Markina Xemeingo ‘LARRUZ Ahuntz Gazta’ izan da txapelduna ESNEKIren Euskal Herriko Gaztarik Onena hautatzeko lehiaketaren II. edizioan

0

Guztira 85 gazta eta jogurt aurkeztu dira II. Euskal Herriko Gazta eta Esneki Lehiaketara

Euskal Herriko XIV. Frisoi Txapelketan 50 parte hartzaile izan dira eta Karrantzeko Casa Nueva-ra joan da sari nagusia

Gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa beste behin, ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZI-k, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker Esneki Zentroak sustatuta, indartsu bueltatu da ESNEKI topaketa bere bigarren edizioan, bere erroak sendotuz eta jendartearen arreta bereganatuz.

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan da bi egunez. Ostiralean sektoreko profesionalak elkartu ziren Tolosako Beotibar Pilotalekuan antolatutako kongresuan. Larunbatean berriz, elkarrizketak mokadu bilakatu dira: denera, 25 ekoizlek jarri dute postua Tolosako erdigunean ospatu den azoka berezian; eta bestetik, 85 gazta eta esnekik hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketaren bigarren edizioan. Gastronomia munduko 30 lagunek osatu dute epaimahaia ebazpenerako.

Zortzi kategoriatan banatu da txapelketa hau (gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak), eta horietako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria banatu dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. Azpi-kategoria bakoitzak izan du bere sariduna.

Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Markina Xemeingo Muniozguren-en ‘LARRUZ AHUNTZ GAZTA’-k jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Saria, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuodeak, Bittor Orozek eman dio.

50 behi Frisoi Txapelketan

Nekazaritza elikagaien industriarentzat erabakigarria da, horrekin batera, ESNEKI azokaren epizentroa osatzen duen beste lehiaketa: Euskal Herriko XIV. Frisoi Txapelketa. Hau ere larunbat goizez egin da Tolosako Ferialekuan. Hobekuntza genetikoaren eta ganaduzaleen eguneroko lanaren bidez lortu diren lorpenak sektoretik kanpo dagoen jendartera gerturatuz.

Lehiaketan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 5 ganadutegik hartu dute parte, 50 abelbururekin. Lehiaketa zortzi ataletan banatu da, eta sari nagusiaz gain, beste lau sari berezi banatu dira.

Sari Nagusia, behien txapeldunen txapelduna, Karrantzako Casa Nueva izan da. Bigarren sari berezia, berriz, Planillok (Cascante) irabazi du. Errape hoberena duen behia Karrantzako Casa Nueva-koa izan da. Ganadutegi hoberenaren ohorezko garaikurra
azkenik, Cascanteko Planillok irabazi du.

Esnegintzan murgilduz

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak ere egin dira bi egunotan ESNEKIren baitan. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, aurreko edizioan arrakastatsua izan zen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ ekimena errepikatu da, Euskal Herrian ekoitzitako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatuak. Aurten ez da bestelakoa izan, eta txanda guztietako txartelak aurrez agortuta zeudela egin dira.

Tolosako Trianguloan jarri den ‘Esnetan’ espaziora, berriz, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek.

“Arrakasta” hitza erabiliz definitu du Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismoa eta azoken saileko zinegotziak, ESNEKIren bigarren edizio hau: “Bigarrenez eragile ezberdinen artean elkarlanean antolatutako topaketa hau indartsu dagoela ikusi ahal izan dugu. Sektoreak ere erantzun du, eta Euskal Herriko gazta eta esneki ekoizleen lana balorean jartzea denez ekimen hauen helburuetako bat, emaitzarekin kontentu gaude. Azken, batean, gazta, esnekiak, baita esnea bera ere, gure elikaduraren oinarri dira, eta hala izan dadin, balioan jarri behar dugu. Eta, hori, gozatuz egin badaiteke, are hobeto”, azaldu du Agirresarobek.