Eusko Jaurlaritzak 2023-2024ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

0
PRUEBA
  • Aurtengo neguan elurra kentzeko 206 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko 7 garabi, koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu eta Ertzaintzako lurralde-unitateetako patruilak izango dira
  • Iazko neguan 4 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana

Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen 2023-2024ko Neguko Bideozaintza Planean jaso denez, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 206 makina izango dira, iaz baino bat gehiago; bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2023-2024ko negurako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.

Iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak Euskadiko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mobilizatzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunak koordinatzeko plan bat da. Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “NBPren jarraipen- eta informazio-fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean. Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide-segurtasuna bermatzeko”.

Neguko Bidezaintza Plana 4 aldiz aktibatu zen aurreko neguan

2022-2023ko neguan planaren azken urteetako aktibazio-kopuru txikiena erregistratu zen. Jarraipen- eta informazio-fasea lau aldiz aktibatu behar izan zen, 2021-2022ko ekitaldian baino bi aktibazio gutxiago izan ziren, beraz. Fase operatiboa, berriz, bi aldiz aktibatu behar izan zen 2022-2023ko neguan, eta aktibazioak, beraz, 2021-2022ko negukoak baino bat gutxiago izan ziren. Bestalde, azpimarratu behar da 2017-2018ko neguan guztira 17 aktibazio izan zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.

Aktibazioak

NBP

2022-23 2021-22 2020-21 2019-20 2018-19 2017-18 2016-17
Jarraipen

Fasea

4 6 5 6 8 17 8
Fase

Operatiboa

2 3 2 2 2 10 6

Laburbilduz, 2022-2023ko negua azken urteetako lasaiena izan zen, Euskadiko errepide-sarean izandako elurrak/izotzak trafikoan izan zuen eraginaren ikuspegitik. Datu adierazgarri moduan, azpimarra daiteke 2017/18ko kanpainan NBPren Koordinazio Organoa 5 aldiz elkartu behar izan zela Krisi Mahaian, eta 2022/23ko kanpainan, berriz, bi aldiz bakarrik elkartu zen Koordinazio Organo hori.

Aholku praktikoak

Baldintza meteorologikoak txarrak direnean, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Funtsezkoa da pneumatikoak egoera onean egotea, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin baitezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurretan autoa oso poliki abiarazi behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar gutxiago aplikatzeko.