- Nola: Paduretako ibarrean ibai-parke bat egokitu, defentsarako hormatxoak egin, eta presa txiki bat kenduz
- Helburua: Iurreta babestea ur-goraldi errepikakor eta naturaletatik; izan ere, ubidean dauden estuguneek eta oztopoek areagotu egiten dute horien eragina
Iurretako Udalak eta URAk hitzarmen bat sinatu dute udalerriko herrigunean Ibaizabal ibaiaren uholdeetatik babesteko obren proiektuei ekiteko. Horretarako, bi obra-proiektu modu koordinatuan idaztea aurreikusten da. Horiekin hurrengoa bilatzen da:
- Alde batetik, ibai-parke bat sortzea Ibaizabalen eskuinaldean, Paduretako ibarrean, Frai Juan/Maspe kaleko zubitik ibaian behera hasi eta BI-623 errepideko zubitik berehala ibaian gorako tarte batean, gaur egungo erriberako landaredia aldatu gabe utzita (Paduretako ibarreko zatian Ibaizabalen eskuinaldean egin beharreko jarduketak).
- Bestetik, defentsarako hormatxoak eraikitzea eskuinaldean. Zehazki, Arandiako zubitik ibaian gora dagoen bidegorriaren ondotik doan tarte batean, eta Frai Juan/Maspe kaleko zubiaren eta Francisco Ibarra kaleko zubiaren arteko beste tarte batean. Halaber, Frai Juan/Maspe kaleko zubiaren azpiko presa txikia kenduko da.
Jarduera horiek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko UAKPren Neurrien Programan jasotzen dira, Iurretak (hirigunearen zati handi bat Iurretako Uholde Arrisku Handiko Eremuaren- UAHEaren zati bat da) Iurretako hiri-bilbeari larriki eragiten dioten uholdeak baititu. Bai uraldi-emariek ibilguaren sekzioaren edukiera gainditzeagatik; baita sekzioa estutzeak eta ibilguan diren oztopo nabarmenen ur-laminaren altuera hazarazteagatik ere.
Paduretako ibarrean aurreikusitako jarduketei esker, uholde emarien sakonera nabarmen murriztuko da. Jarduketaren ezaugarriak direla eta, beharrezkoa da erakundeen arteko lankidetza, URAren eta Udalaren artekoa, jarduketa hidraulikoak eta hirigintza-garapena uztartzeko eta, ondoren, proiektuak egin ondoren, obren finantzaketa zehazteko.
Horri dagokionez, Udalak konpromisoa hartu du Paduretako ibarraren zatiko eskuinaldean egin beharreko jarduketetarako proiektua idazteko, eta URAk, berriz, lehen aipatutako luzetarako babesak eraikitzeko, zein Frai Juan de Zumarraga/Maspe kaleko zubipeko presa txikia kentzeko proiektuak idatziko ditu. Gainera, URAk bi proiektuetako lanak koordinatuko ditu eta jarduketa guztien analisi hidraulikoa egingo du.