Segurtasun Sailak 790 milioi euro gastatuko ditu 2024an, aurreko urtean baino % 6 gehiago

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Miren Goitia Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak lagunduta, gaur eguerdian aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Segurtasun Sailaren 2024rako aurrekontua. Zehazki 790.157.000 euro dira, aurten baino % 5,9 gehiago (+43.829.000€). 1. kapituluko langileen gastuak zenbatu gabe, gastuen eta inbertsioen ataleko erabilgarria 208.674.343 eurokoa izango da.

2024ko aurrekontuaren ia % 6ko igoeraren arrazoi nagusiak hauek dira:

  • 24,1 Mill/€ langile-gastuak finantzatzeko: lansarien igoera orokorra, antzinatasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioak, Ertzaintzako karrera profesionalaren ordainketa, etab.
  • 22,5 Mill/€ trantsizio energetikorako eta jasangarritasunerako: inbertsioa polizia-ibilgailu hibrido entxufagarrietan, energia garbien errekarga guneetan, eraikinak birgaitzean energia-efizientzia hobetzeko, etab.
  • 41,4 Mill/€ Ertzaintzaren eta 112-SOS-DEIAK Larrialdien eraldaketa digitalerako: inbertsioa sistema zentralizatuei eta lanpostuei euskarria ematen dioten azpiegitura teknologikoetan, zerbitzuen kudeaketa optimizatuko duten sistemen ezarpena, etab.
  • 2 Mill/€ Cyberzaintza sortzeko: Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria da, eta, 2024tik aurrera, Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko erakunde formal gisa eratuko da. Hiru jarduera-ardatz izango ditu: ziberdelituei aurre egitea (Ertzaintzarekin koordinatuta), azpiegitura eta datu publikoak babestea (euskal erakunde guztiekin koordinatuta) eta, azkenik, enpresa-azpiegiturak eta -datuak babestea (Eusko Jaurlaritzako ekonomia-sustapeneko taldearekin koordinatuta). 2024an, Cyberzaintzak lehenetsiko ditu inteligentzia-zerbitzuak, zaintza digitala eta zibererasoei aurre egitea, euskal erakunde publikoak babesteko. Horretara 850.000€ bideratuko dira.
  • 11 Mill/€ “Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak” egiteko: informatikako gastuak, telekomunikazioak, kabinak, boto-paperak, boto-kutxak, eskuliburuak, posta-zerbitzuak, hauteskundeetako erakundeen komunikazio-kanpainak, alderdi politikoen finantzazioa hauteskundeetan lortutako ordezkaritzaren arabera, etab.

Emakumeen aurkako indarkeria

Segurtasun Sailaren jarduera-ardatz nagusietako bat indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babes integralera bideratzen dena da. Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte Euskadin bikoteak edo bikotekideak:

  • Maiatzaren 16an, Lourdes, 50 urtekoa, Orion hil zuen bikotekide ohiak, eta, ondoren, honek bere buruaz beste egin zuen.
  • Maiatzaren 28an, Maialen, 32 urtekoa, Gasteizen hil zuen bikotekide ohiak.

Datorren urtean Ertzaintzak “Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoa” jarriko du abian. Ertzaintza esparru horretan aspaldiko urtetatik egiten ari den polizia-lana “EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioan” ezarritako helburuetarantz bideratzeko eta helburu horiekin lerrokatzeko agiri berritua izango da. Josu Erkorekak adierazi duenez, plan horrek era ezberdinetako neurriak eta jarduketak jasoko ditu eta 2024rako jada izango dituzte aurrekontu-konpromisoak. Neurri horien artean, hauek nabarmentzen dira:

  1. 5 Mill/€ babes pertsonalerako, bizkartzain-zerbitzuarekin, indarkeria matxistaren kasu larri eta berezienetako biktima diren emakumeentzat.
  2. 1,4 Mill/€ % 40 gehitzeko Ertzaintzako ikerketa-taldeak, emakumeen kontrako indarkeria-arriskuaren ebaluazioan eta espedienteen jarraipenean aritzen direnak (29 plaza gehiago)
  3. 100.000€ UPV/EHUrekin egingo den hitzarmen berri bat finantzatzeko, biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak ebaluatzeko eta tresna horiek Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera egokitzeko. Datorren urtean sinatuko den hitzarmena 2027ra arte luzatuko da, eta 100.000 euroko gastua izango du lehenengo urtean, 125.00 eurokoa 2025ean, 120.000 eurokoa 2026an eta 95.000 eurokoa 2027an.
  4. 72.091,80€ erreminta informatikoa (EBA, Emakumeen eta Etxekoen Babesa) eguneratzen jarraitzeko. Emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digitala da. Bi eguneraketa egingo dira: Istanbuleko Protokoloan jasotako indarkeria-mota guztiak jasotzeko eta Estatuko gainerako poliziekin konexioa ezartzeko.
  5. 40.000€ Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diziplina anitzeko formakuntza-plan berri bat landu eta eskain dezan emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, biktima diren emakumeekin harremanetan jartzen diren agenteentzat.
  6. 100.000€ Ertzain-etxeetan eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan biktimei arreta eta azalpenak emateko dagoen ikus-entzunezko materiala berritzeko.
  1. 62.194,00€ Euskal Poliziaren koordinazio-protokoloak ezartzen jarraitzeko, indarkeria matxistaren biktimei polizia-arreta homogeneoagoa emateko. Kontu-sail honek aukera emango du poliziaren esku-hartzeko protokoloak sortzen eta ezartzen jarraitzeko, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen arteko jarduera-jarraibide bateratuekin, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izateko eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragozteko erakunde batetik bestera ibilita.
  2. 150.000€ komunikazio-kanpaina instituzionalerako, 112 SOS DEIAK zerbitzuaren aplikazio mugikorra, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei larrialdietako dei isilak, segmentatuak eta geolokalizatuak egiteko aukera ematen diena, zabaltzeko.
  3. 100.000€ beste jarduera batzuetarako: berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloan aholkularitza profesionala eta formakuntza espezializatua emateko.
  4. Inbertsioa obretan Ertzain-etxeetako eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetako gune fisikoak egokitzen jarraitzeko, biktimak berriz biktimizatzea eragotziko duten gune adeitsuagoak sortzeko.

Azaroa 2023

Azaroaren 1ean erabilgarri dauden datuen arabera, Ertzaintza genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktima diren 5.588 emakume babesten ari da: 2.712 Bizkaian, 857 Araban eta 2.019 Gipuzkoan. Horietatik 297 kasu larriak dira, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daudenak eta intentsitate handiko babes-neurriak dituztenak:

  • 4.061ek oinarrizko arriskua dute:1.897k Bizkaian, 615ek Araban eta 1.549k Gipuzkoan.
  • 1.230ek arrisku moderatua dute:649k Bizkaian, 176k Araban eta 405ek Gipuzkoan.
  • 217k arrisku handia dute:121ek Bizkaian, 54k Araban eta 51ek Gipuzkoan.
  • 80k arrisku berezia dute:45ek Bizkaian, 21ek Araban eta 14k Gipuzkoan.

Ertzaintzak babesten dituen 5.588 emakume horietatik:

  • 3.629 emakumek auzitegiek emandako babes-agindua dute:1.587k Bizkaian, 511k Araban eta 1.531k Gipuzkoan.
  • 42 emakumek babesteko bizkartzain pertsonala dute:28k Bizkaian, 5ek Araban eta 9k Gipuzkoan.
  • 229k poliziaren kontrazaintza dute:135ek Bizkaian, 22k Araban eta 72k Gipuzkoan.
  • 224k baliabide telematikoak dituzte:106k Bizkaian, 70ek Araban eta 48k Gipuzkoan.

Aldi berean, Ertzaintzak urruntzeko neurriak betetzen ari diren 92 tratu txarren emaile ditu epailearen aginduz eskumuturreko telematikoen bidez kontrolatuta: 36 Bizkaian, 19 Araban eta 37 Gipuzkoan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, 20 Mill/€

Arkauteko Akademiaren datorren urterako aurrekontu osoa 19.835.000 eurokoa izango da. Aurtengo urtearekin alderatuta 2,3 Mill/€ jaitsi da, batez ere 1. kapitulua, Ertzaintzako agente izateko ikasten ari diren ikasleen nominen ordainketa eta beste gastu batzuk, jaitsi izanaren ondorioz.

Datorren azaroaren 10ean irtengo da Akademiatik Ertzaintzaren hurrengo promozioa (31.a, 424 plaza deitu dituena), eta datorren urteko udaberrian sartuko da Akademian Ertzaintzaren hurrengo promozioa, 32.a, eta, askoz ere plaza gutxiagokoa izango denez (Ertzaintzako oinarrizko eskalako 188 agente-plaza, Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitatea), 1. kapituluko beharrek nabarmen egingo dute behera.

Gainera, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du datorren urtean Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarako plazen beste deialdi bat egingo duela. 33. promozioa izango denak, datorren urtean sartuko denak bezala, bi espezialitatetarako plazak izango ditu: Bide Segurtasuna eta Ikerketa Kriminala, gaur egun ertzain-falta duten unitateak baitira.

Sentsibilizazio-ekintzak

Segurtasun Sailak lantzen duen beste ardatz estrategikoetako bat heziketarena eta sentsibilizazioarena da, eta bi gaitan:

  • 849.000€ trafiko-istripuen prebentziorako: 524.000 euroko inbertsioa egingo da mugikortasun segurua eta jasangarria sustatzeko Trafiko Zuzendaritzaren programetan (adinekoak, motor-gidariak, gidabaimena atera aurreko ikasleak eta beste kolektibo zaurgarri batzuk sentsibilizatzeko programa, material didaktikoa, hezkuntzako materiala, etab.) eta beste 325.000 eurokoa trafiko-istripuen arriskuaren gainean sentsibilizatzeko komunikazio-kanpainetan.
  • 465.000€ joko patologikoaren prebentziorako: 100.000€ bideratuko dira ludopatiaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta joko arduratsua sustatzeko (irabazi asmorik gabeko elkarteei diru-laguntzak, JokoData aplikazioa eta Jokoaren Euskal Behatokiaren finantzazioa), eta beste 165.000€ joko patologikoaren, presentzialaren nahiz online egiten denaren, arriskuei buruz, eta bereziki gazteei zuzenduta, egiten diren komunikazio-kanpainetarako.