Donostiako Miserikordia kalea oinezkoentzat izango da datorren astetik aurrera

0

Esku-hartze honi esker 200 m²-ko egonaldi gune bat sortuko da

Bihartik aurrera, urriak 26, Donostiako Udalak Gros auzoko Miserikordia kalea oinezkoentzat egiteko lanak hasiko ditu. Esku-hartze honi esker, 200m2-ko egonaldi gune bat sortuko da, herritarren gozamenerako.

Mirakruz kaleko eta Egia Galtzadako bidegurutzeen artean egingo da oinezkoentzako bidea. Hiriko gune kritiko horretan egunero jende asko ibiltzen da Renferen geltokira, inguruko hiru ikastetxeetara, kiroldegira edo epaitegietara joateko, Gros eta Egia auzoak lotzen dituen bidea baita. Eta, gainera, bizilagunek eta merkatariek eskatutako jarduera da, inguruko segurtasuna hobetzeko.

Oraingoz, eta kalearen antolamendua modu azkarrean aldatzeko, esku-hartze “soft” bat egingo da, segurtasuna bermatzen duten oinarrizko elementuekin eta Hirigintza Taktikoaren teknika aplikatuz, Atarizar, San Juan edo San Bartolome Gaina kaleetan egin den bezala.

Oinezkoentzako bidea egin ahal izateko, lehenik eta behin, Mirakruz kaleko seinale bertikalak indartuko dira, Miserikordiarako bidegurutzean eskuinera biratzea debekatuz eta aurrerantz jarraitu beharra ezarriz. Era berean, Egia Galtzadan berreskuratuko diren TAO eta Mugikortasun Urria duten Pertsonentzako plazak fresatuko dira, eta Mirakruzeko oinezkoen pasabidea mantenduko da oinezkoen ibilbidea bermatzeko. Jarduketa horiek gauzatzeko epea 10 egunekoa izango da, betiere baldintza klimatologikoek ahalbidetzen badute.