‘Matchmaking Berrikuntza Osasunean: Smart Medical Devices and Robotics’ Foroa

0

Euskadi erreferentziazko “polo teknologiko” gisa finkatzea I+G+B biosanitarioaren arloan, balio handiko enpresa-sarea indartzea, eta erkidegoan talentua sortzea, bertara erakartzea eta fidelizatzea.

Helburu horiek gidari, berrikuntzaren eta osasun-arloaren ekosistema osatzen duten hainbat eragile —erakunde publikoak, startupak, I+G+B taldeak, industria eta zentro teknologiko eta klinikoak— elkartu dira urriaren 18an eta 19an, “Matchmaking Innovación en Salud: Smart Medical Devices and Robotics” foroan, zeina antolatu baitute Fenineko Osasun Teknologiako Berrikuntzaren Espainiako Plataformak, Tecnaliak, Basque Health Clusterrek eta Ikerketa Kirurgikoen Espainiako Elkartea (SEIQ). Beste erakunde hauek ere lagundu dute ekimenean: Eusko Jaurlaritza, SPRI taldea, BIC Bizkaia, Basque Research & Technology (BRTA), Carlos III.a Osasun Institutuaren ITEMAS plataforma, Ingeniaritza Biomedikoaren Espainiako Elkartea (SEIB) eta Osasun Zuzendarien Espainiako Elkartea (Sedisa).

Topaketan parte hartu duten startupek aukera izan dute osasun-teknologiako enpresei eta ikerketa kliniko eta teknologikoetako zentroei “Smart Medical Devices & Robotics” direlakoen eremuan dituzten produktuak eta zerbitzuak aurkezteko, finantziazio publiko eta pribatuko aukerak aztertzeko. Aurkezpen horien ondoren, gune bat ireki da networkingerako eta bana-banako bilerak egiteko enpresa ekintzaileen eta FENINi atxikitako konpainien artean eta haien proiektuen finantzatzaile potentzialen artean.

Networkingaren aldeko apustu horretaz gain, programak zenbait hitzaldi eta mahai-inguru antolatu ditu, eta, ikuspegi kliniko eta industrialetik, I+G+B biosanitarioaren erronkak, premiak eta aukerak aztertu dira, robotikaren alorrean arreta berezia jarriz.

Halaber, hilaren 18ko jardunaldian “Health Robotics Arena” izeneko formatu berri bat antolatu zen: beren eguneroko jardunean aurre egin behar dieten benetako “erronka kliniko” batzuk azaldu zituzten zenbait ospitaletako medikuek, topaketan zeuden konpainietako eta startupetako teknikariek soluzioak plantea zitzaten, berrikuntzan eta tresna teknologikoen garapenean oinarrituta.

Euskadin egindako foro hori lehenago egindako beste “Matchmaking Innovación en Salud” batzuei gehitu zaie (Madrilen, Asturiasen eta, 2022an, Euskadin bertan egindakoak), eta jarraipena izango dute beste leku batzuetan egingo diren hurrengo topaketekin. Helburu bera dute guztiek: erreferentziazko polo teknologikoak bultzatzea herrialde osoan, osasun-sistemaren eta gizartearen onerako.