Eusko Legebiltzarrak 2023-2026 Euskal Estatistika Plana aho batez onartu du. Planak 258 eragiketa estatistiko barne hartzen ditu

0

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu du 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua. Planaren helburu nagusia da datozen lau urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera antolatzeko tresna bihurtzea; horretarako, Eusko Jaurlaritzak urtero onartzen dituen estatistika-programen bidez egikarituko da.

Lege honek Ganberan dauden talde politikoen aho bateko babesa izan du. Euskal Estatistika Planaren IX. Lege Proiektua da, eta Eusko Legebiltzarrean lege bidez onartzen den Eusko Jaurlaritzaren Plan bakarra.

Estatistika ofiziala ezinbestekoa da ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko errealitatea ezagutzeko. Estatistikek ematen dituzten emaitzak funtsezkoak dira, zuzenean eragina baitute hartu beharreko erabakietan, sektore publikoan zein pribatuan.

Helburua da estatistika egokiagoak, azkarragoak eta zehatzagoak egitea, betiere sekretu estatistikoa eta datuen konfidentzialtasuna zorrotz errespetatuz. Hori lortze aldera, datu administratibo eta digitalek ematen diguten ahalmen osoa baliarazi behar dugu eta erakunde guztiei eragiten dien eraldaketa digitala baliatu.

Lege horretan jasotzen dira 2026ko abenduaren 31ra arte prestatuko diren estatistikak, eta bertan ezartzen da zer informazio eskainiko den, nola egingo diren estatistikak eta nork egingo dituen. Horrela, erabiltzaileek jakin ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan 2026ra arte zer estatistika-informazioa egingo den eta egongo den eskura.

2023-2026 Euskal Estatistika Planak 258 eragiketa estatistiko egitea barne hartzen du. Eustat da 134 eragiketa estatistikoren arduraduna, eta Sailek honako banaketa hau izango dute:

 

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 32 eragiketa.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 16 eragiketa.
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa: 15 eragiketa.
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 13 eragiketa.
  • Osasuna: 11 eragiketa.
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 10 eragiketa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 10 eragiketa.
  • Lana eta Enplegua: 9 eragiketa.
  • Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa.
  • Segurtasuna: 4 eragiketa.

Parte hartzaileen artean daude, halaber, Hezkuntza Saila, Foru Aldundiak eta Udalak.

2023-2026 Euskal Estatistika Planean aintzat hartzen diren eragiketa estrategikoak 22 gai-arlotan banatzen dira. Kosturik handiena du “Azpiegitura estatistikoa” arloak, guztira 16 eragiketa barne hartzen ditu eta kostu osoaren % 13,65. “Demografia eta gizarte-ohiturak” arloak guztira 34 eragiketa hartzen ditu eta kostu osoaren % 12,85. Hirugarren “Kontu ekonomikoak” arloa agertzen da, 30 eragiketarekin eta kostu osoaren % 11,75.

Eusko Legebiltzarrak onartu duen lege hau Euskal Estatistika Kontseiluan bildutako gizarte-eragileen hausnarketaren emaitza da: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, udalak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, merkataritza-ganberak eta kontsumitzaileen elkarteak. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritza mugatu da Eusko Legebiltzarrari euskal gizarte-eragileek planteatu dituzten informazio-premiak helaraztera.