SPRIK kalifikazio-txostenen zerbitzu berria eskainiko du zerga-helburuetarako aurrerapen teknologikoa duten berrikuntza-proiektuetarako

0

SPRI Taldeak aurrerapen teknologikodun berrikuntza-proiektuekin lotutako zerga-helburuetarako kalifikazio-txosten teknikoak igortzeko zerbitzu berria aurkeztu du. Zerbitzu hori foru-aldundiek eskaintzen duten zerbitzuarekiko osagarria izango da. Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak, Cristina Oyónek, Elkargik eta Cotec-ek antolatutako “Fiskalitatea berrikuntzarako finantza-motor gisa” jardunaldian aurkeztu dute.

Zerbitzu hori berrikuntzari beste bultzada bat emateko asmoz SPRIk abian jarritako bi ekimenekin lotuta dago. I+G arloan egin izan den moduan, zerbitzu honen helburua da enpresetan berrikuntza-jarduerak sustatzea, bultzatzea eta indartzea, zerga-pizgarridun berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzen programa berria, 2024ko martxoan argitaratuko dena, osatuz.

Azken urteotan, Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloak 2018ko Osloko Eskuliburuak finkatutako ikuspegiaren arabera landu du berrikuntza. Hala, berrikuntza-proiektuak karakterizatzeko eta ebaluatzeko metodologia berri bat zehaztu da, definizio horrekin bat datorrena. Metodologia horren bidez, ebaluazioa egin daiteke eta, positiboa bada, sozietateen gaineko zergan foru-aldundientzat loteslea den txostena igorri.

Aurrerapen teknologikodun berrikuntza-proiektuetarako Zerga Ondorioetarako Kalifikazio Txostenak igortzeko zerbitzua doakoa izango da eta urte osoan zabalik egongo da. Euskadiko industria arloko mikroenpresei, ETE-ei eta enpresa handiei, eta industriari lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenei bideratuta egongo da.  Aurretiazko txostena denez, enpresek haien berrikuntza-estrategiaren inguruko plangintza egin ahal izango dute eta, gainera, zerga-dedukzioak aplikatzeko garaian ziurtasun handiagoa emango die.

Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira I+G proiektuekin lotutako zerga-ondorioetarako kalifikazio-txosten teknikoak erabiltzeko gaur egun erabiltzen den aplikazioaren bidez.

Berrikuntza-programa berriak aurkeztutako eta onartutako aurrerapen teknologikodun berrikuntza-proiektuen proposamenek automatikoki jasoko dute txostena.