• Eusko Jaurlaritzak Enkarterrin bioekonomia sustatzeko industria-proiektu berrien ideia- eta aurkikuntza-lehiaketaren irabazleak aurkeztu ditu.
• Deialdiak 1,5 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izan du bi ideia eta bost proiektu irabazle finantzatzeko.
• Enkarterri Lehentasunezko Jarduketa Eremua (ZAP) da eta Eskualdeko Plan Estrategiko bat du nekazaritzako elikagaien katearen, basoaren eta ekonomia zirkularraren esparruan ekimen berritzaileak sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan Enkarterrin aurkeztu du bioekonomia sustatzeko ekimen berritzaileen lehiaketaren emaitza. Lehiaketa hori aurtengo martxoan jarri zen abian, HAZIren bidez. Deialdia bioekonomian oinarritutako negozio edo ideia bat duten startupei eta ekintzaileei zuzenduta dago, eta 19 proiektu jaso dira guztira. Horietatik bi ideia eta bost proiektu irabazle aukeratu dira. Honako hauek izan dira proiektu finalistek jorratu dituzten gaiak: negozio-eredu berriak eta ekonomia zirkularreko eta bioekonomiako teknologia berriak, baliabide jasangarrien fabrikazio eraginkorra, bigarren mailako lehengaiak, plastikoen kontsumoa edo hondakinen kudeaketa jasangarria.
Gordexolan egin da aurkezpen-jardunaldia, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Gordexolako alkate Angela Eguiak, eta Enkarterriko Mankomunitateko lehendakari Martin Pérez Garmendiak inauguratu dute. HAZI Fundazioko zuzendari Peli Manterolak Bioekonomia Estrategia azaldu du, eta, ondoren, proiektu irabazleetako batzuk aurkeztu ditu.
Oroz sailburuordeak nabarmendu du garrantzitsua dela bertako administrazioen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza estrategia horretan, bai eta ekimen pribatuek Enkarterrin jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen duten bioekonomiaren esparruan egindako ekarpena ere, Euskadiko landa-eremuak mantentzeko azken helburuarekin.
Lehiaketak 1.500.000 milioi euroko aurrekontua izan du ekimen irabazleak finantzatzeko. Horrez gain, ekintzailetza-prozesu osoan zeharreko laguntza, tutoretza eta zerbitzu espezializatuak eskainiko zaizkie irabazleei (ideia sortzen denetik produktuak edo zerbitzua merkaturatu arte).
Helburua izan da bioekonomia eta baliabide naturalak motor ekonomiko gisa balioestea Enkarterri eskualdean; izan ere, eskualde horrek lehen sektore oso espezializatua du, eta lurraldearen erdia baino gehiago hartzen duen zuhaitz-azalera. Horregatik, eskualde horrek Euskadik bioekonomiaren alde egindako apustua indartzeko eta berrikuntzaren eta teknologiaren bidez bertako baliabideei balio erantsi handiagoa emateko aukera islatzen du.
Bizkaiko Enkarterri eskualdea Lehentasunezko Jarduketa Eremu (LJE) gisa definituta dago eta Enkarterri Eskualdeko 2030 Plan Estrategikoa dauka nekazaritzako elikagaien katearen, basoaren eta ekonomia zirkularraren esparruko proiektu berritzaileak sustatzeko. Proiektu horiek hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatuko dituzte eskualdean. LJE-en helburua da alde eta eragile inplikatu guztien artean proiektuak dinamizatzea, garapen jasangarrian eta eskualdeen finantzaketan eragin handia izango dutenak.
Hona hemen ekimen berritzaileen lehiaketako zazpi proiektu eta ideia irabazleak:
1. “Valorización pirolítica de residuos termoplásticos complejos no reciclables mecánicamente” (proiektua). Aitor Pablos, Ingeniaritza Kimikoan doktorea eta SBSko Negozio Garapeneko zuzendaria.
Plastiko konplexu ez-birziklagarrien eta zelulosazko eta karbono-zuntzezko hondakinen pirolisi bidezko tratamendu-prozesuaren garapena, HECO (High Efficiency Contact) teknologiaren bitartez. Teknologia TRL 8 planta bateraino mailakatuko da. Bestalde, HECO teknologiaren bidez, zelulosa-hondakinetako zelulosa-frakzio nagusia eta beste osagai lurrunkor batzuk (metal-oxidoak) bereizi ahalko dira.
2. “Revalorización de la fracción plástica procedente de papeleras” (proiektua). Mikel Llona Arambarri, Materialetan eta Prozesuetan graduatua eta Birziplasticeko CEOa eta sortzaileetako bat.
Paper-industriatik datozen material plastiko konplexuak berreskuratzea, hala nola hondakin-paperaren errefusa (plastiko degradatu eta txarren, metalen, zuntzen, eta, batzuetan, egurraren nahastea). Birziklatze termikoko soluzio baten bidez egingo da. Hondakin-papera eta plastikoa oso nahastuta dituen errefusetatik berreskuratzen da plastikoa, bide mekanikoekin bereiztea ezinezkoa denean. Ikerketa-ildoak bereizketa fisikoko prozeduren konbinazioa baliatzen du (egoera lehorrean) errefusaren osagaien arteko bereizketa ahalbidetzeko. Horrela, hondakin-papera lehortzearen bidez, eta, beraz, prozedura termiko baten bitartez (pirolisia), nagusiki zelulosazkoa den frakzioa eta beste osagai lurrunkor batzuk (metalen oxidoak) bereiz daitezke parte plastikoaren hondakin-pastan.
3. “Planta modular para la obtención de nanocelulosa – NAPLANT” (proiektua). Pablo Amunarriz, indutria-ingeniaria – SBSren ordezkari legala eta Orloga SAren gerentea.
Erabili gabeko zuntz zelulosikotik datorren kalitate handiko nanozelulosa fabrikatzea, hidrolisi-prozesu eta planta modular/malgu baten txertaketa-prozesu bidez, teknologia TRL 8-9 planta batera mailakatuz. Planta modular bat garatzearen bidez baliozkotze bat eskuratu nahi da, kontzeptu-probak egiteko eta zenbait bezerok sistema ezarri ahal izateko (paper-fabrikak, erretilu termoformatuen fabrikak, paketatze-fabrikak, kartoizko transformatuak, eta abar).
4. “Nueva tecnología para la homogenización – NEUTECH” (proiektua). Jalel Labidi, Ingeniaritza Kimikoko doktorea eta UPV/EHUko ikertzailea; eta Ivan Rivilla de la Cruz, Zientzia Kimikoetako doktorea eta Ikerbasqueko ikertzailea.
Elikaduraren, kosmetikaren, bioteknologiaren edo ingurumen-konponbideen sektoreko industria-prozesuentzat komuna den errekerimendu bati erantzuna emateko teknologia da. Errekerimendu hori honako honetan datza: partikulak eskala mikro eta nanometrikoetara murrizteko beharra. Teknologia berritzaile bat garatzeko proposamena egiten da. Teknologia horrek aukera emango du presio altuko (HP) sistema bat eta ultrasoinuen (US) aplikazioa aldi berean konbinatzeko. Horrela, zenbait lehengai etengabe prozesatu eta baliozko produktuak lortuko dira, mikro eta nanoeskalan.
5. “Prototipo para la producción sostenible de biomasa de microalgas a partir de las aguas residuales y las emisiones de CO2 de la industria alimentaria de Enkarterri – WITALGAE” (ideia). María Margarita Arenas Plata, abokatua eta MBAe3 UPV/EHUn – WITALGAEren sortzaileetako bat.
Prototipo funtzional bat sortzea mikroalgak kultibatzeko. Horretarako, garagardo-industriako hondakin-ura eta CO2 erabiliko dira eta arraineko pentsuak ekoitziko dira. Fotobioerreaktorean honako hauek erregulatu ahal dituzten gailuak gehituko dira: CO2 kopurua, barneko tenperatura eta aireztatzea eta argi-sistema (fotosintesia sustatzeko eguzki-argirik egon ezean), besteak beste.
6. “REVENANT – Remanufactura de carretillas elevadoras portuarias y de gran tonelaje, así como tractores de arrastre industriales y de puertos, propulsados por energías alternativas (biocombustibles)” (proiektua). Alexander Lopez Aller, Revenant Industrial & Ports Machineryren CEOa, Industria eta Erakunde Psikologian lizentziatua eta masterra Supply Chain Managementen.
Balio-bizitzaren amaierara iristen diren mantenu-ekipo handiak (edukiontziak eramatekoak, tona askoko eskorgak, arraste-traktoreak, etab.) berriro manufakturatzea, eta CE markadun produktu berri bat lortu eta ekonomia zirkularra aplikatzea, birmanufakturazioaren bidez lehendik dauden osagaiak aprobetxatzeko. Era berean, EBko arautik (STAGE) kanpo geratu den DIESEL motor zaharra ordeztu eta BIOAUTOGASeko motor bat instalatuko da (dagoeneko homologatuta dagoena EURO6 stage IV araupean).
7. “Desarrollo de madera de última generación mediante nano-infiltración reactiva en fase gas – ULTIMATEWOOD” (ideia). Catalina Mansilla, Kimika Zientzietako doktorea eta CTECHnano-Coating Technologies SLko ikertzailea.
ALD teknologia erabiltzea egurra funtzionalizatu eta aldatzeko, azken material hobetua lortzeko estrategia eraginkor eta garbi gisa. Material hori bai eraikuntzan bai aplikazio sofistikatuagoetan erabili ahalko da, hala nola eguzki-panelen fabrikazioan. Bi egur mota ikertuko dira: egur naturala eta egur delignifikatua. Egur naturalaren kasuan, helburua da egurraren hidrofobikotasun-propietateak hobetzea, eta, horrela, bakterioen, onddoen eta goroldioaren hazkundea ekiditea eta xilofagoak uxatzea, propietate mekanikoak mantendu edo hobetzeko. Egur delignifikatuak berezitasun bat dauka: garden bihurtzen da presiopean dagoenean; beraz, beiraren ordez erabil daiteke.