Donostiak Visit-Bizi aurkeztu du, Turismo Jasangarriaren Plan Zuzentzaile berria

0

Plan berriak donostiarren bizi kalitatea du abiapuntu

Azken urteotan, Donostiako turismo sektorean eragina duten aldaketa sakonak gertatu dira mundu osoan, eta beharrezkoa da hainbat erronka garbitzea, besteak beste: koronabirusak ekarri zuen krisia gainditu, turismo jarduera eta turismo jomugaren garapen jasangarria elkarrekin lerrokatu, klima-larrialdia kudeatu eta hiriaren oparotasunari eta herritarren bizi kalitateari eustea.

Hori dela eta, Donostia Turismoak Turismo Jasangarriko Plan baten alde egin du; horretarako, badu zeharkako ikuspegi bat, hiriko Plan Estrategikoarekin eta Ingurumen Planarekin lerrokaturik dagoena. Plan hau aurreko turismo planaren jarraipena da, baina, jasangarritasuna eta partaidetza oinarri hartuta, arreta handiagoa jartzen du hiriaren kudeaketan jomuga turistiko gisa.

Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, «Entzuten dugu. Jakin badakigu zenbait donostiarrentzat turismoak eragozpenak eta deserosotasunak sortzen dituela. Horregatik, Udalak turismo – jarduera eta herritarrei eman beharreko arreta uztartzen dituzten lege-esparruak sortzen jarraituko du. Erronka erraldoia da: hirian garrantzitsua eta pisu handia duen aktibitate ekonomikoa ondo kudeatzea, baina donostiarren bizi-kalitatea erdigunean jarriz, beraien bizitzarekin eta auzoarekin gustura egon daitezen. Turismo jasangarria defendatzen dugu. Edo agian egokiagoa litzateke esatea, “arrazoizko turismoa”. Hiriak digeritu edo bere gain hartu dezakeen turismoa, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko egokia izango den turismoa «.

Jon Insaustik, Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotziak, azpimarratu du beharrezkoa dela “oreka lortzea ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-alderdien artean. Turismoak bertako enpresentzat errentagarria izan behar du, baina donostiarren egunerokotasunarekin bateragarria ere, ingurumenean inpaktu txikiena sortuz. Horregatik, turismo behatoki bat sortuko dugu, datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko eta eredu jasangarri bat sustatu ahal izateko. Sektorearen lehiakortasuna handitzen eta hiriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen eredua, hain zuzen ere«. Eta, hitzaldia amaitzeko, hurrengoa nabarmendu du: «gure nortasuna eta ondarea gure sustraien parte dira, eta hori da bereizten gaituena. Bisitatzen gaituztenei, hiria donostiarrek bezala bizitzera gonbidatzeko aukera dugu, jasangarritasunetik eta errespetutik »

 

Helburua eta ibilbide orria

Visit-Bizi Turismo Jasangarriaren 2023-2027 Planaren helburua turismo jasangarriko eredu bat garatzea da, lehentasuna turismoaren kalitateari emateko, turisten kopuruari eman ordez, hori guztia publiko estrategikoak erakarriz, espazio publikoa arautuz eta hiriaren nortasuna indartuz.

Gainera, helburuak lortzeko ibilbide orri oso zehatz bat definitu da, hurrengo puntuetako bakoitzari buruzko neurri espezifikoak barne hartzen dituena.

    • 1. Ostatu sektorea arautzea

2. Bisitaldiak urte osoan eta lurralde osoan zehar banatzea

3. Hirian mugikortasuna eta bisitarien etorrera hobetzea

4. Alde Zaharra, Ekialdeko Erdigunea, Portua eta Gros bereziki zaintzea

5. Gure kultura eta nortasuna propioa, jatortasuna, gordetzea

6. Euskararen, gure hizkuntzaren balioa azpimarratzea

7. Sustapen masibotik urrundu, publikoak segmentatu eta merkatu estrategikoak hautatzea

8. Teknologia herritarren zerbitzuan jartzea

9. Parte hartzea eta lankidetza sustatzea

10. Bisitarientzako zergak sortzea, herritarren onurarako

11. Jasangarritasuna sustatzeko neurri gehigarriak

Azkenik, hiriko turismoaren kudeaketa hobetzeko beren proposamenak oraindik partekatu nahi dituzten herritarrek horrelaxe egin dezakete Donostia Turismoaren webgunean dagoen Plan Zuzentzailearen atalean, non planaren laburpen dokumentua ere kontsultatu ahal izango baitute.