Raquel Martí UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako Espainiako Komiteko zuzendariarekin bildu da Lehendakaria

0

Raquel Martí UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako Espainiako Komiteko zuzendariarekin eta Bárbara Ruiz Balzola UNRWAko Euskadiko ordezkariarekin elkartu da Lehendakaria. Lehendakaritzako bilkura horretan Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia eta Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia ere izan dira.

“Biztanle zibilen aurkako bortizkeria ekintza guztiak” gaitzesten dituela adierazi dio Iñigo Urkulluk Raquel Martíri, eta, era berean, doluminak eta elkartasuna helarazi dizkio Israelgo armadak Gazan egin duen erasoan hil diren UNRWAko 70 pertsonekiko.

Horretaz gain, “70 urtetik gora Palestinako errefuxiatuei, ez Gazan eta Zisjordanian babestuta bizi diren errefuxiatuei soilik, baita Sirian, Libanon eta Jordanian dauden Palestinar bizilagunei ere, heziketa, osasuna, laguntza humanitarioa eta gizarte zerbitzuak helarazteko egiten ari diren lana” aitortu dio UNRWAko ordezkaritzari Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Gainera, orain, aitortza eta babesa, “beharrezkoagoa eta presazkoagoa da, muturreko krisi humanitarioa bizitzen ari baikara. Hori horrela izanik, UNRWAk Eusko Jaurlaritzaren prestutasuna izango du, bere gaitasunen barruan, ahal duen guzti horretan laguntzeko”. Ildo beretik, “Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozio-ekonomikoen jarraipena egiteko sail arteko mahaia” sortu du Eusko Jaurlaritzak. Eta, hain justu ere, “krisi humanitarioari aurre egiteko Euskaditik egin daitezkeen ekarpenak baloratu eta bideratzea da” mahai honen helburuetako bat.

Zentzu honetan, hurrengo asteartean Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren 500.000 euroko ekarpena onartuko duela jakinarazi die UNRWAko ordezkariei Lehendakariak, duela bi aste iragarri zen bezala. Horrela, lehenengo 90 egunetako behar humanitarioei erantzuteko, gutxienez, 100 milioi euro biltzeko UNRWAk egin zuen “Hasierako larrialdi deialdiari” erantzuteko izapideak amaituko ditu Eusko Jaurlaritzak.

UNRWAko zuzendari exekutiboak Lehendakariari “esker ona adierazi dio, krisi honen aurretik eta larrialdi humanitario honen erdian, Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duten babesarengatik eta elkartasunarengatik”.

Raquel Martík, horretaz gain, azken gertakarietako datuak partekatu ditu Lehendakariarekin “Gazako tragedia humanitarioaren ondorioz, guztira, 1,4 milioi pertsona baino gehiago mugiarazi dira lurraldearen barruan; 690.000 bizilagun UNRWAren 150 instalaziotan babestuta daude; Lurralde barruko lekualdaketak aterpetxe bakoitzeko aurreikusitako edukieraren hirukoitza baino gehiago dira.”  Ildo beretik, Rakel Martíren ahotan, une honetan, “lehentasunak hauek dira: biztanle zibilen aurkako erasoak etetea eta laguntza humanitarioa eskala handian eta iraunkortasunez sartu ahal izatea, bai eta erregaiak, ura, elikadura eta hornidura medikoak ere”.

Era berean, URWAko ordezkariarekin Eusko Jaurlaritzaren jarrera partekatu du Lehendakariak. Lehenengo eta behin, “pertsona babesgabeak erailez eta bahituz urriaren 7an, Hamasek abiarazitako erasoaren gaitzespen irmoa. Bigarrenik, nazioarteko gizarte eskubideak errespetatzen ez dituen edo biztanle zibilen kontrakoak diren Israelgo armadaren ekintza edo erreakzio oro gaitzesten dugu. Hirugarrenik, bat egiten dugu Nazioarteko Zuzenbidearekin eta Nazio Batuekin, eta biktimei elkartasuna adierazten diegu”.

Oinarri horren gainean, une honetan, “lehentasuna humanitarioa da, hori dela eta, korridoreak Gaza barrualderaino finkatzen, bahituak askatzen eta biztanle zibilen kontrako erasoak eteten lagun dezakeen edozein ekintza edo bitartekaritza babestu behar da”, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez.

Berehalako premia humanitarioez gain, “su-etena lortu ahal izateko eta krisitik ateratzeko irteera prozesu adostua erdiesteko, ezinbestekoa eta presazkoa da nazioarteko diplomazioak esku hartzea”, Eusko Jaurlaritzaren arabera. “Epe labur, ertain eta luzean, Ekialde Hurbil eta Ertainean, konponbide baketsu eta iraunkor bat lortzeko nazioarteko ahalegin onenekin lerratzea eta bide hori urratzen laguntzea da” Eusko Jaurlaritzaren jarrera.