Rodrigo Gartziak Euskadin Segurtasun Pribatuko profesionalek herritarren babesarekin duten konpromisoa eskertu du

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak gaur goizean inauguratu du Euskadiko Segurtasun Pribatuaren VI. Biltzarra. Bilbon segurtasunaren arloko profesionalak elkartzen dituen biltzar horretan adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arloko berrikuntzak eta Segurtasun Publikoaren arloan etorkizunera begira horiek izango dituzten aplikazioak eztabaidatuko dira.

Bere esku-hartzean, Rodrigo Gartziak nabarmendu du sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren garrantzia herritarren eskubideak eta askatasunak babesteko eta horien segurtasuna bermatzeko zerbitzu gisa. Elkarketa horrek arrisku-egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna areagotzen du eta giza baliabideak nahiz baliabide materialak eraginkortasunez erabiltzen laguntzen du, beti herritarren onerako. Hori dela eta, Segurtasun Pribatuaren sektoreak Euskadin egiten duen ekarpena eskertu eta balioetsi nahi izan du, Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta larrialdiei aurre egiteko sarea osatzen duten gainerako guztien lana osatzen baitu euskal herritarren babesa bermatzeko.

Sailburuordea, bestalde, Euskadin aliantza estrategikoak sortzearen alde ere agertu da, segurtasun-langileen ezagutzatik eta esperientziatik abiatuta, modu horretan arrisku eta mehatxu berriei, esate baterako zibersegurtasunari, aurre egiteko elkarlana eta erantzunkidetasuna finkatzeko.

Alde horretatik, Ertzaintzak hauteman du ziberdelituek % 34,8 egin dutela gora, aurtengo hirugarren hiruhilekoko datuen arabera. Horrek esan nahi du gaur, Euskadin egiten diren 4 delitutatik bat sarean egiten dela. Guztira 19.464 delitu informatiko erregistratu dira, eta aurrez aurreko 58.512 delitu. Hori dela eta, Gartziak nabarmendu du Cyberzaintza– Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria sortzea garrantzitsua izan dela ziberkriminalitatearen aurkako borrokan laguntzeko, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorraren zerbitzura.

CYBERZAINTZA

Hain zuzen ere, Rodrigo Gartziaren esku-hartzearen ondoren, Javier Diéguezek, Cyberzaintza – Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren zuzendari nagusiak, hitz egin du, eta, bere eskumenen esparruan, Euskadin zibersegurtasun-azpiegiturak sortzea eta pixkanaka inplikatzea sustatuko duen erakunde sortu berri horren xehetasunak azaldu ditu.

Zehazki, Cyberzaintzak bere gain hartuko ditu, beste hainbat gairen artean, Euskadiko zibersegurtasunaren estrategia ezartzeko lana, erakunde publikoak, herritarrak eta enpresak babestea izan litezkeen zibererasoen aurrean eta Euskadiko azpiegitura sentikorren babesa indartzea.

Horrez gainera, Javier Diéguezek azaldu du Ertzaintzarekin lankidetza estuan arituko direla harreman pertsonalen eta transakzio ekonomikoen digitalizazioaren eragina jasaten ari diren delitu-tipologien, adibidez, emakumeen aurkako indarkeriaren, krimen antolatuaren, terrorismoaren eta beste hainbaten arriskuak arintzen laguntzeko.