Bilbo Basurtuko ESI-k ultzera eta zaurien unitatea sendotu du lehen mailako arretarako osasun-zentro bakoitzean erizaintzako erreferente batekin

0

Biztanleen zahartzea eta komorbilitatearen hazkuntza (pertsona batek bi gaixotasun edo gehiago izatea batera) agerian jartzen dira Lehen Mailako Arretan tratatzen diren zaurien konplexutasunean, eta hura Erizaintzako langileen esku-hartzeen zati oso garrantzitsua da.  Gaur egun, zauriak dituzten pazienteen ia erdiak pluripatologikoak direla kalkulatzen da; horrek zaildu egiten du zauriak sendatzeko eta tratatzeko prozesua, eta osasun-sistemarentzat kostu handieneko patologia kronikoetako bat da.

 

Bilbo Basurtu ESIko Lehen Mailako Arretako Ultzera eta Zaurien Unitatea duela 12 urte baino gehiago sortu zen. Duela hilabete batzuetatik hona, jarduera berrantolatu du eta erizaintzako profesionalen talde bat eratu du arreta sendotzeko eta osasun-zentro bakoitzeko erreferente bat izateko. Unitatearen bidez lesio-mota horren arreta hobetu nahi da, kasu konplexuen edo bilakaera okerreko kasuen segimendua bermatzeko eta, bestalde, beharrezkoa bada zaurien tratamenduan espezializatuta dauden beste unitate batzuetara bideratze goiztiarra koordinatzeko.

 

Talde horren prestakuntzaren eta zirkuituen optimizazioaren ondorioz, kontsulta kopuruan % 25eko igoera izan da; 2021ean 2.500 izan ziren eta iaz, ia 3.000. Era berean, ultzera diabetikoa orbaintzeko denbora ere murriztu egin da, 71,2 egun, 2018arekin alderatuta. Ondorioz, baliabideak optimizatu dira, gastua murriztu da eta gure pazienteen gogobetetasuna handiagoa da, Unitate honetako eta Oin Diabetikoaren Unitateko pazienteei eginiko inkesta espezifikoetan ikusten denez.

 

Hala, unitateak lesio-mota horri eraginkortasunez egiten dio aurre eta, horretarako, diagnostiko egokia egiten du, zaintza-plan integrala eta indibidualizatua eta asistentzia-mailen artean koordinatua. Haren lanari esker, zailtasunen intzidentzia murrizten da, lesioak sasoiz ixten dira eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen da

Erizaintzako hogeita hamar bat profesionalek (29) prestakuntza berezi hori jaso dute, eta erreferente bilakatu dira ultzeretan; alegia, haien zentroko edo lantaldeko erizaintza-taldearen ordezkari dira zaurien eremuan, zentroen eta Ultzera Unitatearen arteko solaskide-eginkizunari bide emateko. Gaur egun, Unitateak erreferente bat du Lehen Mailako Arretako 26 unitate bakoitzeko, beste bat Etengabeko Arreta Guneetan, Urbi Basauriko espetxean eta, azkenik, Praktika Aurreratuetako erizain bat, paziente pluripatologikoen kudeaketaren arduraduna dena.

 

Prestakuntza espezializatua eta irakaskuntza-lana

Unitate honi buruz Erizaintzako langileei ematen zaien prestakuntza espezializatuaren bidez, erizainek dagozkien zentroetan hurrengo asistentzia-mailara bideratu behar diren kasuak hauta ditzakete. Prestakuntza horren barruan, Ultzera eta Zaurien Unitatetik eta Oin Diabetikoaren Unitatetik igaro dira, bi unitate horien estaldura bateratzeko eta, hala, haien erabateko etekina bermatzeko. Gainera, Unitate honek irakaskuntza-lana ere betetzen du eta, hala, UPV/EHUko Erizaintzako 4. mailako ikasleei zuzendutako prestakuntza ematen du eta, bestalde, erakundeko erizainei prestakuntza ematen die.

 

Bestalde, eta ultzeren erreferente direnen talde honen laguntzaz, presioko ultzeren prebalentzia-azterlana handitzea lortu da; hura urtero egiten da, eta orain laginketa bat egingo du Bilbo Basurtu ESIko Lehen Mailako Arretako unitate guztietan. Horrek ikuspegi zabalagoa emango du, erregistratutako ultzerekin lan egin eta haiek hobetu ahal izateko.

 

Nabarmendu behar da Unitate honetan, era berean, berrikuntza eta ikerketa sustatu direla; hala, hartako erreferenteek jardunaldi eta biltzarretan parte hartu dute, eta aldizkari espezializatuetan haien jardunbide klinikoan oinarritutako zientzia-artikuluak argitaratu dituzte.