Eusko Jaurlaritzak zazpi dantzaleku ikuskatuko ditu Halloween gauaren bezperan

0
  • Ertzaintzak 700 lagun baino gehiagorako edukiera duten Euskadiko areto guztietako instalazioak egiaztatu ditu, funtzionamenduan edo dekorazioan egin ahal izan diren aldaketak detektatzeko
  • Gaur, urriaren 31n, Ertzaintzako agenteek diskoteka barruko nahiz inguruko araudia betetzen den ere zainduko dute

Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteek dispositibo berezi bat garatuko dute 700 lagun baino gehiagorako edukiera duten Euskadiko diskoteka guztiak ikuskatu eta kontrolatzeko, Halloween gaueko ospakizunak direla-eta. Operatiboaren helburua urriaren 31 gauerako aurreikusitako festetara joaten direnen segurtasuna zaintzea da.

Agenteak, Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunen zuzendariak eskatuta, zazpi establezimendu ikuskapen egin dituzte, horietako bat Gipuzkoan, bi Araban eta beste lau Bizkaian, Halloween gauaren bezperan. Helburu nagusia da lokalen funtzionamenduan aldaketaren bat egin den edo araudia betetzen ez duen apaingarriren bat instalatu den detektatzea.

Era berean, gaur, urriaren 31n, Joko eta Ikuskizun Unitatea zaintza- eta kontrol-lanetan arituko da, ertzain-etxe ezberdinetako herritarren babeseko agenteekin batera, diskoteken eta dantzalekuen inguruan prebentzio moduan. Instalazioak eta langileen eginkizunak gainbegiratuko dituzte, lokalean adingabekorik badagoen eta lokalaren edukiera kontrolatuko dute eta lokala ixteko ordutegia egiaztatuko dute, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

Ikuskapen horiek lokalen arduradunekin batera egiten dira eraginkorrak direla bermatzeko, eta horien helburua da instalazioei eta langileei eskatutako lege-neurriak betetzen diren zaintzea, ikuskizunen garapen zuzena eta lokalean dauden bezeroen eta langileen segurtasuna bermatzeko.