Kontroleko Osoko Bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, aurrekontu-proiektuak adierazi beharreko anbizioari buruz. 

Lehendakariak azpimarratu du 2024rako aurrekontu proiektuak anbizioa duela eta erdigunean jartzen dituela herritarren behar nagusiak, egungoak zein etorkizunekoak; baina gogorarazi du baliabideak ez direla mugagabeak. Horren harira esan du, gizartearen etorkizuna hipotekatuko duten eskakizunak egitea arduragabekeria eta populismoa direla.

Urkulluk datu objektiboak eskaini ditu aurkeztutako aurrekontu proiektuaren anbizioa eta erantzukizuna adierazteko. Azaldu duenez, historiako aurrekonturik altuena da, 15.000 milioi eurotik gorako gastu publikoarekin, duela hamarkada bat baino % 50 gehiago; lau eurotik hiru bideratzen ditu gizarte-politiketara, iaz baino 650 milioi gehiago; genero-berdintasunarekiko konpromisoak aurrekontuaren bost eurotik batean du isla; Osasunaren aurrekontua 246 milioi hazi da; Hezkuntzakoa 190 milioi; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako aurrekontua 70 milioi hazi da, eta Euskadi da mendekotasunean gehien inbertitzen duen erkidegoa: 2.330 euro pertsonako; inbertsio publikoa 2.000 milioitik gorakoa izango da lehen aldiz; I+G+Bn egindako inbertsioa 700 milioitik gorakoa da; seme-alaba bakoitzeko laguntzen aurrekontua bikoiztu egin da; 11 milioi euro bideratu dira Haurreskolen doakotasunera eta etxebizitzak alokatzeko gazteei zuzendutako laguntzen programa % 10 hazi da.

“Anbizio handiko Programa eta hori betetzeko anbizio handiko Aurrekontua herritarren kezka nagusiei erantzuteko: kalitatezko zerbitzu publikoak eta kalitatezko enplegu aukerak; horiek dira Herri helburuak eta gure lehentasunak eta aurkeztutako aurrekontuek helburu horiei erantzuten die” amaitu du Lehendakariak.

Galdera,  Miren Azurmendi Gorrotxategi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ikastetxeetako elikagaien segurtasunari buruz.

Ikasbidea ikastetxean izandako intzidentziari dagokionez, Urkulluk Hezkuntza eta Osasun sailen “berehalako” erantzuna azpimarratu du. Azaldu duenez, kasuaren jarraipen zehatza egin da, eta Osasun Sailak ikuskapen bat egin du jantokian. Egindako txostenaren arabera, ez da egon, inola ere, osasunerako arriskurik. Kontratuan aurreikusi bezala, Hezkuntza Sailak zerbitzua ematen duen enpresaren zehapen-espedientea hasi du. «Elikadura-segurtasunarekin eta eskola-jantokietako zerbitzuaren kalitatearekin dugun konpromisoa irmoa da eta  segurtasun-neurriak egokitzen eta hobetzen jarraituko dugu, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko», ziurtatu du Lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Leonor printzesak urriaren 31n (asteartea) Diputatuen Kongresuan Konstituzioari zin egiteko ekitaldian lehendakaria ez egoteari buruz.

Lehendakariak azaldu du bere ardura dela euskal gizarte osoa ordezkatzea, gizartearen aniztasuna eta gehiengoaren borondatea betiere errespetatuz eta horregatik ez zuela parte hartu astearteko ekitaldian. Izan ere, kongresuan egindako ekitaldi hartan bi printzipio berretsi ziren estatu-eredu «uni-nazionala» eta monarkia tradizional hereditarioaren jarraipena. “Euskal gizarteak jarrera argi eta garbia eta kritikoa du bi printzipio horiei dagokienez, baita legebiltzar honek ere, martxoaren 30ean onartu zen legez besteko proposamenarekin, zeinak Konstituzioa erreformatzearen alde egiten zuen bi arlo nagusiri lotuta: Errepublika lortzeko aukera gaitzea eta Estatuaren izaera plurinazionala aitortzea. Beraz, “nire erabakiak gizartearen gehiengoaren borondateari erantzuten dio” azpimarratu du.

Galdera, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, epaileek euskararekiko duten sentsibilitaterik ezari buruz Lehendakariak egindako adierazpenen inguruan. 

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla Euskadin eta erakunde eta botere publiko guztiei dagokiela hizkuntza horien erabilera eta biziberritzea sustatzea, euskal herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Konstituzioak berak horixe baitio. Horren harira, gaineratu du gaur egun eskubide horiek ez direla bermatzen eta horregatik beharrezkoa dela euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitzea herritarrek euskara esparru guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten.

Interpelazioa,  Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, zainketen aldeko euskal ituna eraikitzeko prozesuari buruz. 

Lehendakariak esan duenez, Zaintza herri erronka bat da eta debate sozialaren eta politika publikoen erdigunean kokatuta dago. Urkulluk esan duenez, beharrezkoa da egungo zaintza eredua gainditu eta eraldatzea, eredu komunitario baterantz aurrera egiten jarraitzeko, berdintasunean aurrera egiteko, lankidetzatik. “Euskal gizartea zahartzen ari da, eta testuinguru horretan zaintza premiak ere aldatzen ari dira, horregatik, erronka demografikoari aurre egiteko Zaintzen Herri Ituna beharrezkoa da eta ezinbestekoa da adostasun soziala bilatzea, guztion artean eraikitzeko itun hori, eragile sozial, politiko eta feministak kontuan hartzen dituen prozesu  baten bidez” azpimarratu du.

Urkulluk esan du zaintza ereduak erakundeen, familien, hirugarren sektorearen eta enpresen lankidetzaren emaitza izan behar duela. “batzuen eredu ‘berriaren’ abstrakzioaren aurrean, etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten dugu guk, gure aurrekoek egindako lan guztia errespetatuz eta aintzat hartuz; egungo zaintza-ereduaren eraikuntzan beren onena eman duten eta ematen jarraitzen duten profesionalen lanari begirune eta errespetua adieraziz; hori da gure eredua, eta eredu hori hobetzen jarraituko dugu, errespetu osoz eta anbizioz, etengabeko hobekuntzan eta lankidetzan jardunez” esan du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa – Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal epaile eta auzitegien aurkako presio sozial eta politikoari buruz.

Lehendakaria irmoa izan da bere erantzunean: «nire jarrera argia da: legea bete dadila eskatzen dut herritarren hizkuntza eskubideak errespeta daitezen, gaur egun euskara eta gaztelania ez direlako berdintasun egoera batean bizi eta hori onartezina da. Nire betebeharra da euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitzea herritarrek euskara esparru guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten”. Erabaki judizialei dagokienez, Lehendakariak adierazi du, sentsibilitate eta errealitate sozialaren ezagutza falta nabarmena erakutsi dutela. «Sentsibilitate falta diot gaztelaniarekin batera ofizialak diren beste hizkuntza batzuk badaudelako, tartean, euskara eta Konstituzioan jasota dagoenez, botere judizialaren betebeharra ere bada, hizkuntza koofizialak sustatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea” adierazi du Urkulluk. Amaitzeko Lehendakariak azpimarratu du, euskarak banatu baino batu egiten gaituela eta ez dela elkarbizitzarako oztopo, baizik eta kohesio sozialerako elementua dela euskara.