Lankidetza hitzarmena, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren eta zur kontratxapatuaren fabrikazioan munduko liderra den Garnica enpresaren artekoa

0

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Jon Begiristain Mitxelenak eta zur kontratxapatuaren fabrikazioan liderra den Garnica enpresako Chief People Officer Jose Luis Tamargok 2022-2023 ikasturtean ‘Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua’ Masterraren prestakuntza-programa garatzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute.

Akordioaren laugarren urtea da aurtengoa, 2019-2020 ikasturtean hasi zena eta datozen urteetan jarraitzea aurreikusten dena. Hitzarmenak aurreikusten du, besteak beste, Garnicak ekarpen ekonomikoa egingo duela eta kontratxapatuko zurezko taulak emango dizkiela UPV/EHUko ‘Zurezko Egitura, Eraikuntza eta Diseinuko’ Masterreko eta Arkitekturako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleek beren lanetan erabil ditzaten.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendariaren iritziz, akordio horrek «zurezko produktu teknikoetan eta esparru akademikoan erreferentea den enpresa baten arteko harreman emankorra sendotzea dakar, gure ikasleak industria-prozesu eta -produktuekin harremanetan jartzea erraztuz eta zurezko egiturazko eta eraikuntzako diseinuaren esparruan berrikuntza sustatuz».

Bestalde, Jose Luis Tamargo, Garnicako Chief People Officerrek azpimarratu duenez, «hitzarmen honek gazteen talentuaren prestakuntza eta garapena sustatzea ahalbidetzen du, baita eraikuntzan eta diseinuan egurraren erabilera sustatzea ere, material berriztagarria, birziklagarria, berrerabilgarria eta biodegradagarria baita, ekonomia zirkularrean funtsezko rola betetzen duena. Garnicarentzat harro egoteko modukoa da etorkizuneko profesionalak izango diren ikasleei berrikuntzarako eta ingurumena zaintzeko dugun ezagutza eta bokazioa helaraztea, baita etorkizun iraunkorragoa eraikitzen laguntzeko dugun konpromisoa ere. »

Garnica munduko erreferentea da landaketa jasangarrietako zuretik datorren taula kontratxapatuaren ekoizpenean. Laurogei urte baino gehiagoko esperientzia du industrian, eta konpainia mundu osoko 45 herrialdetan dago eta 650 bezero baino gehiago ditu. Logroñon du egoitza nagusia, eta zazpi lantegi produktibo ditu: horietako hiru Errioxan daude (bi Baños de Rio Tobian eta bat Fuenmayorren); bat Laudion (Euskadi), bat Valencia de Don Juanen (Leon) eta bi Frantzian (bat Samazanen eta bestea Troyesen).