Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik datorren asteazkenerako 21:00etatik aurrera

0
PRUEBA
  • Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke haizeguneetan eta 100 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren lekuetan
  • Haizealdia Euskadi osoan nabarituko da, baina eragin handiagoa izango du mendebaldean

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik Euskadi osoan asteazkenerako, azaroaren 1erako, 21:00etatik 24:00etara bitartean. Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke haizeguneetan eta 100 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren lekuetan, eta eraginik handiena Bizkaian eta Araban izan lezakete.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aurreikusten da bi depresio sakonek ukituko dutela Euskadi aste honetan, eta haize eta olatu denboraleak ekarriko dituzte, bai eta prezipitazio ugariak ere. Lehenengo borraskak, Ciarán izenekoak, hego-mendebaldeko haize indartsua eragingo du, batez ere asteazkeneko, azaroaren 1eko, 21:00etatik osteguneko, azaroaren 2ko, 03:00ak bitartean.

Era berean, abisu horia aktibatuko da haizeagatik asteazkenean 00:00etatik 06:00ak bitartean Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, eta haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke. Asteazkenean, 18:00etatik aurrera, hego-mendebaldeko haizea indartzen joango da, eta abisu horia aktibatuko da, beraz, Euskadi osoan. Haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke haizeguneetan eta 80 km/h-tik gorakoak gainontzeko lekuetan.

Itsasoari dagokionez, ostegunean, ia egun osoan, eta ostiralean olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izan liteke. Gainera, olatuen ezaugarrien eta mendebaldetik joko duen haize indartsuaren ondorioz, busti egin litezke pasealeku eta malekoiak, bereziki itsasgoren inguruan.

Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko eskatzen die herritarrei, haizeak gogor jotzea eta prezipitazio ugariak izatea espero denez, eta zuhaitzek oraindik ere haize-kolpeen ondorioz jaus litezkeen hosto ugari dutenez.

Aldi berean, erakundeei gomendatzen die estolderia baldintza egokietan izatea eta haizeak mugi ditzakeen objektu guztiak erretiratzea.

BIZTANLERIARENTZAKO GOMENDIOAK

  • Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
  • Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
  • Errepidean erne ibili.

UDALENTZAKO GOMENDIOAK

  • Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
  • Tinkatu ondo hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
  • Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta tinkatu ondo.
  • Ziurtatu ez dagoela inor herrian kanpin egiten leku arriskutsuetan, eta aztertu herriko kanpin-instalazio guztiak.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (https://twitter.com/euskalmet) bidez jarraitzea.

Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira.