Mendia Lehendakariordeak Lanbideren eta Sailaren baliabideak eskaintzen dizkie sormen-industriei, kalitatezko enplegua sortzeko

0

BIME 2023ren inaugurazioan, musika-industriak «kultura, sormena, berrikuntza eta enplegua batzen ditu, eta ekonomiaren gainerako zatirako elementu bultzatzaile bihurtu da»

Idoia Mendia Lehendakariordeak BIME musika-industriaren nazioarteko topaketa inauguratu du gaur. Sektore horrek «kultura, sormena, berrikuntza eta enplegua batzen ditu, eta elementu bultzatzailea da gainerako ekonomiarako». Hori dela eta, Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta bera buru duen Sailaren baliabideak jarri ditu haren eskura, kalitatezko enplegua sortzeko.

Mendiak ongietorria eman die parte-hartzaileei 2013az geroztik Bilbon egiten ari den «musika, berrikuntza eta nazioarteko negozioetarako erreferentzia»  ekitaldira, eta haiei helarazi die buru duen sailaren babesaren berri, «kultura ekonomiarekin eta enpleguarekin lotzen duelako».

«Errotiko eraldaketa-prozesu batean» gaudela gogorarazi ondoren, Lehendakariordeak azpimarratu du «ekimen guztiek gure laguntza izatea nahi dugula», eta, beraz, guztien eskura jarri ditu Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoaren baliabideak, «zuen ideiak praktikan jartzeko, profesional egokiak aurkitzeko edo sektoreak behar duen prestakuntza emateko».

Gainera, gogorarazi du Sailaren gainerako zerbitzu publikoak erabil ditzaketela. «Osalanekin, enplegu berri horrek langile guztien osasunerako eskubidearen berme guztiak izango dituela bermatzeko, eta Laneko Ikuskaritzarekin, jarduera ekonomiko orok aitzakiarik gabe lagundu behar dituen lan-eskubide guztiak betetzeko aholkularitza ematen baitu».

Lehendakariordeak adierazi duenez, «lan handia egin dezakegu lankidetzan», eta adibide gisa aipatu ditu kultura-sektoreko profesionalen ekintzailetza- eta finantza-trebetasunak indartzea, lanbide teknikoetan eta kultura-kudeaketan espezializatutako prestakuntza arte eszenikoen eta musikalen profesionalentzat, edo hazteko ahalmen handia duten kultura-proiektuen garapena maximizatuko duten kultura-azeleratzaileei laguntzea.

Bere ustez, BIMEk ematen duen berrikuntza «eraikitzen ari garen enplegu-eredu berriaren motorra ere bada, eta sormen-industriok kultura ekartzen duzue, baina baita ibilbide luzeko industrietarako ere eragin bultzatzailea duzue, hala nola ikus-entzunezko espezialitateetan, argietan, eszenografian edo muntaian». Mendiak aitortu du sektore horrek pandemiaren ondorioz sufritu zuela, baina «gai izan zarete galdutako enplegu guztia berreskuratzeko, eta orain aurrera egingo duzue enplegu-modu berri batean, zeinak, emaitzetan, kultura, lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa ekarriko baititu».