ADI Data Center eremu Atlantikoko datu zentro handiko lehen harria jartzeko ekitaldian izan da Lehendakaria

0
  • “Azken finean, zero kilometroko sistema bati buruz ari gara, abangoardiako teknologia digitala darabil eta Euskadin sustraituta dago” – adierazi du
  • Lantoki hau lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da; zentro honi esker, enpresa eta erakundeek informazioa gordetzeko gaitasun handia izango dute, betiere segurtasun neurri handiekin eta lanetik hurbil

Arantxa Tapia sailburuak lagunduta, ADI Data Center gune Atlantikorako punta-puntako datu zentro handiko lehen harria jartzeko ekitaldian izan da Lehendakaria; enpresa hau Bizkaiko parke Teknologiko eta Zientifikoko Ezkerraldea-Meatzaldea Campusean kokatuko da, Abanto-Zierbenan.

Elkarlan publiko-pribatuaren uzta da azpiegitura teknologiko hau, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren, eta Dominion, Euskaltel eta Teknei Taldearen arteko lankidetzaren fruitua, eta, datu zentro berri honi esker, enpresa eta erakundeek informazio biltegi handia izan ahalko dute hodeian, betiere segurtasun neurri handiekin eta hurbil-hurbiletik, horrela, euren eraldaketa digitaleko prozesuak aurrera eraman ahal izateko.

Bere agerraldian, egunak berebiziko garrantzia duela aitortu du Lehendakariak, izan ere, oso urte gutxitan, idazmakinez dokumentuak sortu eta artxibategietan gordetzetik `hodeian´ biltegiratzera igaro da lan-mundua.

“Egun batetik bestera dena aldatu da” –adierazi du– eta laneko informazioa gordetzeko modu berri honek “jauzi kualitatibo handia” dakarrela nabarmendu du, zeharo aldatuko baitu teknologia berriekin lan egiteko modua.

Era berean, adierazi du salto teknologiko orok urduritasuna sortzen duela, “baina aldaketa teknologiko bat ezarri eta denbora batera, lehen nola lan egin ahal genuen galdetzen diogu geure buruari. Teknologia honekin ere hori gertatuko da”.

Horregatik guztiagatik, Lehendakariak garbi dauka Atlantic Data Infrastructure-ADI zentroak aukera “hurbila, fidagarria eta ekonomikoa” eskainiko diola euskal industriari, eta datuen biltegiratzea enpresen garapen digitalerako oztopo izatea saihestuko duela.

“Azken finean, sistema hau ´zero kilometro´ da, abangoardiako teknologia da, eta Euskadin errotuta dago”- adierazi du.