Jokin Bildarratzek Hezkuntza Legeak Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizunari egingo dion ekarpen handia azpimarratu du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, informazio-gosari batean parte hartu du Bilbon. Bertan, etorkizuneko Hezkuntza Legearen elementu esanguratsuenak eta mugarri nagusiak azaldu ditu. Lege horrek Legebiltzarrean zuzenketa partzialak eztabaidatzeko fasearekin jarraitzen du, eta, behin onartu ondoren egonkortasuna emango dio Euskal Hezkuntza Sistemari datozen hamarkadetan.

Bildarratzek nabarmendu du Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Lege Proiektua lankidetza prozesu handi baten emaitza dela, eta eragile guztien parte-hartze zabala eta paper aktiboa izan duela. Horrez gain, sailburuaren esanetan testua leiala da 2022ko apirilaren 7an Legebiltzarrean sinatutako hezkuntza-akordioarekiko, itun hartako akordioak jasotzen baititu.

Lege-proiektuak sartzen dituen elementuen artean, testu horrek kalitatezko hezkuntza-sistema propio baten alde egiten duen apustua izan du hizpide sailburuak, bai eta gizarte-kohesioaren eta ekitatearen alde egiten duena ere, pluraltasunari eta gizarte-aniztasunari era berean erantzunez funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztiek. Gogorarazi du, egun indarrean dagoen 1/1993 Legeak ez bezala, hezkuntza-sistemaren arauketa integrala dakarrela honek –ikastetxe publikoak zein itunpekoak –, baina hezkuntza publikoaren protagonismo ukaezinari eutsiz, betiere.

Etorkizuneko legearen funtsezko elementu gisa nabarmendu du, halaber, honek oinarri sendoa eskaintzen duela esparru eleaniztun berri bat abian jartzeko, euskara indartuz ardatz egituratzaile gisa, irakaskuntzaren kalitatearen aldeko apustu esplizitua egiten baitu komunikazio eta hizkuntza-gaitasuna garatzeko (euskaraz zein gaztelaniaz). Azaldutako horiez guztiez gain, legearen elementu bereizgarritzat jo ditu ikastetxeak eta hauen zuzendaritza-taldeak ahalduntzea, edo ikastetxeen autonomia eta pedagogia-autonomia indartzea, beharrezkoak baitira horiek guztiak hezkuntza eraldatzeko prozesua gauzatzeko. Azken hau ere, hezkuntzaren eraldaketa, etorkizuneko legearen ardatzetako bat da.

Azkenik, adierazi du lege-testu berria beharrezko tresna izango dela Euskal Hezkuntza Sistemak bere asmoetan aurrera egin dezan, hezkuntza-erronkei aurre egiteko bidea gidatuko eta markatuko duen tresna.