Garamendi: «Zuzenbide Estatu batean onartezina da, 44 urte eta gero, Gernikako Estatutua bezalako lege bat bete gabe jarraitzea»

0
  • Gernikako Estatutuaren 44. urteurrenaren atarian, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak salatu du «Estatutua murriztu, zapaldu eta higatu egin dela, estatu zentralizatzaile baten alde interpretatzen duten epaien bidez».
  • «Autogobernua da Euskadin, Euskaditik eta Euskadirentzat politika eta zerbitzu publikoak garatzeko dugun tresna. Ez da pose iheskor bat Gernikako Arbolaren aurrean”, gaineratu du Garamendik

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, «onartezina da 44 urte dituen Lege bat oraindik bete gabe egotea”. Hala esan du Donostian Gernikako Estatutuaren jatorriari eta oraingo eta etorkizuneko egoerari buruzko oroitzapenezko jardunaldian: «44 urtek askorako ematen dute, egiteko eta desegiteko, hainbat Estatutu bete eta erreformatzeko, baita Konstituzio batzuk ere», berretsi du.

Garamendik gogorarazi duenez, «Autonomia Estatutuak, hasiera batean, transferentzien prozesua abian jartzeko hilabeteko epea izan zuen. Hala ere, lau hamarkada luze geroago, amaitu gabeko transferentzia prozesu batekin eta bete gabeko Lege Organiko batekin jarraitzen dugu «.

Jardunaldi hau Gernikako Estatutuaren urteurrenaren bezperan burutu da, eta Garamendik deitoratu duenez, «oinarrizko legediak edo Konstituzio Auzitegiaren epaiek Estatutua murriztu, zapaldu eta higatzen dute, ia beti, estatu zentralizatzaile baten alde interpretatzen eta berrinterpretatzen baitute».

«Autogobernua da Euskadin, Euskaditik eta Euskadirentzat politika eta zerbitzu publikoak garatzeko dugun tresna. Ez da pose iheskor bat Gernikako Arbolaren aurrean», gaineratu du sailburuak 150 pertsona inguru bildu dituen ekitaldian.

Sailburuak gogorarazi duenez, «autogobernua da gure politika publikoak garatzeko bermea, autogobernu osoa, ez mutilatua gaur egun daukagun bezala». Auzitegien interpretazioaren aurrean, Garamendik adierazi du «gure eskumenak inboluzionatu» egin direla, «baita dagoeneko transferitu direnak ere».

Garamendik defendatu duenez, «autogobernua da guztiaren oinarria, eta gure lana da hori balioan jartzea, euskal gizartearentzat gero eta etorkizun hobea izan dezan”.