzagan eta Eskoriatzako zati batean, lur-berdinketaren zati handi bat bere horretan mantentzen da, eta, kasu askotan, geltokiak etxebizitza gisa aprobetxatu dira, eta geralekuak, berriz, lanabesak edo egurra gordetzeko biltegi gisa.