- Minorkult-Zubigintza Jardunaldiak Unibertsitateko Arabako Campusean
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du “pobreziari, indarkeriari eta klima-aldaketaren eraginei ihes egiten dieten pertsonen migrazio-mugimenduek bai Euskadin bai Europar Batasun osoan duten eginkizuna mundu berri baten oinarriak eraikitzean, gizarte justuago, gizatiarrago, aurreratuago, solidarioago eta –planeta osoa bezala– jasangarriago batekin”.
Melgosak gaur hasita asteazkenera arte UPV/EHUren Arabako Campusean egingo diren X. Minorkult Jardunaldien aurkezpenean esku hartu du. Minorkult profesionalen, ordezkari publikoen, hainbat elkarteren, irakasleen eta kulturartekotasunean eta hezkuntza globalean adituak direnen arteko topaketa bultzatzen duen gunea da. Bertan, kulturartekotasuna espazio dialogiko batetik eraiki nahi da.
Horretarako, egun hauetan esperientziak, bizipenak, proiektuak eta mahai-inguruak aurkeztuko dira, beste kulturekiko harremana sustatuz norberaren esperientziatik abiatuta, kulturarteko Euskadi, gizarte eta mundu hobe baten ernamuina izango dena, lortzeko.
“Migratzaileei, Eusko Jaurlaritzatik, eta Jaurlaritzaren bidez Euskadiko gizartetik, ahalik eta giza laguntza handiena ematen diegu, bizitza duina eta errespetatua bermatuko dien egoera batera iritsiko direnaren konfiantzarekin. Hain zuzen ere, Minorkult jardunaldien helburuetako bat da aniztasunaren erronkak planteatzea demokrazian, legezkotasunean eta giza eskubideetan oinarritutako kultura anitzeko gizarteen baitan. Gizarte Eskubideen Europako Oinarri amestuarekin guztiz bat datorren helburua da”, adierazi du Melgosa sailburuak.
Irakasleek
Jardunaldiak aurkezteko Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egin den ekitaldian esku hartu dute Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Pascual Borjak, Aniztasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak; Manoli Igartuak, Arabako Campuseko errektoreordeak; Julio Callejak, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak; Julia Shershnevak, Ikuspegiren zuzendariak; eta Joseba Arregik, Jardunaldien zuzendariak.
Jardunaldien antolatzaileak UPV/EHUko irakasle doktore hauek dira: Joseba Arregi, Naiara Escalante, Irati León, Igone Palacios, Andrea Perales, Arantza Rico eta Aritza Sáenz del Castillo.
“Urte nahasi hauetan, munduko eskualde guztietan tirabira ugari gertatzen ari diren, estatuen eta gizarteen arteko gerrak eta erasoak aktibo dauden, planetaren jasangarritasuna modu kezkagarrian narriatzen ari den eta gizarte aurreratuenetan biztanleria-krisi zaila bizi dugun urte hauetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira elkarrizketa eta analisi barea, modu positiboan aurrera egiteko mundu hobea lortzeko bidean”, aipatu du Nerea Melgosak.
Jardunaldietan, sailburuak IKUSPEGI – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren eta BILTZEN – Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuaren presentzia eta lana nabarmendu ditu. “Seguru asko, bi zerbitzuek ekarpen bikaina egiten diote zientziaren eta formakuntzaren arloan Minorkult guneari Arkauteko akademiarekin eta Osakidetzarekin batera etorkizuneko irakasle gazteen kolektiboari lotuta egiten duten elkarlanean”.
Hamargarren jardunaldi hauetako programan nabarmentzen dira emakume ijitoei, kulturartekotasunari edo Afrikako kontinenteak garapen propioa izateko beharrari buruzko erreferentziak, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak eta Afroamerikar Egoiliarren Elkarteak euren azalpenetan zehaztuko duten moduan.
Orain arte 400 ikasle baino gehiago igaro dira Minorkult jardunaldietatik, eta horietatik ia 300 emakumeak izan dira. Jardunaldiek erakunde, eskola, gizarte-eragile eta tokiko eragileekin harreman zuzena izateko eta “etorkizuneko Euskadi hobetzeko” proiektuak garatzeko aukera ematen dute.