Eusko Jaurlaritzaren memoria hurbilari buruzko hezkuntza-proiektuetan parte hartu duten ikasleek eta irakasleek beren esperientzia partekatu dute Memoriaren Egunean

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Memoria Eguneko ekitaldiaren buru izan da gaur arratsaldean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, memoria politiken arduraduna ere badena. Beraiekin izan dira: José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Noemi Ostolaza, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria izan dira.

«Memoria duen etorkizuna. Jakin nahi dugu!’ izenburu pean antolatu du  Gogora-Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztien oroimenezko urteroko ekitaldia. Bertan, erakundeetako agintari nagusiak bildu dira: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Esther Apraiz, EUDELeko presidentea.

Eusko Jaurlaritzaren izenean honako hauek izan dira: Josu Erkoreka, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua; Manu Castilla, Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusia; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramailea; Begoña Pedrosa, Hezkuntzako sailburuordea, eta Miren Artaraz, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria.

Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionalak memoriaren transmisioa izan du ardatz. Bereziki, iragan hurbilean gertatutakoaren berri izatea eskatzen duen belaunaldian arreta jarrita.

Ildo horretan, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, «herri honen oraintsuko memoriak balioa eman behar dio gaur egun giza garapen iraunkorrean erreferentzia den herri bat eraikitzeko ahalegin kolektiboari», eta, era berean, «ezagutu ditugun terrorismoaren eta indarkeria politikoaren esperientzia traumatikoak ere oso gogoan izan behar ditu. Hilketak, mehatxuak, indarkeria eta estortsioa izan diren herrialde baten etorkizuna eraikitzen ari gara.  ETAk min eman zion herri honi eta aske hegan egitea eragotzi.  Herri honek ere pairatu behar izan ditu terrorismo parapoliziala eta eskuin muturrekoa, ‘gerra zikina’ deritzona, eta tortura, horiek denak, zoritxarrez, Euskadiren kronika beltzaren parte dira».

«Gure memoriak kritikoa izan behar du» esan du Lehendakariak, «ez justifikaziorik, ez legitimaziorik, autokritika zintzoa, egindako kaltearen bidegabekeria aitortzea, erantzukizuna onartzea eta erreparatzeko borondatea”.
Gure iragan hurbilarekin kritikoa den memoria honen transmisioa, Lehendakariaren hitzetan, «guztion zeregina da, erakundeena, indar politikoena, gizarte-eragileena, komunikabideena, familiena eta eskola eta unibertsitatearena, horregatik zuen presentzia hemen, balioetan heztearen garrantzia gogorarazteko».

Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzaldia talde-hausnarketak garatu eta bateratu ondoren egin da, eta bertan Eusko Jaurlaritza hezkuntza-arloko oraintsuko memoriari heltzeko gauzatzen ari den ekimenei buruz hitz egin du. Irakasleek eta ekitaldian parte hartzen duten ikasle askok ezagutzen dituzten ekimenak.

“Eusko Jaurlaritza hezkuntza-komunitatearen zerbitzura tresnak jartzen saiatu da, memoria transmititzeko, bi adibide partekatu ditugu: Adi-adian programan  34.651 ikaslek bizi izan duzue biktima izan diren pertsonekin entzuteko eta hausnartzeko esperientzia edo Gogora Institutuak eta Hezkuntza Sailak egindako azken bi ikasturteetan garatutako esperientzia pilotuak” esan du Lehendakariak.

Urkullu Lehendakariaren hitzetan, «gaur ere planteatutako helburu bati erantzuten dioten ekimen eta tresnen adibideak dira: terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean jarrera kritikoa sustatzea; printzipio eta balio etiko eta demokratikoak indartzea».

Biktimen oroimenez

«Biktimak artatzea ere esan nahi du memoriak: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» esan du Lehendakariak «aitorpen integrala: legala, instituzionala, soziala, morala eta sinbolikoa». «Biktimak, biktima guzti-guztiak, Euskadiren historiaren lekuko biziak zarete».

Gaur, Lehendakariak Dafna Garcovich eta Ivan Illarramendi gogoratu ditu, «biktimarik gabeko mundua eraiki nahi dugu, beraiei zor diegu».

Ekitaldiaren garapena

Ekitaldiari hasiera emateko, bideo bat eman da. Bertan 2022-2023 ikasturtean ikasgelako hezkuntza-materialekin lan egin duten irakasleek eta ikasleek zenbait hausnarketa plazaratu dituzte: gaiaz zer zekiten ala ez, ikasi dutenaz eta Euskadiko historia hurbileko gertakari traumatikoenetaz jardun beharraz, baita hezkuntza-esparruan ere.

Une horretatik aurrera, ekitaldia talde-dinamika moduan garatu da, Dani Álvarezek eta Ainhoa Iglesiak gidatuta, eta 180 gonbidatuak talde heterogeneoetan eseri dira, ikasleek, irakasleek, gizarte-eragileek eta erakundeetako arduradunek osatutako taldeetan, planteatu zaizkien giei buruzko hausnarketa eta bateratze-lana egiteko. Horien artea, 110 ikasle eta irakasle, Euskadiko Bigarren Hezkuntzako 13 ikastetxetatik, Euskal Herriko Unibertsitatetik eta Deustuko Unibertsitatetik etorriak.

Parte-hartzaileek, beren esperientzia pertsonaletatik abiatuta, memoria eraikitzen lagun dezaketen esperientziei buruz hitz egin dute, transmisioan lagunduko duen ideia edo konpromiso bat proposatzeko. Bateratze-lana amaitzeko, parte-hartzaileek ideia bat, konpromiso pertsonal bat edo hausnarketa bat jaso dute idatziz aretoko horma batean.

Ekitaldiak ordezkaritza instituzional, politiko eta sozial zabala izan du: Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak, Bilboko Udaleko Bake eta Bizikidetzarako Foroko Kideak eta Arartekoa.

Giza Eskubideen eremuko gizarte-sarearen ordezkariak: Fernando Buesa Blanco Fundazioa, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa, Baketik, Deustuko Unibertsitatea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Geuz eta Bakeola izan dira, besteak beste.

Hezkuntza alorretik Euskadiko Eskola Kontseiluko, Ikastolen Elkarteko, Elizbarrutiko Ikastetxeen Sareko eta Euskadiko Irakaskuntza Zentroen Elkarte Independenteko ordezkariak bertaratu dira.