Zientzia Asteak ilusioa pizten du berriro bere dibulgazio-jarduera erakargarriei esker

0

Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketa bat eta ikuskizunak, hala nola Zientzia Club, dibulgaziozko bakarrizketa dibertigarrietan oinarritua. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen hogeita hirugarren edizioa, azaroaren 9an, hasi da Tabakaleran.  Hiru egunez jarduera ludiko, dibertigarri eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea azaroaren 9tik 11ra bitartean Donostian egingo da, azaroaren 8tik 12ra Bilbon eta Barakaldon eta azaroaren 9tik 12ra Vitoria-Gasteizen.

Doako 200 jarduera

Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, guztira doako 200 jarduera baino gehiagorekin; hain zuzen ere 35 txoko (gai zientifikoei buruzko stand-ak); 38 tailer, 9 txango edo bisita gidatu, 9 erakusketa, 8 hitzaldi, 3 ikuskizun zientifiko eta lehiaketa bat. Eta, nola ez, Zientzia Clubeko monologoez disfrutatzeko aukera ere izango da. Ekimen horretan UPV/EHUko adituek bakarrizketa laburrak eskainiko dituzte, umorea, musika eta zientzia nahastuz. Zientzia Clubeko saio batzuk egongo dira lau egoitzetan.

Zientzia Astearen edizio honek “Osasun Planetarioa” (osasuna eta jasangarritasuna) izango du ardatz, landareen eta animalien osasungarritasuna zuzenean lotuta baitago giza osasunarekin. Aurtengo egoitzak izango dira Bilboko Bizkaia Aretoa, Donostiako Tabakalera, Gasteizko Bibat Museoa, Gasteizko Ingeniaritza Eskola eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoa.

Donostiako kasuan, Tabakaleran, adibidez, GIE UPV/EHU eGIPUZKOA taldeko motozikleta (Motostudent lehiaketarako egina) erakutsiko die etorkizunean ingeniaritzan aritu daitezkeen gazteei, baita momentuko robot adimentsuenak ere. Bestalde, zetak ingurumena zaintzeko eman dezakeen laguntza ezagutuko dugu eta itsas hondakinak harrapatuko dira MATER itsasontzian egingo den txangoan.

“Natura eta geometria”, “Mundu hobe baterako matematika” eta “Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn”   erakusketak egitaraua osatzen duten jardueretako batzuk baino ez dira, Unai Basurko nabigatzaileak emango duen “Bela-nabigazioa: zientzia, artea ala kirola?” hitzaldiarekin batera.

Eskola-jarduerak eta publiko orokorrarentzat

Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jada hainbat jardueretan, eta, nahiz eta horietako asko beteta egon, oraindik plaza libreak daude. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus.

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da. Horrenbestez, Euskadi osoko milaka ikasle baino gehiago gerturatuko dira Zientzia Astearen egoitzetara matematika, farmakologia, geologia edo astronomiako txokoez gozatzeko. Eskola ordutegiez kanpo, publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean, eta erakusketetara edozein momentutan bertaratu ahal da edonor.

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bibat Museoaren, Bizkaia Aretoaren, Tabakaleraren, Metro Bilbaoren, Euskotrenen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.