Emakunderen Jakitun programaren bigarren saioak eremu digitalean ematen den emakumeen kontrako indarkeria jorratu du

0
  • Lau adituk beren esperientzia profesionala aurkeztu dute emakumeen aurkako ziberindarkeriari buruz
  • Jaurlaritzako langileei zuzendutako ekimenak indarkeria matxistaren prebentzioa aztertzeko elementuak plazaratzen ditu

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Jakitun programaren bigarren topaketa aurkeztu du gaur. Programa aurten hasi da, eta Eusko Jaurlaritzako teknikariei eta politikariei zuzenduta dago, hainbat arlotan adituak diren pertsonen eta erantzukizun publikoa duen publiko baten arteko trukea bilatzen duen formatu baten bidez.»Azken helburua da emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzen lagun diezaguketen gako guztiak ezagutzea”, adierazi du Miren Elgarrestak.

Jakitun programaren bigarren saioa ziberindarkerien inguruan egin da, eremu digitalean emakumeen aurka egiten diren indarkerien inguruan. «Jazarpen, kontrol eta umiliazio modu bat da», azpimarratu du Emakundeko zuzendariak.

Gai horri heltzeko, feminismoaren eta teknologiaren arteko harremanean esperientzia profesional nabarmena duten lau adituk parte hartu dute, eta ziberfeminismoa, misoginia digitala edo ziberindarkeria bezalako kontzeptuak azaldu dituzte bertaratutakoen hausnarketa sustatzeko.

Águeda Gómez soziologoa Pontevedrako Diputazioko eta Vigoko Unibertsitateko Feminismo 4.0 Katedraren zuzendaria da, eremu digitalean berdintasuna sustatzeko. Gomezek indarkeria matxista digitalen prebalentziaz eta tipologiaz hitz egin du.

Granadako Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle Rocío Vizcainok ziberbortxaketei buruzko doktore-tesia egin du, eta sexu-indarkeriaren pertzepzio soziala eta horrek biktimei ematen dien arretan duen eragina aipatu ditu.

Eva Cruells psikologoak bere esperientzia partekatu du genero indarkeria digitalei arreta feminista emateko ildo bat koordinatzerakoan. Bestalde, Marina Amoresek, Gaming Ladies, emakumeentzako soilik den bideo-jokoaren sortzaileak, sektore horretan gertatzen diren taktika matxistak azaldu ditu.