Gaur goizean Nafarroan karbono-hustubide gisa katalogatuta dagoen eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza den lehen proiektua aurkeztu da Lesakan. Ekimen honek, azken urteetako suteetan kiskalitako lurrak basoberritzeaz gain, Foru Erkidegoan enpresen jarduerak sortutako berotegi-efektuko isuriak borondatez konpentsatzeko lagungarri izango da.
Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak ‘CPEN Basoa’ izenpean bultzatutako epe luzeko proiektu honen testuinguruan, gaur Lesakako lehen basoberritze eremuan izan dira José Mari Aierdi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria; Ladis Satrustegi, Lesakako Alkatea; Francisco Fernández Nistal, CPENeko zuzendari nagusia; Javier Martínez, Nafarroako Landa Kutxako Gizarte Ekintza arloko zuzendaria; François Delamarre, ArcelorMittal Lesakako plant managerra; eta Luis Sanz, GAN-NIK sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea. Bertan, datozen hilabeteetan Lesakan egingo diren lanak ezagutu dituzte, baita proiektuak berak parte hartzen hiru enpresen berotegi-efektuko gasen isuriak konpentsatzeko duen funtzioa ere.
Hautatutako parajea, Eskolamendi, 2021eko otsailean kiskali zen, Nafarroa, Gipuzkoa eta Frantziako hainbat udalerriri eragin zien sutean. Zehazki, 1.600 ha-tik gora erre zituen eta Lesakan 400 ha-ra heldu zen. Proiektu honek 13 ha birlandatzea aurreikusten du, 13 futbol-zelairen baliokidea dena. Osotara, 18.289 zuhaitz-landare landatuko dira. Lan teknikoa, GAN-NIK sozietate publikoko baso-kudeaketaren arlotik zuzentzen ari da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan.
José Mari Aierdik, Landa Garapeneko eta Ingurumeno kontseilari eta GAN-NIK sozietate publikoko presidenteak azaldu duenez, «CPEN eta Nafarroako sozietate publikoak, GAN-NIKen eskutik, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen garapenean paper garrantzitsua hartzera aurreratu dira ekimen honekin. Egurra bizia da gure landa-munduarentzat eta gaur Lesakan martxan jarri dugun gisako basoberritzeek lehengai berriztagarria eta bertakoa sortzen laguntzen dute. Gainera, mendien ekosistema hobetzeko eta landa-inguruneen zein tokiko ekonomiaren garapen iraunkorrerako lehen mailako aukera dira».
Bestalde, Francisco Fernández Nistal CPENeko zuzendari nagusiak, lankidetza publiko-pribatuko proiektu hau aitzindaria dela azpimarratu du eta bere eragina maximizatzeko enpresen partaidetzak duen garrantzia nabarmendu du: «Nafarroan ia ez da landu Karbonoaren Borondatezko Merkatuan zenbatzen den proiekturik, CO2 isuriak neutralizatu nahi dituztenentzat, edo, besterik gabe, basoberritzeko proiektuetan parte hartu nahi dutenentzat. Proiektu hau, hain zuzen ere, azken urteetan lurraldean izandako suteei erantzun kolaboratiboa emateko beharraren aurrean sortu da, sektore pribatua basoberritze proiektuetan inplikatuz eta euren zeregina ezinbesteko bilakatuz».
Era berean, Lesakako alkate den Ladis Satrustegik, holako ekimen batek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du: «Proiektu hau oso interesgarria da Lesakarentzat, gure fondo propioekin ez litzateke posible izango Eskolamendiko zonaldea basoberritzea eta oso eskertuta gaude aukeragatik».
‘CPEN Basoa’, Nafarroako enpresa-sareari irekitako ekimena
CPENek CPEN Basoa–ren ekimena abiarazi du, Nafarroako azken udetako baso-suteek kiskalitako lurretan basoak berritzeko eta isuriak borondatez konpentsatzeko proiektuak abian jartzea bultzatu eta errazteko. Xedea lankidetza publiko-pribatua sustatzea da, Nafarroako enpresa-sarea foru lurraldean aurrera eramaten diren basoberritze-proiektuetan inplikatuz, karbono-hustubideak sortzeko eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak konpentsatzeko mekanismo baliozkotu gisa.
Horretarako, Lesakakoarekin batera, Nafarroan kokatutako basoberritze-proiektuen zorro bat eskaintzen du, interesa duten erakundeek parte hartzeko aukera izan dezaten eta euren aztarna, osoa edo zati bat, konpentsa dezaten.
Proiektu horiek ingurumen eta gizarte onura ugari dituzte; hala nola, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzea (karbono-bahiketa ere esaten zaio), enplegua sortzea edota lurralde kohesioa hobetzea.
Kasu guztietan, proiektuek baso-masa kudeatzeko plan bat izan behar dute eta plan horretan adierazi beharko da zer jarduketa aurreikusten diren, planaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko.
Hitzarmenaren sinadura
Gaur goizean, Eskolamendiko parajera bisita egin aurretik, lankidetza hitzarmen honen sinadura egin da. Proiektuaren sustatzaileak, CPEN eta Lesakako Udala, ekimenera batu diren hiru enpresa pribatuekin batera, Lesakako Udalean elkartu dira. ArcelorMittal Lesakatik François Delamarre, Plant Manager-a joan da; Nafarroako Rural Kutxatik Javier Martínez, Gizarte Ekintza arloko zuzendaria; eta Hidrorubber-en enpresak ere proiektuan parte hartzen du, Lesakan egoitza duelarik.