Lako ‘superelikagaietan’ oinarritzen du bere jarduera alternatiba osasungarriak eskaintzeko

0
PRUEBA

Nekazaritza elikagaien sektorea etengabeko bilakaera ari da izaten, eta berrikuntza funtsezkoa da elikagai osasungarriak eta jasangarriak lortzeko, gero eta elikadura-aukera gehiago baitaude. Proteina alternatiboak, aukera beganoak eta begetarianoak, intolerantziak…  geroz eta ohikoagoak dira, eta gero eta ekintzaile gehiagok horietan oinarritzen dute bere garapenak. 

Ia bi urteko ibilbidea duen startup bat da Lako Foods. Sara Urrejola, María García eta María Sanz ekintzaileek sortu zuten, eta ‘superelikagaiak’ deritzen alternatiba osasungarriak eskaintzeko helburua du. Bilboko startupak garatu duen lehen proiektuaren helburua gehiegizko azukrearen erabilera murriztea da, datiletan oinarritutako soluzioarekin. 

“Elikagai honen propietateak oso baliotsuak dira. Helburua da enpresek azukrearen edo osasungarriak ez direla frogatu den beste gozagarri kimiko batzuen alternatiba gisa erabiltzea”, dio Sara Urrejola Lako Foodseko marketin eta salmenta arduradunak. Produktu hori beren ekoizpenetan azukrea ez den beste alternatiba bat bilatu nahi duten startup txikientzat bideratuta dago, baina baita elikagaien sektoreko ultra-prozesatuen enpresa handientzat ere. Oraingoz ez da aurreikusten supermerkatu-kateetan saltzea, ecommerce denda txikiei edo belar-dendei zuzenduta dago gehienbat. Proiektu hau Basque Food Laboratory Berrikuntza Gastronomikoko Zentroarekin lankidetzan garatzen ari da. 

Startupa EIT Food nekazaritza elikagaien Europako partzuergoak sustatutako EWA programan parte hartzeko aukeratuetako bat izan da. Ekimen horrek sektoreko emakume ekintzaileei laguntzea du helburu. “EWAk gure jarduera ezagutarazteko aukera eman digu; Europa mailako bilera eta azoketan egon gara, eta bertan oso pertsona interesgarriak aurkitu ditugu gure ideia berberekin. Bilera horietatik etorkizunean lankidetzak sor daitezke”, nabarmendu du Sara Urrejolak. 

Startup-ak urrats handia emango du 2024 honetan. Orain, bere produktua hobetzeko eta industriara egokitzeko lanean ari da, datorren urtean merkaturatzeko eta hainbat enpresarekin elkarlanean hasteko, batez ere startupekin. Gainera, beste elikadura-aukera osasungarri batzuk garatzen ari da Lako. 

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.