Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza eta elikagaien sektoreetako profesional- eta enpresa-elkarteen lana babestuko du 350.000 euroko zuzkidurarekin

0
  • ELKARTEAK laguntza-programak azterlanak eta prestakuntza-jarduerak, azokak eta elkarteen funtzionamenduaren ondoriozko gastuak finantzatzen ditu, xedeak bete ditzaten
  • Laguntza horien onuradunak izan daitezke elkarte profesionalak eta Euskadiko nekazaritza eta elikagaien sektoreetako federazioak eta konfederazioak

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran onartu du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren agindua; agindu horrek ELKARTEAK laguntza-programaren 2023ko deialdia egin du, Euskadiko nekazaritza eta elikagaien sektoreko profesionalen eta enpresen elkarteontzako dena, zenbait azpisektore egituratzeko funtsezkoak direla uste baita, haien jarduerak sustatuko direlako.

Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten nekazaritzako eta elikagaien sektoreetako elkarteek eta profesionalen eta enpresen federazioek eska ditzakete laguntza horiek, sektore horien interesak defendatzen badituzte irabazi asmorik gabe.

Deialdi honetarako onartutako zuzkidura ekonomikoa 350.000 eurokoa izango da eta honela banatuko da:

– Elikagaien sektorerako: 100.000 euro.

– Nekazaritzaren sektorerako: 250.000 euro.

Diruz lagundu ahal izango dira elkartekideen interesak defendatze aldera agindutako eta aitortutako ordezkaritza-lanen ondoriozko gastuak; elkartearen xedeak behar bezala betetzea sustatzeko elkarteek egiten dituzten funtzionamendu-gastu arruntak; nekazaritza- eta elikagai-sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzeko jarduera esperimentalen eta egindako azterlanen gastuak; eta azokak eta lehiaketan antolatzeko gastuak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdiaren agindua argitaratzen denetik hilabeteko epea egongo da eskabideak aurkezteko.

Erakunde eskatzaileek bide elektronikoa erabili beharko dute eskabideak aurkezteko. Laguntza izapidetzeko jarraibideen prozedura informazio-fitxa batean dago eta agindua argitaratu ondoren fitxa horretatik sartzen da eskura dauden eskabideen inprimakietara, honako esteka hauetan: Elikagaien sektorea: https://www.euskadi.eus/servicios/1083405 / Nekazaritza-sektorea: https://www.euskadi.eus/servicios/0113510