Hezkuntza Sailak 2,7 milioi euro bideratu ditu hizkuntza indartzeko programetarako

0
  • Hizkuntza indartzeko irakasleak kontratatzeko edo programak ezartzeko baliabide bibliografiko zein didaktikoak eskuratzeko gastuak ordaintzeko erabiliko dira laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2023-2024 ikasturtean, 2,7 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetan hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzetarako. Programa hauek honako ikasle hauei zuzenduta daude: gure hezkuntza-sistemara iritsi berriak izan eta Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzeagatik komunikazio-zailtasun handiak izanik, hizkuntza indartzeko plan bat behar duten ikasleei. Ikasturte honetarako deialdia Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran onartu da.

Laguntzen onuradun izango dira Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten itunpeko ikastetxeak. Laguntza-deialdi honen xedea da programa horiek 2023-2024 ikasturtean egikaritzearen ondoriozko gastuak zein langile-gastuak finantzatzea.

Ikasle iritsi berritzat hartzen dira, 2022ko urtarrilaren 31tik unibertsitateaz kanpoko euskal hezkuntza-sisteman lehen aldiz matrikulatu diren ikasleak. Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, halaber, ikasle horiek 6 urtetik gorakoak izan beharko dute eta gehienez 18 urte bete beharko dituzte 2023-2024 ikasturtean.

Dirulaguntza hauek jaso nahi dituzten ikastetxeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: ikastetxeak ezartzen duen hizkuntza-errefortzuko programaren deskribapena, programa horretan parte hartuko duten irakasle espezializatuak eta haien dedikazioaren ehunekoa, parte hartuko duten ikasleen kopurua eta programazio didaktikoa adierazita, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak barne.

Ondoko gastuak ordaintzeko erabiliko dira dirulaguntzak: irakasleak (hizkuntza indartzeko irakasleak) kontratatzeko edo metodologia berritzaileak ezartzeko behar diren baliabide bibliografikoak eta didaktikoak eskuratzeko.

Joan den 2022-2023 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak itunpeko 127 ikastetxetan garatutako era horretako programak lagundu ditu diruz deialdi honen bidez, eta 2.500 ikasle pasatxo izan zituzten zuzenean onuradun. Era berean, sare publikoan, Hezkuntza Sailak 285 ikastetxetan ezarri zituen hizkuntza indartzeko programak, eta 2.500 ikasletik gora izan ziren horien zuzeneko onuradun.