XXVII. Eskola Hiztun Bila jardunaldia: “Hiztun jabetuak eskolatik eraikitzen: hizkuntza, kultura, arrazoibidea”

0
  • 400 profesionaletik gora elkartu ditu Hezkuntza Sailaren jardunaldiak gaur Gasteizen, planteamendu didaktiko-metodologikoak, euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza soziolinguistikoa ardatz hartuta
  • Batxilergoko ikasle talde batek Joseba Sarrionandiarekin elkarlanean prestatu duen “Gernika” antzezlanak emango dio itxiera aurtengo jardunaldiari, idazlea bertan dela

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak irekiera eman dio gaur goizean 2023ko Eskola Hiztun Bila Jardunaldiari, Gasteizen. Hezkuntza Sailak hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan urtero antolatzen duen jardunaldia “Hiztun jabetuak eskolatik eraikitzen: hizkuntza, kultura, arrazoibidea” goiburuarekin ari da burutzen gaur, eta 410 profesional inguru elkartu ditu Arabako hiriburuko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Ikastetxe publiko zein itunpekoetako Hizkuntza Normalizaziorako arduradun teknikoak dira, batik bat.

Jardunaldiaren irekieran hitza hartuta, Begoña Pedrosa sailburuordeak gogorarazi du 27 urtean (27. edizioa baitu aurten jardunaldik) garaiak asko aldatu direla. “Gizartearen erradiografia eginez gero, orain dela 27 urteko argazkiak eta egungoak ez daukate zerikusirik”, eta garai eta behar berrientzat “erantzun eta erronka berriak” behar direla baieztatu du.

Ildo horretan, “hizkuntzen kudeaketarako eta inplementaziorako marko berri baterako oinarri sendoak” eskaintzen dituen lege berri baten atarian gaudela azaldu du. “Marko komun hori hizkuntzen tratamendu integrala eta integratuari jarraiki egin behar da, eta curriculumaren zeharkakotasunari jarraiki, hezkuntza-espazio eta ikaskuntza-baliabide guztiak barnean hartuta”, sailburuordearen esanetan. Hizkuntzen tratamenduari dagokionez lege berriak dituen ezaugarriak hizpide hartuta, gogorarazi du ikastetxe bakoitzak diseinatuko duela bidea, “bere errealitate sozio-linguistikoan oinarrituta, ikasleek eskola-etapa amaitzeko ezarritako hizkuntza-helburuak lor ditzaten, betiere administrazioaren laguntzarekin. Ikastetxeen hizkuntza-proiektua erdigunera ekarriz euskara ardatz duen hezkuntza-esparru eleaniztun propioa garatzeko konpromisoa ikastetxeen eskuetan jartzen dugu”.

Era berean, nabarmendu duenez, lege berriak euskara testuinguru formaletan eta ez-formaletan erabiltzea bultzatuko du, “beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina eta zaletasuna sustatuz”, eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua sortzeko aukera emango du, “hizkuntzak ikasteko metodologia eta lanabes berriak sortzeko eta egiaztatzeko; baita irakasleak arlo horretan prestatzeko ere”, gaurko jardunaldiaren gaiarekin lotura eginez.

Euskal Hezkuntza Sisteman abian jarri diren berritasunekin jarraituz, curriculum berria hartu du hizpide Pedrosa sailburuordeak, “aukera paregabeak dakartzana, metodologia berriekin hasteko. Gainera, hizkuntzak eta konpetentzia komunikatiboak zentralitatea hartu dute curriculumean”. Curriculum berriaren printzipio didaktiko-metodologikoen artean, honakoak nabarmendu ditu: hizkuntzen trataera integratua eta integrala; elkarreragina sustatzen duten metodologiak; eta ebaluazio hezigarri, bateratu eta koherentea. “Hasita gaude ikasleei euskara eta beste hizkuntzak irakasteko modurik eraginkorrenak bilatzen, ikertzen eta inplementatzen. Harro esan dezakegu aitzindariak izan garela hizkuntza minorizatua den berezko hizkuntzan irakasten duen sistema bat gauzatzen, berrikuntza didaktiko eta metodologiko aktiboen bidez. Bide hori egin dugu orain arte, eta norabide horretan segitu beharra dago etorkizunean ere”.

Azkenik, jardunaldiak aztergai duen beste zutabetako bati ere heldu dio sailburuordeak, euskal kultuaren transmisioari, eta gogorarazi du Euskadiko hezkuntza-sistemaren printzipioen artean “euskal kulturaren eta hizkuntzaren dimentsio espezifikoa” dagoela, eta “oinarrizko hezkuntzako arlo eta ikasgai guztietan txertatu behar direla dio gure curriculum berriak”. “Izan ere, gure Oinarrizko Hezkuntzaren helburuen artean, ikasleei eskaini behar baitizkiegu norberaren kulturaren eta historiaren eta euskal kulturaren eta historiaren oinarrizko alderdiak. Kultura eta hizkuntza batera doaz” esanaz amaitu du.

Hizkuntza, kultura, arrazoibidea”

Aurtengo leloarekin, jardunaldiak azpimarratu nahi izan du ikasle guztiek euskara hizkuntzan irteera-profil egokia lortzeko hiru zutabe hauek direla ezinbesteko: hizkuntzak irakasteko planteamendu didaktiko-metodologiko eraginkorrak, euskal kulturaren transmisioa eta oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa.

Pedrosa sailburuordearen irekiera-hitzak amaitu eta berehala, jardunaldiaren lehen zatian, kokatze-hitzaldi bat izan da, “Hizkuntza, kultura, arrazoibidea” izenburukoa, IRALEko irakasle Ibai Zabalak emana. Horren ondoren, berriz, aipaturiko hiru zutabeetako bakoitza garatzeko hitzaldi bana izan da, alor horietako adituen eskutik.

Batetik, euskara irakasteko metodologia eta planteamendu didaktikorik eraginkorrenak zeintzuk izan daitezkeen azaldu du Roberto Mielgo, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako (BAM) irakasle eta ELEBILAB ikerkerta taldeko kideak, “Euskara eskolatik bizitzara: ibilbidea egiteko giltzarri” hitzaldian. Ibai Iztuetak berriz, kultura gaia jorratu du. Hizkuntza guztiek kultura bat dute, eta kultura hori ezagutzea, kontsumitzea, sortzea eta gozatzea hizkuntza hori hobeto ikasteko ezezik hizkuntza horren aldeko atxikimendua eta motibazioa eskuratzeko eta erabiltzeko ere baliagarri da, Iztuetak hitzaldian azaldu duenez. Eta azkenik, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko Jon Sarasua irakasleak ezagutza soziolinguistikoari heldu dio, ikasleek konpetentzia eleaniztuna garatuko badute oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzea ezinbestekoa dutela sinetsita. Atsedenaldiaren ondoren, hiru hizlarien arteko mahai-ingurua izango da.

Jardunaldiaren bigarren zatian, ikastetxeetan gauzatzen ari diren hiru praktika on aurkeztuko dira. Praktiketako batek zerikusia izango du planteamendu didaktiko-metodologikoarekin, beste batek kulturaren transmisioarekin, eta besteak ezagutza soziolinguistikoarekin. Arrigorriaga BHI, Arrasate BHI eta Arratiako 9 ikastetxeak, euren elkarlanaz azken hauek, arduratuko dira euren esperientziak azaltzeaz.

Gernika antzezlana, Joseba Sarrionandiarekin

Jardunaldia ixteko, Bilboko Ibarrekolanda BHIko Batxilergoko ikasleak agertuko dira kontserbatorioko oholtzara. Amaierako saio gisa, Eñaut Elorrietaren “Gernika” abestia oinarri hartuta prestatu duten antzezlana taularatuko dute ikasleek. Abesti horren hitzak Joseba Sarrionandia idazlearenak izaki, idazlea bera ikastetxera gonbidatu zuten gazteek antzezlana prestatzen ari zirela, eta idazlearen eta institutuko gazteen arteko harreman edo elkarlan oparoa gauzatu zen. Horregatik, Joseba Sarrionandiak berak egingo du gaur Gernika antzezlanaren aurkezpena, jardunaldiko aurkezleak zein gazteek egingo dizkioten galderen bidez, Iurretako idazlearen beste poema batzuk ere badaude eta lan horretan.

Jardunaldiak ardatz duen gaia ezin hobeto islatzen du amaierarako antzezpen honek, batez ere kultura transmisioari dagokion atalean. Izan ere, kulturgileak eta haien obra ezagutzearekin batera, beste eduki batzuk ere landu ahal izan dituzte gazteek (historia edo adierazpen kulturala), baina batez ere kultura sortu dute.

Jardunaldia oso-osorik grabatuko da eta Ulibarri programaren web orrian eskegiko da, esteka honetan: www.ulibarri.euskadi.eus

Eskola Hiztun Bila

XXVII. ediziora iritsi da aurten Hezkuntza Sailaren Eskola Hiztun Bila jardunaldia. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu, urtez urte. 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian Ulibarri programa euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez.