Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari saria eman diote, sendagile gaixoari etengabeko babesa emateagatik

0

Aurten Bilbon egiten ari den Sendagile Gaixoarentzako Arreta Integraleko Programaren (PAIME – Sendagile Artean) X. Biltzar Nazionalaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Laguntza Instituzionalarentzako Saria jaso du, 2004an Euskadin sortu zenetik programa horri ematen dion etengabeko babesa eskertu eta aitortzeko. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jaso du saria, 200 pertsona baino gehiago bildu dituen egintzan.

Sendagile Gaixoarentzako Arreta Integraleko Programak (PAIME – Sendagile Artean) helburu hauek ditu: nahasmendu mentalak eta/edo alkoholarekiko eta/edo beste droga batzuekiko (psikofarmakoak barne) jokabide adiktiboak dituzten profesionalak artatzea, profesionala errehabilitatzea eta bere lana ahalik eta baldintzarik onenetan egiten duela bermatzea.

Osasun Sailak uste du osasun-arloko profesionalak funtsezko pieza direla eta, horregatik, ezinbestekoa dela “gure profesionalak” zaintzea; izan ere, gaixo dagoen medikua zaintzea, beste ezeren gainetik, herritarren osasuna defendatzea da.

Euskadin, PAIME programari Sendagile Artean ere deitzen zaio, eta Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluak finantzatzen du, programaren koordinatzaile den aldetik. “Sendagileentzako sendagileen” ekimen horrek bi ezaugarri nagusi ditu: borondatezkotasuna eta konfidentzialtasuna. Euskal Autonomia Erkidegoan, programan parte hartzen dutenen % 60 errekuperatu eta lanera itzultzen dira.

2023ko PAIME sariak

Sendagile Gaixoarentzako Arreta Integraleko Programarekin lotzen diren PAIME sariak bi urtean behin ematen dira, Sendagile Gaixoarentzako Arreta Integraleko Programaren Biltzar Nazionala egiten denean, hain zuzen ere. Sari horien bidez, sendagileen osasuna zaintzen duten profesionalen, erakundeen eta administrazioen ibilbidea, konpromisoa eta lana aintzatesten dira.

Honako sari hauek ematen dira, kategorien arabera: Ibilbidearentzako Saria; Unitate Anbulatorioarentzako Saria; Sendagilearen Osasuna Prebenitu, Sustatu eta Babesteko Proiektuarentzako Saria; Laguntza Instituzionalarentzako Saria —aurten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari emandakoa—; eta Biltzarraren Antolaketarentzako Saria.

PAIMEren X. Biltzar Nazionala

Aurten PAIMEren Biltzar Nazionala Bilbon egiten ari da Sendagileen Elkargoen Erakundeko Gizarte Babeserako Fundazioak eta Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluak antolatuta, eta biltzarra gaur, larunbata, amaitzen da. Topaketa horretan, sendagileen osasun mentalaren egungo egoerari buruzko erradiografia egin nahi da, ikuspegi globaletik; halaber, egungo osasun-sistemaren osasunari eta profesionalengan duen eraginari buruzko diagnostikoa egin nahi da eta tratamendua eta etorkizunerako jarraibideak ezarri.