Bost milioi euro toki-erakundeei zuzendutako irisgarritasunerako ezohiko laguntzetan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatutako toki-erakundeentzako irisgarritasunerako ezohiko diru-laguntzak arautu eta deitzeko Aginduari. Aginduaren helburua da, Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralen bidez Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia ezartzea, eta Plan horiek barne hartzen dituzten jarduerak egikaritzea. Horretarako, bost milioi euroko aurrekontua izango da (bat 2024. urteari dagokio, bi 2025. urteari eta gainerakoak 2026. urteari).

Laguntzak irisgarritasunaren kontzeptu zabalagoa eta unibertsalagoa aintzat hartuko duten tokiko planak idatz daitezen laguntzera bideratzen dira, betiere Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren eta haren ekintza-planaren arabera —2020an eta 2021ean onartu ziren, hurrenez hurren—.Bi dokumentu horiek irisgarritasuna jorratzen dute ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak pertsona guztientzat eta bizitzako esparru guztietan guztiz erabilgarriak eta ulergarriak izateko ikuspegitik. Planaren 41 ekintzetatik, laugarrena Irisgarritasun Unibertsala sustatzeko Plan Integralak idazteko premiari buruzkoa da, eta eragin handia du udal-esparruan eta pertsonen eguneroko bizitzan.

Aginduak bi laguntza-ildo barne hartzen ditu. Lehen laguntza-ildoa Irisgarritasun Unibertsala sustatzeko Plan Integralak sortzera bideratzen da, betiere irisgarritasunaren ikuspegi zabaletik (barnean direla oztopo arkitektonikoez gain, ikusmenekoak, entzumenekoak, kognitiboak edo organikoak, bai ingurune fisikoan, bai zerbitzu publikoetan, bai zenbat arlotako informazio-kanaletan). Laguntza-ildo horrek gutxienez 10.000 euroko aurrekontu babesgarria izango du eta gehienez 50.000 euroko laguntzak (% 85era arte lagunduko da diruz). Irisgarritasun Unibertsala sustatzeko Plan Integralen idazketa errazte aldera, ISEK – Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak pertsona orok www.euskadi.eus webgunean eskuragarri duten gida idatzi du.

Bigarren laguntza-ildoa zuzentzen da Irisgarritasun Unibertsala sustatzeko Plan Integraletan aurreikusitako jarduerak gauzatzera (ingurune fisikoa irisgarritasun fisiko, sentsorial eta kognitiboaren beharretara egokitzea, igogailu edo plataforma jasotzaile bidezko ibilbide irisgarriak diseinatuz, zerbitzu egokituak eskainiz edo seinaleztapena hobetuz, besteak beste). Bigarren kasu horretan, aurrekontu babesgarriak gutxienez 50.000 eurokoa izan behar du, eta lan guztien % 50 eta % 85 artean finantzatuko da, jarduketa motaren arabera; laguntzaren zenbatekoa, berriz, gehienez 500.000 eurokoa izango da.

Euskadiko udalek, mankomunitateek, udalerriak baino txikiagoak diren lurralde-esparruko erakundeek eta Kuadrillek hilabeteko epea izango dute laguntza horiek eskatzeko, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Lanak, bestalde, 2025eko urriaren 1era arte egin ahal izango dira, planen ildoaren kasuan, eta 2026ko urriaren 1era arte, Irisgarritasun Unibertsala sustatzeko Plan Integraletan jasotako ekintzak egikaritzearen kasuan. Guztira, erakunde bakoitzak gehienez 500.000 euroko laguntzak jaso ahal izango ditu Agindu honen bidez.

Informazioa eta eskaerak: www.euskadi.eus/servicios/0088510