Mugak/ Bienalak bere erakusketa nagusia inauguratu du Donostian Wang Shu ‘pritzker’-arekin batera

0

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak laugarren edizio honetako erakusketa nagusia inauguratu du gaur goizean. Euskadiko Arkitektura Institutuan kokatuta dago, eta ‘Aldaketa bizi’ izenburupean, arkitekturaren eta arteen munduko figura ezagunen arteko elkarrizketa kolektiboa aurkezten du. Partaideek haien pieza originalak, proiektuak eta praktiken irudikapenak batu dizkiote erakusketari. Bihartik aurrera eta 2024ko otsailaren 25era arte egongo da zabalik.

Erakusketaren komisarioa María Arana arkitekto bilbotarra da, Mugak/ Bienalaren laugarren edizio honetako komisarioa ere badena; gaur arratsaldean inauguratuko da Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Bertan izango dira ‘Aldaketa bizi’ erakusketako protagonistetako bi, 2012ko Pritzker irabazlea, Wang Shu, eta Lu Wenyu, Amateur Architecture Studio estudio txinatarraren sortzaileak. Biek gaur goizeko aurkezpenean ere hartu dute parte. Arratsaldean, ekitaldia, doako sarrera duena, 19:00etan hasiko da, eta hasiera ofiziala emango dio Mugak/ 2023 Bienalari bostehun lagun baino gehiagoren aurrean.

2017tik Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatua, Mugak/ Bienalak laugarren edizio hau ospatuko du Arku Atlantikoko hitzordu arkitektoniko nagusi gisa. Hazten jarraitu nahi du aurreko edizioarekin alderatuta, zeinak 70.000 pertsona baino gehiago bildu zituen arkitekturaz beteriko hilabete osoan zehar.

“Mugak/ ezinbesteko hitzordua bihurtu da sektoreko profesionalentzat, baita publiko zabalarentzat ere, eta mundu osoko adituak eta nazioarteko erreferenteak erakartzea lortu du deialdi guztietan; herritarren joera eta kezka berriei irekita dagoen topagunea da, eta arkitekturaren dimentsio soziala eta pertsonen bizitzak hobetzeko gaitasuna aldarrikatzen du”, adierazi du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Iñaki Arriolak.

Hausnarketarako erakusketa

‘Aldaketa bizi’ aurtengo leloaren hiru kontzeptuetan oinarrituta dago: ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’. «Garai nahasiak bizi ditugu. Krisi ekologiko, sanitario, ekonomiko eta sozialeko garaiak. Erronka handiak dira, eta premiazko irtenbideak behar ditugu, irudimentsuak eta eraldatzaileak. Munduan nola bizi garen eta etorkizun hurbilean nola biziraungo dugun birpentsatzea premiazkoa da. 1951n, Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako Europa batean, Heideggerrek aipatu zituen ‘eraiki’, ‘bizi’ eta ‘pentsatu’ hitzen arteko harreman etimologikoan oinarritutako hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu erakusketa honek, aurreiritzi gabeko ikuspegi kritikotik abiatuta”, adierazi du Maria Arana komisarioak.

Horretarako, Beatriz Colomina ikertzailea, amid.cero9 estudioa edo Isaac Cordal artista bezalako izen ezagunak erakustera gonbidatu ditu Bienalak. Horiek guztiek ‘Aldaketa bizi’-ra ekarri dituzte haien proiektuak eta obrak, gogoeta Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuaren hiru erakusketa-aretoetan banatuz. Bertan, elkarrizketa bat hasiko da, ondoren Gasteizera eta Bilbora ere eramango dena, parte-hartzaileek gaurtik azaroaren 24ra bitartean hiru hiriburuetan emango dituzten hitzaldien bitartez.

Hiru areto, hiru kontzeptu

Lehenengo aretoak, ‘Berreraiki’ izenekoak, arkitekturak duen eginkizunari buruz eta planetan duen eraginari buruz gogoeta egitea proposatzen du; izan ere, CO2 emisio globalen % 40 eraikinek igortzen dituzte, eta arkitekturaren oinarrizko printzipioen eta printzipio sozialen suntsipenari buruzko hausnarketa ere proposatzen da. Era berean, arkitektura bera berreraikitzeaz eta hori ulertzeko eta bizitzeko modu berriak sortzeaz hitz egiten du, egungo ziurgabetasun ekonomiko eta sozialaren testuinguru honetan.

‘Follow the leaders’ (2009) aretoaren buru da. Isaac Cordal artista galiziarrak obra horrekin Brusela, Milan, Londres edo Berlin bezalako hirietako kaleak bisitatu ditu. Trajez jantzitako negozio-gizon itxurako pieza txikiez osatuta dago, gainbeheran eta suntsipenean dauden hiri-eszenatokiez inguratuta. Masa sozialaren inertziari buruzko kritikara gonbidatzen dute, hirigintza griseko zibilizazioaren inguruko iruzkin bat osatuz, tonu ironiko eta suntsigarriarekin, eta gure zibilizazioen deshumanizazio garaikideari buruzko gogoeta bultzatuz.

Bere ondoan, Ningboko Museo Historikoaren (2008) errepresentazio bat dago, Amateur Architecture Studioarena, jatorrizko materialen eta irudien bidez. Eraikinak Wang Shu eta Lu Wenyuren sinesmen irmoa defendatzen du, tradizioa zaindu behar dela, alegia, haien herrialdeko hirien suntsipen azkarraren eta hazkunde geldiezinaren aurrean. Eraikinaren fatxada egungo kokapen berean egindako eraispen-prozesuetan sortutako hondakinekin eraiki da; izan ere, estudioaren arabera, “ezin dugu historia suntsitu”. Fatxadaren lau lagin ikusgai daude erakusketan, baita eskala handiko argazkiak ere.

Areto honetako azken pieza ‘Gran Vía Toxic’ (2008-09) da, amid.cero9 estudio madrildar ezagunarena. Madrilgo Gran Víako eraikuntzaren mendeurrenagatik garatutako proiektua da eta suntsipenaren ikuspegitik erakusten du. Hiri-ereduen eraginari buruzko gogoeta egiten du, eta eraispena alderantzizko prozesu gisa aurkezten du; ekintza-sekuentzia gisa, zeinak existitzen den guztia fisikoki ezabatzera eraman beharrean, modu berritzailean planteatu eta antola daitekeen hiria eraikitzeko alternatiba bat eskaintzen duen. Makina suntsitzaile baten maketa dago ikusgai, tamaina handiko infografiekin batera, eta Gran Víako oinplano bat eta beste material bisual batzuk ere ikus daitezke.

Erakusketa honen bigarren kapitulua ‘berpiztu’ da. Euskadiko Arkitektura Institutuaren bigarren erakusketa-aretoak ‘low-tech’ proiektuak eta arkitekturak jasotzen ditu, espazio- eta gizarte-bitartekaritzako modu berriak lortzeko. Diseinua habitata hobetzeko eta etxea sortzeko teknologia gisa erabiltzearen garrantzia azaltzen du. Izan ere, ikerketarekin eta sentsibilizazioarekin batera, arkitekturak bizitza babesteko eta eraikitzeko duen gaitasuna balioesteko, garrantzia azpimarratzeko edo berreskuratzeko aukera ematen duten tresnak direla uste du.

Espazio honetan, arkitekturako lau profesionalen eta estudioen lanak bildu dira. Horietako bat da Acha Zaballa Arquitectosen ‘Loft Study House’ proiektua (2018). Bizitegi-duintasuneko espazioak nola sortu planteatzen du, hutsik dauden merkataritza-lokalak etxebizitza sozial bihurtuz, diseinuaren bidez. Santutxuko eta Larreagaburuko (Bilbo) hiru etxebizitza sozialen eraberritzearen atzean egon da estudioa, tamaina eta kolore desberdinetako hiru apalategiren bidez erakusten direnak. Bertan, objektuak eta argazkiak erakusten dira, berpiztu den lokalaren etxekotasuna islatzeko.

Erakusketak ‘Biharamuneko etxea’ (2021) ere barne hartzen du, Bartzelonako TAKK estudioak Madrilen 110 m²-ko etxebizitza batean egindako eraberritzea. Energia-kontsumo minimoa lortzeko gune zentrokideen segida gisa berrasmatu zen: 60 m²-ko barne-kutxa bat eraiki zen (‘neguko etxea’), behar bezala isolatuta, eta gainerako 50 m² barruko terraza gisa utzi ziren (‘udako etxea’). Proiektuak berezitasunak ditu, hala nola gela «komunal» bakar bat edo ikuspegi ludiko batetik egindako bainugelen proposamena, taldean erabiltzeko espazio gisa ulertuta. Aretoan irudikatzen da jatorrizko etxebizitzaren barne-partizioak gogora ekartzen dituen totem baten bidez. Bertan, etxebizitzaren irudiak proiektatzen dira.

Amateur Architecture Studioren obra Five Scattered Houses (2006) proiektuaren bitartez dago berriz ere presente areto honetan. Wang Shu eta Lu Wenyuk Txinako etxebizitza tradizionalaren ideia aldarrikatzen dute Ningbo hirian eraikitzen ari den eremu baten hirigintza-garapenerako ardatz nagusi gisa. Txinako hegoaldetik, libreki sakabanatutako bost etxe egiteko proiektu honek proposatzen du etxe historikoaren tipologia bat hiriaren erdigunerako etxebizitza modernoen sail batera eramatea. ‘Aldaketa bizi’ erakusketan aurki daiteke, airean esekitako maketen eta etxeen argazki batzuen bidez.

Azkenik, bigarren aretoan, Marina Otero Verzier, Katía Truijen eta René Boer ikerlari eta arkitektoek bultzatutako ‘Jabetze arkitektura’ (2019) dago ikusgai. Okupazioa praktika arkitektoniko gisa planteatzen du, eta Herbehereetan okupatutako hainbat arkitektura aztertzea du helburu, marrazkien, elkarrizketen eta artxiboko materialaren bidez. Herbehereetan 2010. urtera arte indarrean zegoen legearen arabera espazio okupatu bat etengabe habitatuta zegoela justifikatzeko beharrezkoak ziren gutxieneko elementuak (ohe bat, aulki bat, mahai bat) eszenifikatzen dituen pieza baten bidez irudikatzen da. Diseinu grafikoa eta espaziala María Mazzantik garatu du.

Hirugarren eta azken erakusketa aretoa berrasmatzean datza. Bertan diziplina arkitektonikoa bera berrikusteaz eta haren funtzio pedagogikoaz, gaitasun kritikoaz eta pentsamendua sortzeko gaitasunaz hausnartzen da. Arkitekturak bere aldaketa bizi behar du. Horregatik, gogoeta gune honek diziplina poliedriko bat birpentsatzera animatzen du, disziplina horrek dituen posibilitate pedagogikoek beste mundu posible batzuk imajinatzera gonbidatzen baikaituzte.

Lehenik eta behin, José María Torres Nadal arkitektoaren bi pieza daude. Lehenengoa, ‘Arkitektura bizkarrean eramateko motxilak’, 1995ean Arteleku ezagunean egindako topaketa batean du jatorria, ‘Pentsatu – Osatu/Eraiki – Biztandu’ izenekoa, Heideggerren testuarekin lotuta. Ia 30 urte geroago, José María Torres Nadalek erregistro kultural, emozional eta afektibo horiek jasotzen dituzten motxila batzuk erakusten ditu. Horietako batek, ‘Hitza eta arkitektura’ izenekoak, bigarren piezari bide ematen dio, ‘Arkitektura… New Yorkeko delirioa gorabehera’. ‘Delirious New York’ (Rem Koolhaas 1978) ospetsuaren azala berrikusten du, “arkitektura garaikidearen praktika eta teoria guztia eratu duen liburu-biblia”, ikuspegi kritiko batetik.

Jarraian, ‘Radical pedagogies’ (2013-2023) dago ikusgai, Beatriz Colominaren proiektua, Ignacio G. Galán, Evangelos Kotsioris eta Anna Maria Meisterrekin batera. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, mundu osoko praktika pedagogiko esperimentalen eztanda batek arkitekturaren hezkuntza astindu zuen, proiektu honetan aztertzen den iraultza. Gainera, oinordetzan jasotako diziplina-hierarkiak hezkuntza-eremuetan berriz zalantzan jartzera gonbidatzen du, gaur egungo testuinguruan. Denboraren tunel gisa gauzatzen da, aldamioekin egina, eta bereziki erakusketa honetarako ekoitzitako hainbat bideo ikus daitezke bertan.

Amateur Architecture Studio-ren hirugarren ekarpenak ‘Naturarekin eraikitzen’ du izena (2023) eta duela 14 urtetik Txinako Arteen Akademian ematen den izen bereko ikastarotik dator. Herrialdeko gaur egungo eraikuntza arkitektonikoaren kultura biziberritzeari heltzen dio, eta garapen jasangarriko nazioarteko kontzeptuekin konbinatzen ditu. Horren helburua diseinuaren eta eraikuntzaren arteko deskonexio larriari irtenbideak aurkitzea da, hezkuntza arkitektoniko nazionalean gailentzen dena. 2019an eskola honetako arkitektura-graduan matrikulatutako ikasleek egindako zortzi maketa daude ikusgai.

Azkenik, erakusketa Worlding-ek ixten du. Cristina Díaz Moreno eta Efrén García Grindaren lan metodoaren deskribapena da, bai bere lan akademikoan, bai bere praktika profesionalean, amid.cero9 bezala. Worlding-ek egungo ustiapen-ereduaren ordezko eraikinak edo paisaiak definitzea dakar. Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitateko Arkitektura Institutuan garatzen da gaur egun programa hori, eta zurezko egitura baten bidez irudikatzen da, ikasleek egindako zeinbait marrazki, oinplano eta infografiekin.

Erakusketa bihar, hilak 26, irekiko da. Mugak/ Bienala dela eta, azaroaren 1etik 24ra, Euskadiko Arkitektura Institutua asteartetik igandera goizez eta arratsaldez irekita egongo da (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara).