Agritech-en ezarpenaren bidez, berrikuntza eta lehiakortasuna Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintza sektorean

0

» Euskadik, agritech estrategiaren barruan, berrikuntza, prestakuntza, ekintzailetza eta sektorera inbertsioak erakartzea sustatzeko lan ildoak jorratzen ditu, lehiakortasuna eta eraginkortasuna bultzatze aldera.

Puntako teknologia ezartzeak eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza prozesuak digitalizatzeak benetako eraldaketa eragin du lan metodo tradizionaletan. Garapen horrek agritech kontzeptua ekarri du, nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan azken teknologiak ezartzea barne hartzen duena, soluzio adimendun, jasangarri eta eraginkorrak eskaintzeko.

Euskadik, agritech estrategiaren barruan, berrikuntza, prestakuntza, ezagutzaren transferentzia, ekintzailetza eta sektorera inbertsioak erakartzea sustatzeko lan ildoak jorratzen ditu, lehiakortasuna eta eraginkortasuna bultzatze aldera.
Bide orri honen beste puntu nabarmen bat atzerriko inbertsioak erakartzea da, lehen sektoreko ekoizpena eta teknologia bultzatzea helburu. Era berean, startup-ei lagundu nahi zaie hasierako faseetan, Euskadin halakoak egotea ahalbidetzeko.

Agritech-a garatu eta ezartzeko testuinguru horretan, “Agritech esperientziak zabaltzeko jardunaldia” egin da gaur goizean NEIKER zentro teknologikoaren egoitzan, Arkautin (Araba). Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak NEIKERen bitartez gidatzen duen Agritech estrategiaren garapenak berekin ekarri du jardunaldi hau, GARLAN eta AVANZABIO nekazaritza eta abeltzaintza erakundeekin eta ENKOA eta BATURA Mobile ingeniaritza eta aholkularitza enpresekin batera egin dena.

Ekitaldian, lehen sektoreko enpresetako 80 ordezkarik parte hartu dute, eta bertan nekazaritza eta abeltzaintza jarduera aurreratu eta lehiakorra kudeatzen laguntzen duten teknologia berriak ezartzeko esperientziak ezagutarazi dira.

Jardunaldiaren hasieran, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek adierazi duenez, «Euskadi pauso irmoz egiten ari da aurrera agritech-aren alorrean, teknologia berri horiek aplikatuz nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna eta eraginkortasuna bultzatzea helburu duten proiektu publiko-pribatuen bitartez. Era berean, elikagaien ekoizpena handitzea sustatzen da, kanpoko baliabideekiko mendekotasuna murrizteko, eta lagungarria da lehen sektorea klima aldaketara egokitzeko, klima neutraltasuna lortzeko bidean«, gaineratu du.

Agritech proiektuak

Lehenik eta behin, GARLANeko teknikari komertzial Eder Landak eta NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaile Asier Uribeetxebarriak zehaztasunezko nekazaritzak Euskadin dituen onurak aurkeztu dituzte, nekazaritza finka komertzialetan egiten dituzten ekintzen ikuspegi zehatza emanez. Beste abantaila batzuen artean, nabarmendu dute metodologia berri honi esker %20raino murrizten dela ongarrien aplikazioa lurzoruetan eta laborantzan, eta, hola, nekazaritza kudeaketa eraginkorrago eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa sustatzen dela.

Ondoren, AVANZABIOko Miren Duñabeitiak eta NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuko ikertzaile Patrick Rigak laborantza bioponikoaren sistemaren lorpen nagusia azaldu dute. Izan ere, sistema horri esker, ekoizpen komertziala %20raino handitzea lortu dute, ongarri mineralen ordez ongarri organikoak eta bioestimulatzaileak erabiliz, eta, aldi berean, atmosferara CO2 gutxiago isuriz.

Bestalde, PAPPSTOReko CEO Gerando Brossy-k eta NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzaile Nerea Mandalunizek abeltzaintza estentsiboan digitalizazioak duen garrantzia nabarmendu dute. Beren hitzaldian, abeltzaintza sektorearen balio katea optimizatzen nola laguntzen duen erakutsi dute, eta zehaztasunezko abeltzaintzak sektorearen jasangarritasunean duen zeregina nabarmendu dute.

Azkenik, NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaile Pilar Merinok lantzen ari den proiektuaren berri eman du jendaurrean. Horri esker, nazioarte mailako soluzio berritzaile bat edukitzea lortuko da, sentsoreen bidez esnetarako behi azienden haztegietako emisioak denbora errealean neurtzeko.

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak hauek dira: sektorearen barruan 4.0. nekazaritza bultzatzea, ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea, klima larrialdiak nekazaritzan eta abeltzaintzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegia integratuz: animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko harremana modu transbertsalean landuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da euskal exekutiboak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea eta basogintzarena sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.