Lan eta Enplegu Sailak uste du inbestidura bermatzeko PSOE-EAJ akordioak Sailaren politikak indartzen dituela

0

Lan eta Enplegu Sailaren ustez, Pedro Sanchez hautagaiaren inbestidura bermatzeko PSOEk eta EAJk gaur goizean sinatutako akordioak indartu egiten ditu Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen arloak langileen lan-baldintzak hobetzeko, elkarrizketa soziala indartzeko eta kooperatiben erreklamazioei erantzuteko abian jarritako politikak eta ekimenak.

Hitzarmen autonomikoen nagusitasunari dagokionez, Sailak ikasturte politiko bakoitzean gizarte-eragile guztiekin egiten duen errondan, Lehendakariordeak berariaz adierazi zien patronalari eta sindikatu ordezkariei prest zegoela hitzarmen guztietan euskal errealitatearekin bat datorren soldata-igoera sustatzen duten topaguneei laguntzeko. 2017an adostutako Lanbide arteko Akordioaren bidea biziberritu nahi da. Akordio horren eremua gizarte-eragileen arteko bi aldeko negoziazioa da, eta, horri esker, autonomia-erkidegoko akordioak lortzen direnean, akordio horiek Estatukoen gainetik jartzen dira.

Mendiak berak beren-beregi aipatu zuen gai hori joan den ostiralean, Legebiltzarreko Kontrolerako Osoko Bilkuran, eta berriro eskaini zuen Sailaren bitartekaritza, hala eskatzen bazaio; izan ere, gogorarazi zuenez, aldez aurretik beharrezkoa da gizarte-eragile guztiek hitzarmen sektorial horiek negoziatu nahi izatea, eta ez enpresek. Ildo horretan, Langileen Estatutua aldatzeari buruz lortutako akordioak lan-erreforma osatzen du, eta lan-baldintzen erregulazioaren gune nagusira itzultzen zuen negoziazio kolektiboa, alderdien nahia aldez aurretik behar duena.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra Euskadiko kooperatiben sektorearen berezko gizarte-aurreikuspenari egokitzeari dagokionez, duela hilabete batzuk Lehendakariordeak Ministerioari formalki helarazitako eskaria da.